Mundua

Borroka berri baten loraldia

Ikuskizun dago Erdoganen kontra kaleak hartu dituen mugimenduak zer bilakaera izango duen. Oraingoz, gobernuaren erantzun gogorrak argudioak eman dizkie borrokan jarraitzeko.

Zekine Turkeri / Istanbul
2013ko ekainaren 18a
11:05
Entzun

Gezi parkean ez dago jada hemezortzi egun iraun duen gudaren arrastorik. Ez kanpin dendarik, ez dena doan zen Iraultzaren merkatuaren zantzurik, ezta pankartarik ere. Are gutxiago, polizia auto errerik.

Istanbulgo Poliziak dena bildu zuen 24 orduan, eta beste 24 ordu nahikoa izan ziren udalak parkea txukuntzeko. Emaitza harrigarria da, parkeak ez du zer ikusirik larunbat gauean zenarekin. Baina duela hiru asteko parke bera ere ez da. 200.000 lore landatu ditu Istanbulgo Udalak, 5.000 arrosa, ehun arbola, eta banku berriak ere jarri ditu.

Hori guztia gertatu da Taksimekin Elkartasuna Plataformak, hemezortzi egunean aurrez ezagutu gabeko erresistentzia eraman duenak Gezi parke xumean, han jarraitzea erabaki zuelako larunbatean. Harridura eragin zuen erabaki horrek, Turkiako Gobernuak agindua baitzuen ez zuela merkataritza gune bat egiteko egokitze lanekin aurrera jarraituko.

Protestekin jarraitzea erabakiko zutenik ez zuen uste Erdogan Aydin idazle eta historialariak, gai islamiarretan adituak: "Nire ustez, dendak kendu egin behar ziren, eta bakarra utzi, Taksimekin Elkartasuna Plataformarena, guardia egiteko. Baina gobernuaren curriculum txarrak eragin du protestan jarraitzea".

Erabaki hori eztabaidatu zuten erresistentzia taldeen batzar ugaritan izan zen Utku Zirig kazetaria, ingurumen gaietan aditua. Eta datu harrigarri bat eman du, arras argigarria: gobernuak, Recep Tayyip Erdogan lehen ministroak, zintzo eta gaizto artean banatu nahi izan ditu protestariak. Ekologistak ziren zintzoak, gehienak klase ertain-altukoak eta unibertsitarioak. Eta ezker muturreko taldeak ziren gaiztoak, Erdoganek "bazterreko" deituak eta haren arabera ekologista errugabeak manipulatzen ari zirenak. Bada, borrokari eustearekin "tematu" zirenak ekologista gazteak izan ziren, aurrez kalera protestan atereak, baina halako erantzun gogorrik inoiz jaso gabeak.

Batzarretan izan ziren bi jarrera horien adibide bat ere eman du Zirigek: Poliziarekin liskarrak izaten ohituta daudenetarik askok denda bakarra mantendu, plataformarena, eta gainerakoak kentzearen alde egin zutelarik, Bosforo unibertsitateko 19 urteko ikasle batek, gradu handiko epaile baten semeak, borrokan jarraitzea defendatu zuen sutsuki, "Turkian bertan eta nazioartean babes handia" jaso dutelako.

Aydin eta Zirig bat datoz: borrokak jarraitzea gobernuak eman duen erantzun gogorraren ondorio da. Hala gertatu ez balitz, uste dute taldeak erretiratu egingo zirela, denda bakar bat utzita.

Guztia kontrolatzeko nahiari egotzi dio Aydinek gobernuaren erantzun azkarra. "Jarrera horrexekin deitu zuen AKP gobernuko alderdiak nazioaren borondatea erakusteko mitinetara". Ankara eta Istanbulgo mitinetan turkismo islamista kontserbadorearen aldarria egin zuen gobernuak, oso eskuineko irudia agertuz herri borondatearen erakusgarri bakar gisa. "Protestariak, hain justu, horren kontra egiteko atera ziren kalera. Poliziaren neurrigabeko indarkeriak eta Gezikoen kontra eman duten mezuak ez du itxaropenik ematen etorkizun hurbilari begira".

Protestak eteteko zantzurik ez du ikusten Aydinek. Gobernua manifestariei argudioak ematen ari da, eta "tentsioak gora" egingo duela uste du: "Ez dakit kaleko mugimenduak zer garapen izango duen, baina errepresioak handitu egingo du gobernuaren eta harengatik jazarriak sentitzen direnen arteko amildegia". Gobernuari kontra-mitin militaristak antolatzeak kaltea ekarriko diola ere uste du Aydinek: "Badaukazu %50en babesa, eta ez daukazu izu gehiago eragin beharrik".

Erdoganen aurkako mugimendu berriak zer bide hartuko duen ikuskizun dago, Zirigen ustez. "Haiek ere ez daukate argi. Hori bai, ahal beste iraun nahi dute. Eta espero dut ez dutela gobernu islamistaren aurkako erreakzio islamista bat bilatuko. Hemen 70 urtean agindu zuten laizistek, eta hara zer lortu duten!".

Gezi parkearekin zer gertatuko den ere, hain txukun eta garbi, ez dago argi. Kazetariek soilik dute sarbidea, irudiak mundura zabaldu eta gobernua milaka bazter nahastaile baino ekologistagoa dela erakusteko. DISK eta KESK sindikatuetako eta hainbat kolegiotako langileak alferrik saiatu ziren atzo parkera sartzen. Urrutitik ere ezin izan zituzten Gezi parkeko arbola berriak ikusi, orain bai, Poliziak babestuak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.