Irakeko eta AEBetako goi funtzionarioak komunikatu bateratu bat prestatzen ari dira, AEBek Iraken dituzten borrokarako tropen erretiratzea iragartzeko. Hala jakinarazi dute The Wall Street Journal eta Politico hedabideek. Zabaldu duten informazioaren arabera, urte amaierarako erretiratu egingo ditu tropa horiek Etxe Zuriak, eta Iraken egiten ari den "misio militarra" aldatu egingo du. «Aholkulari» izango da aurrerantzean. AEBetako bi funtzionario eta beste bi pertsona aipatu ditu iturri gisa Politico-k.
Aldaketaren berri datorren astelehenean emango dutela diote bi hedabideek, Mustafa al-Kadhimi Irakeko lehen ministroa Joe Biden AEBetako presidentearekin Washingtonen bildu odoren.
«Misio» berriak aurreikusten du AEBek bere armadako hainbat kide herrialdean mantentzea —ez dute zehaztu zenbat, ezta noiz arte ere—, eta horiek aholkularitza eta babes logistikoa ematea Bagdadi EI Estatu Islamikoaren aurkako borrokan; baita aireko babesean, zerbitzu sekretuetan eta zaintzan ere. Zabaldutako informazioaren arabera, baliteke AEBek Iraken duen soldadu kopuruan aldaketa handirik ez izatea —2.500 inguru ditu egun—, eta, aldiz, borrokarako soldaduak bestelako gaitasun batzuek dituztekin ordezkatzea, urtea bukatu bitartean.
Gaiaren inguruan Pentagonoan ari dira eztabaidatzen bi herrialdeetako funtzionarioak, bi hedabideen arabera, atzotik.
Zabaldutako informazioaren inguruko aurrerapen moduko bat egin zuen, aurrez, Irakeko lehen ministroak, The Washington Post egunkariari emandako elkarrizketa batean: «Irakiarrak prest daude zutik jartzeko eta babesteko. Jada ez ditugu behar borrokarako tropa estatubatuarrak». Hala ere, beste era bateko babesa beharko dutela aitortu zuen: «Zerbitzu sekretuak, gaitasunen garapena eta aholkularitza».
John Kirby Pentagonoko bozeramaileak, berriz, Irakeko goi kargudunekin bilerak egiten ari direla aitortu zion Politico-ri. Kirbyren esanetan, elkarrizketa horiek erakusten dute Joe Bidenen administrazioak «Ekialde Hurbileko euste puntu moduan» ikusten duela Irak.
Politico-k dio Kadhimik geroz eta presio handiagoa duela bere gobernu barruan; batez ere, «fakzio xiitena». AEBetako tropa guztiak erretiratzearen aldekoak lirateke horiek, agerkariaren arabera, eta gaur aurreratutako akordioaren bidez presio hori txikitzea nahi du Kadhimik.