Borrokek uzbeko gutxiengoaren exodoa eragin dute Kirgizistanen

Uzbekistanera ari dira ihes egiten uzbekoak, eta muga zeharkatzeko zain milaka lagun daudela ohartarazi dute hainbat erakundek

Kristina Berasain Tristan.
2010eko ekainaren 15a
00:00
Entzun
Kirgizistan eta Uzbekistan arteko mugan babesten ari dira uzbekoak, iragan ostegunean piztu ziren borroketatik ihes egite aldera. Exodoa masiboa dela ohartarazi dute hainbat erakundek. Jalahitdin Jalitatdinov Zentro Nazional Uzbekoko buruak zehaztu duenez, ehun mila lagun daude muga zeharkatzeko zain, batez ere haurrak, emakumeak eta edadetuak. Gurutze Gorriaren arabera, berriz, 15.000 dira mugan dauden uzbekoak. Mugaz bestaldera, berriz, jada 80.000 lagun igaro dira. Ox eta Jalal-Abad hirietan izan diren borrokek azken hogei urteetako latzenak izan direla adierazi du buruzagi uzbeko batek. Mukaddas Jamolovak Kara-Su herrian bizi dutenaren lekukotasuna eman du: «Ez daukagu nora joan, beldur gara, etxeratze agindua ezarri dute, baina gure etxeak erretzen ari dira, eta inor ez dator gu laguntzera». Oxen panorama latzagoa dela dio Galina Nikolaievnak: «Hiri osoan izua hedatu da».

Uzbekistanera edo mugara iritsi diren lagun askok bala zauriak dituztela jakinarazi dute. Sura-Tax herriko mezkitan ospitale bat ezarri dute. Lutsla Khamimov medikua bertan ari da laguntzen, bitartekoak eskasak badira ere. Khamimoven hitzetan, gertatzen ari dena ez da etnien arteko borroka, antolatutako zerbait baizik: «Gerra piztea nahi dute, jende ugari hil da, frankotiratzaileek urrunetik egiten dute tiro, eta talde militarren babesa dute, gero blindatuetan egiten dute ihes».

Bakiev susmagarri

Borroken jatorria zein den ez dago erabat argi,hasiera batean, bi etnien arteko indarkeria aipatzen bazen ere. Kurmanbek Bakiev presidente ohiaren jarraitzaileei leporatzen diete hainbat analistek liskarrak piztu izana. Bakiev duela bi hilabete bota zuten agintetik, eta hegoaldean du babes handiena, herrialdean gutxiengo diren uzbekoak pilatzen diren eremuan. Bakieven anaia batek kriminalen sostengua duela eman dute aditzera eta sare bat eratu zuela Aibek Mirsidikovekin. Mafia talde bateko buru hori iragan maiatzean hil zuten.

Kirgizistango behin-behineko gobernuak erreferendumera deitu du ekainaren 27rako, konstituzioa aldatze aldera, eta ordurako egoera ezegonkortu nahi izatea leporatzen diete presidente ohiaren jarraitzaileei, abiatutako prozesu politikoa zapuzte aldera. Legebiltzarrerako hauteskundeak, berriz, urrian dira egitekoak.

Rosa Otumbaieva behin-behinekopresidentea apirilean iritsi zen agintera. Bakievi ustelkeria eta nepotismoa baliatzea egotzi, eta haren kontra egin zuen oposizioak, hiriburuko protestek agintea uztera behartu zuten arte. Bakiev Bielorrusian babestu zen, eta handik esan du ez duela zerikusirik borrokekin. Bitxiena da hura ere Tulipen Iraultzari esker iritsi zela agintera, 2005ean; Askar Akadiev hamalau urtez agintean egon zen presidenteari leporatutako gauza berberak egin zituen berak ondoren, oposizioko ahots disidenteen kontra eginez.

Kirgizistanen 5,5 milioi lagun bizi dira, eta herritarren %70 kirgiz etniakoak dira. Uzbekoak, berriz, populazioaren %15 inguru dira, eta batez ere hegoaldeko eskualdeetan bizi dira. Ox hirian- herrialdeko handiena da hiriburuaren ostean, eta 220.000 lagun bizi dira- ostegunean hasi ziren borrokak. Kirgizistango hainbat tokitatik dozenaka gazte iritsi ziren, eta armak eta burdin barrak eskuetan, uzbekoak gehiengo diren auzoetan sartu ziren, eta etxeak eta dendak erre zituzten. Oxeko Txeriomushki auzo uzbekoa oraindik ere sutan dagoela jakinarazi dute hainbat lekukok.

Itxaropenerako zirrikituak

Kirgizistango armadak zailtasun handiak izan ditu bakea ezartzeko, eta larrialdi egoera ezarri badu ere, oraindik ere hainbat tokitan borrokan ari dira. Ox hiriko leku estrategikoak, baina, bereganatu dituztela jakinarazi dute, tartean eraikin publikoak. Egunotan, hala ere, 138 lagun hil direla eta beste 1.800 zauritu direla jakinarazi du Osasun Ministerioak.

Jalal-Abad hirira -hori ere mugan dago- larunbatean zabaldu ziren protestak. Tiroketak izan ziren han ere, eta uzbekoen etxeak erre dituzte. Hipodromoan bi mila lagun inguru babestu direla eman dute aditzera. Azken orduetan, baina, itxaropenerako zirrikituak zabaltzen ari dira, eta ez soilik borrokak apaltzen ari direlako, baizik eta, hainbat informazio iturriren arabera, bi komunitateen buruzagiek elkarrekin hitz egiteari ekin diotelako. Herriko ordezkari kirgizak eta uzbekoak ari dira hizketan, bi komunitateetako edadetuak. Farid Nijazov behin-behineko gobernuko eledunak zehaztu du bi hirietan egiten ari direla elkarrizketak eta, haren hitzetan, bide onean dira: «Bi aldeek onartu dute enfrentamenduak kanpotik eragin eta antolatu dituztela, eta horrek mesede egin dio jada normaltzen ari den egoerari».

Ihes egiten ari diren uzbekoei etxean gelditzeko deia egin diete agintariek, egoera azkar lasaituko dela aginduta. Etxerik gabe gelditu direnei, berriz, errefuxiatu guneak eraikiko dituztela agindu diete.

Fergana haran emankorrean aspalditik ezagutzen dute ezegonkortasuna. Hiru herrialdetan zatituta dago gaur egun eta jatorrizko biztanleak, etnia ezberdinetakoak, mugen alde batean eta bestean sakabanatuta gelditu dira, enklabeetan. Josiv Stalinek 1920. urtean ezarri zituen mugak, Kirgizistan, Uzbekistan eta Tadjikistan eratu zituenean. SESB Sobietar Errepublika Sozialisten Batasuna artean desegin gabe zegoenean borroka gogorrak izan ziren eskualde hartan kirgiz eta uzbekoen artean -Oxen ehunka lagun hil ziren 1990ean-. Bixkek hiriburua kontrolatzeko ahaleginek borrokak eragiten dituzte oraindik ere lantzean behin.

Kirgizistan Asia erdialdeko herrialde pobreena da, eta munduan Gerra Hotzeko bi potentzien base bana duen herrialde bakarra.



Sobietar Batasunaren ondorengo aliantzak neurriak iragarri ditu

CSTO Segurtasun Kolektiboaren Itunaren Erakundeak, Kirgizistanen bakea ezartze aldera, premiazko bilera egin zuen atzo. SESB Sobietar Errepublika Sozialisten Batasuna desegin ostean eratu zuten aliantza militar hori Errusiak, Bielorrusiak, Uzbekistanek, Kirgizistanek, Kazakhstanek eta Tadjikistanek; Armenia ere taldean da. Kirgizistanek egoerari aurre egin ezinean zela aitortu ostean, laguntza eskatu zion larunbatean Errusiari. Moskuk babesa ukatu zion orduan, erakundeko estatuekin batera hartu beharreko erabakia zela argudiatuta. CSTOko herrialdeak ados jarri dira neurriak hartzeko, baina ez dute jakinarazi zer neurri izango diren. Errusiak militarrak bidaltzea da aukeretako bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.