BOSNIA ETA HERZEGOVINA. SERBIAR ERREPUBLIKA. Independentziaren bila

Autodeterminazio erreferenduma egin nahi dute serbiarrek; bosniarrek, berriz, estatua zentralizatu nahi dute, Sarajevon.

Pau Bori
Banja Luka
2009ko uztailaren 11
00:00
Entzun
Beste independentzia prozesu bat sortzear egon liteke Jugoslavia izandakoaren bihotzean. RS Serbiar Errepublikako gobernua-Bosnia eta Herzegovinako erakunde serbiarra- autodeterminaziorako erreferendum bat egin nahian dabil milioi eta erdi biztanle dituen lurraldean. Horrela erantzungo lioke RSko hiriburu Banja Lukako gobernuak Europako Batasunaren estatua zentralizatzeko egitasmoari, Sarajevon zentralizatu nahi baitu konstituzio erreforma baten bidez.

Banja Lukan atzerriko hizkuntzak irakasten diharduen irakasle gazte bat da Sinisa Bundalo, eta, hark argi du bere identitatea: «Serbiar Errepublika da gure herrialdea, serbiarren bandera da gurea, eta aberkide serbiarren ondoan izango dugu beti arima, ez Bosniaren alboan». Banja Lukatik pasieran ibiliz gero, badirudi Serbiako edozein hiritan gabiltzala. Belgradeko egunkariak irakurtzen ditu jendeak, serbiarren bandera darabil haizeak airean, idazkera zirilikoa da ageriagoa da idazkera latinoaren aldean, eta, denda askotan, serbiarren selekzioko taldearen elastikoa dute salgai. Bosnia eta Herzegovinako taldearena aurkitzea ezinezkoa da.

«Serbiar Errepublikaren independentzia nahi dugu gehien-gehienok zalantza izpirik gabe, baina gaur-gaurkoz ez da egoera batere errealista». Vlatko Vukoticek Banja Lukako analistarik buruargienetako bat da eta, bere ustez, nazioarteko komunitatea proiektu horren kontra «irmoki» agertu delako «buruzagi serbiarrak ez dira ausartzen prozesua azkeneraino burutzen».

Azkeneko hilabeteetan, areagotu egin dira komunitate bosniar-tradizio musulmaneko bosniar-, serbiar eta kroaziarretako elite politikoen arteko tirabirak. Bruselak konstituzio erreforma bat galdegin dio Bosniari, Europako Batasunera gerturarazteko asmoz. Haris Silakhdzic buruzagi bosniarrak Serbiar Errepublika indargabetzeko eskatu du; RSko ministro Milorad Dodikek, aldiz, autodeterminaziorako eskubidea galdegin du serbiarrentzat. Dragan Covic Bosniako buruzagi kroaziarrak, berriz, autogobernu handiagoa nahi du kroaziarrak gehiengoa diren eremurako.

Bestalde, nazioarteko komunitateak Bosnian duen goi ordezkariak, Valentin Izkok, beto eskubidea baliatu du RSko parlamentuak oraindik orain emandako ebazpen bat baliogabetzeko; ebazpen horrek eragotzi egiten zuen etorkizunean eskuduntzak Sarajevoko estatu erakundeetara eskualdatzea.

Serbiar Errepublika 1995ean sortu zuten ofizialki, Daytongo (AEB) bake itunak hitzartu eta gero; itun haien bidez amaitu zen Bosniaren eta Herzegovinaren arteko gerra, hiru urtean iraun zuena. RSren barruan dago Bosniako eremuaren %49, eta hantxe bizi dira estatu osoko biztanleria osoaren %34 inguru, serbiar sezesionistak gehien-gehienak. Erabateko autonomiaz dihardu, eta bere gobernua eta biltzar nazionala ditu. Federazio Kroaziar- Musulmana da beste erakunde konstituziogilea; hamar kantonamenduk osatzen dute Federazioa, zein bere gobernuarekin eta epaileekin. Txandakako erregimen bidez aukeratzen dute estatuko presidentea; beraz, sei hilabetetik behin, gehiengoa duten hiru komunitateetako ordezkari batek hartu ohi du kargu hori.

Eraginkortasunik eza

Sarajevoko Slovodenje egunkariko analista Faruk Boricek azaldu duenez, «Daytongo itunak ez du inolako eraginkortasunik; guztira, 160 ministrok osatzen dute, eta daukan administrazio egiturak gure barne produktuaren ia erdia xurgatzen du. Hain zuzen ere, bada bosniarren artean oso ezaguna den txiste bat, honela dioena: 'Zoaz Sarajevo erdiguneko Tito mariskalaren kalera, eta egin oihu, ministro jauna!; baietz kaleko jendearen erdiak atzera begiratu'».

Hussein Orucevic politologoaren ustez, aurrerantzean ezin dute Daytongo itunek gobernatu Bosnia. Politologo bosniar hori «herritarren estatu» bat sortzearen aldekoa da, lehenaz bestelakoa izango dena, eta naziokako erakunde egungoa ordezkatuko duena. Iritzi berekoak dira bosniar guztiak ere, baina Bosniako serbiarrek nahiz kroaziarrek ez dute txintik ere entzun nahi konstituzio berri bati buruz, gaur egun duten autonomia galaraziko dietelakoan. Orucevicen iritziz, kontua da hiru komunitateek nahi dutela izan gehiengoa duen talde nagusia; izan ere, «herritarren estatu» berri bat sortzeak bosniarren komunitateari ekarriko lioke onura, Bosniako biztanleriaren %48 baitira, eskura dauden azken datuei -2000. urtekoei- erreparatuz; biztanleen %37 serbiarrak dira, eta %14 kroaziarrak. «Ezinezkoa izango litzateke serbiarrek eta kroaziarrek gehiengoa lortzea Sarajevon zentralizaturiko parlamentu batean», dio Banja Lukako analista Vlatko Vukoticek. Eta ondorio hau atera du, azkenean: «Serbiar Errepublikako gaur egungo autogobernua da, gure ustez, gutxieneko onargarria».

Jugoslaviaren «miniatura»

Serbiarren eta bosniarren ustez, Bosniako konstituzio berriak deszentralizatu egin beharko luke estatua, Belgikakoaren edo Suitzakoaren antzeko egitura bat baliatuta. Serbiarrak, kroaziarrak ez bezala, prest leudeke Daytonen hitzarturiko egiturari eusteko, autogobernu handia bermatzen baitie. Bosniarren komunitateak, aldiz, Bosniako pobreenetakoa izaki, konstituzioa lehenbailehen aldatu beharra dauka. Askotan adierazi ohi dute «etnia askotako estatu» bihurtu nahi dutela zinez, beste Jugoslavia bat balitz bezala, baina «miniaturazkoa».

Europako Batasunak 2.000 soldadu bidali ditu Bosniara, bake misioan, eta zentralizazioaren alde dago, nahiz eta buruzagi bosniarrek parte-hartze handiago galdegin dioten halako egitasmo bat gauzatu ahal izateko. Halaber, Sarajevoko elite politiko musulmanak espero du Barack Obamaren gobernu berriak lagundu egingo diela estatua bateratzen, irrika handiz desio baitute. Hala ere, oraingoz, Balkanak ez dira Etxe Zuriaren kanpo politikako lehentasunetako bat. Gogoan izan dezagun, gainera, serbiarren aliatu sendoa dela Errusia -nazioarteko kontseiluan, Bosnia ikuskatzen duenean, beto eskubidea dauka, Daytongo itunak ezarritakoaren arabera-; batik bat, orain, SRko petrolio enpresako jabea baita Gazprom.





Mende bateko ibilbide gatazkatsua

1908. Austria-Hungariako Inperioarekin bat egin zuen Bosnia eta Herzegovinak.

1918. I. Mundu Gerraren ostean, Serbiar, Kroaziar eta Eslovenia Erreinuko kide zen.

1941. Naziek okupatu zuten II. Mundu Gerran. Milaka serbiar, judu eta ijito kontzentrazio esparruetara bidali zituzten.

1945. Jugoslaviako Errepublika Sozialista bihurtu zen, Titoren armadak gerra irabazita.

1991. Nazionalistek irabazi zituzten bozak.

1992. Independentzia aldarrikatu zuen, erreferendumean baietza gailendu ostean.

1995.Daytongo bake akordioaren ostean, bitan zatitu zen; zati bat bosniar eta kroaziarrentzat, bestea serbiarrentzat.

2000. Nazionalistek irabazi zituzten Serbiar Errepublikako bozak.

2003. Estatuari egindako erreferentzia oro kendu zuten Serbiar Errepublikako Konstituziotik.



1995

Daytongo akordioa. Hiru urteko gerrari amaiera jarri zion 1995eko abenduaren 14an sinatutako Daytongo Akordioak. Bi entitate konfederatutan banatu zuten Bosnia eta Herzegovina: Bosniako Serbiar Errepublika (lurraldearen %49) eta Federazio Kroaziar-Musulmana (%51).



Bosniarrak, serbiarrak eta kroaziarrak bananduta bizi dira, politikari nahiz gizarteari dagokionez; nazio bakoitzean ikasketa plan bat daukate, historiaren ikuspegi kontrajarria darabilena.

Hirutan bananduta

P. Bori. Mostar

Inon ba ote da tokirik bi biztanletatik batek estatuko ereserkia eta bandera beretzat hartzen ez dituenik? Bideragarria ote da herrialde bat, non biztanleen erdiek nahiago baitute atzerritar pasaportea izatea norbere estatukoa baino? Bosnia eta Herzegovinan, duela 14 urtetik, horretan dihardu nazioarteko komunitatea. Atzerriko diplomazia da herrialdean botere politikorik handien duena. Diplomazia horrek baliogabetu egin ditu tokian tokiko parlamentuek onarturiko legeak, eta aldatu egin ditu demokrazia bidez hautaturiko ordezkari politikoak. Bosnian, esate baterako, nazioarteko konferentzia bat antolatu behar izan dute, autoen plaketako kolorea hitzartzeko; azkenean, atzerriko diplomaziak erabaki behar izan du. Halaxe aukeratu zituen txanpona, bandera eta ereserkia ere.

Bosniako hiru komunitateetatik, bosniarrek bakarrik sinesten dute Balkanetan etnia askotariko estatu bat egiteko ahalbidean. Serbiarrak eta kroaziarrak, aldiz, ez daude horretarako prest; Belgradetik edo Zagrebetik gertuago bizi dira, Sarajevotik -estatuko hiriburutik- baino. Futbolean, adibidez, bosniarrek bakarrik goratzen dituzte Bosniako selekzioa; beste bi komunitateetakoek, aldiz, askoz ere arreta handiagoz kontu egiten diete Kroaziako eta Serbiako selekzioei.

Denbora gerra osteko egunean gelditu izango balitz bezala, oraindik ere herri zeharo banandua da Bosnia eta Herzegovina, bai politikari bai gizarteari dagokionez. Nazio bakoitzeko eskoletan, zeinek bere programa berezia dauka, komunitate bakoitzak bere historia eskuliburua darabil. Batzuetan, bosniera irakasten dute, eta, besteetan, serbiera edo kroaziera, nahiz eta hiru hizkuntzak bat bera ziren gerra aurretik. Haurrentzat, heroi bat da Gavrilo Princip, 1914an Sarajevon Austria-Hungariako Inperioko oinordekoa hil zuen gaztea. Bosniarren eta kroaziarren liburuetan, ordea, terrorista gisa ageri da,I. Mundu Gerra piztu zuelako. Eta, jakina, eskuliburu bakoitzak bere erara interpretatzen du herrialde horretako gatazka armatua, duela gutxi sorturikoa.

Serbiarrik gehienak Serbiar Errepublikan bilduta bizi dira, Banja Luka hiriburutzat duenean. Bosniako beste erakunde konstituziogilean, Federazioan, bosniarrak eta kroaziarrak bizi dira, nahiz eta auzo eta herri desberdinetan bizi maiz. Sarajevon, bosniarrak dira gehiengoa, eta estatuko nahiz Federazioko hiriburua da.

Hiri zatitua

Mostar da lau milioi biztanleko herrialde honetako beste hiri bat, hirugarrena. Mostar bi auzok osatzen dute, bosniarren auzoak eta kroaziarrenak; badituzte bi ospitale, bi suhiltzaile etxe, bi futbol talde, eta, diotenez, baita bi mundu zeharo bestelako ere.

Garai batean fronteko lerro izandakoak hondakinen artean dirau oraindik ere,eta hark bereizten ditu kroaziarrak eta bosniarrak. Mostarko Hussein Orucevic politologoak azaldu duenez, «kroaziarren auzoko ikasleen %80 ez dira sekula izan hiriko alde zaharrean», musulmanen aldean baitago. Politologo bosniarrak berrogei urte ditu, eta, hark dioenez, «baldin eta hiria batzeko asmo politikorik izan balute, berreraiki egingo zuketen fronteko lerroa, alde bien arteko harremana zilegi egingo lukeen arkitektura bat baliatuta, batzuek eta bestek elkarrekin aiseago bizi ahal izateko; baina, ez, gerra ostean zegoenean lagata dago dena».

Monia Ivanovic kazetari kroaziarra da eta, hark esatera, oro har, ez du bere auzotik mugitzeko premiarik. «Nolanahi ere, gure zubi ospetsua ikustera daramatzat bisitari guztiak, ezinbestean»; musulmanen auzoan dago zubi hori, hala gaineratu du irribarretsu, bere etxe ondoan kafea hartzen ari delarik. Auzo bosniarrekoek baino auto hobeak dituzte. «Gerrak kalte handiagoak eragin zituen musulmanen auzoan, kroaziarren auzoan baino; orain, ordea, auzo bietakook jasotzen ditugu laguntzak», diosku atsekabeturik Aida Omanovicek, gobernuz kanpoko erakunde atzerritar batean lan egiten duen bosniarrak.

Bosniak datozen urteetan zein etorkizun izango duen asmatzea zaila da. Europako Batasunean sartuko ote den ere ez. Eutsi egingo al diete gaur egungo mugei, ala hirutan bananduta geratuko da?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.