Hasi da, Hagan, Ratko Mladicen aurkako epaiketa. Jugoslavia Ohirako Nazioarteko Zigor Auzitegiko fiskalaren alegatuak ireki du prozesua. Dermot Groome fiskalak erran du epaiketan frogatuko dutela Mladicek Bosnia «etnikoki garbitu» nahi izan zuela hango independentzia gerran (1992-1995). 11 delitu leporatzen dizkiote Bosniako serbiarren buruzagi militarra zenari, gerra krimentzat eta gizateriaren aurkako krimentzat sailkatuak guztiak, genozidioa barne. Mladicek errana du bere aurkako akusazioak «higuingarriak» direla, eta errudun ez dela ebazteko eskatu dio epaimahaiari.
Epaiketa hasi ordurako, prozesua gibelatzeko arriskua sortu da, «agiri garrantzitsu batzuk» azken orduan utzi dituelako fiskaltzak defentsaren esku. Alphons Orie epaileak erran du «ezusteko desatsegina» izan dela hori, eta «huts» horren ondorioak aztertuko dituztela. Serge Brammerz fiskaltzako buruak aitortu du agiri horiek garaiz kanpo aurkezteak Mladicen defentsaren prestaketari eragin diezaiokeela, eta ontzat jo du epaiketari «arrazoizko» luzapen bat ematea. Mladicen abokatuak, berriz, eskatu du epaiketak berezko egutegian jarraituz gero ez kontuan hartzeko fiskaltzak azken orduan aurkeztutako frogak, baina aukera hori baztertu du Brammerzek. Beraz, litekeena da gibelatzea. Gaur, fiskalek jarraituko dute alegatuarekin. Berezko egutegian, hilaren 29an jarraitzekoa da epaiketa, lehen lekukoen deklarazioekin.
Defentsak hitza ez hartzea erabaki du saioaren lehen egunean. Groomme fiskalak ziurtatu du frogatuko dutela «krimen bakoitzaren gibelean Mladicen eskua» dagoela, eta krimen horien «arrazoi bakarra» biktimen etnia izan zela; zehazki, Bosniako musulmanak izatea. «Erasoak genozidiotzat sailkatzeko bezain bertzekoak izan ziren», Groomeren iritziz.
Fiskalak oroitarazi du iragan larunbatean bete zirela hogei urte Mladicek Bosniako Errepublika Serbiarraren armadako buruzagitza hartu zuenetik. «Egun horretan, Mladicek erabateko parte hartzea hasi zuen jada martxan zegoen ahalegin kriminalean. Egun horretan, bide militarretik Bosnia etnikoki garbitzeko agindu kriminala jaso zuen. Egun horretan, nazioarteko krimen larrietan zuzenean nahasi zen». Groomek erran du ez zela «kasualitatea izan» xede horretarako Bosniako serbiarren lider politiko ohi Radovan Karadzicek armadaburutzat Mladic hautatzea. Karadzic ere Hagan dute preso, Mladicen espetxe berean, akusazio bertsuak egotzita. Haren aurkako epaiketa erdibidean da.
Srebrenica eta Sarajevo
Mladicek isilik aditu ditu akusazioak, baina ika-mika bat izan du Orie epaileak ikusleekin keinuka komunikatzen harrapatu duela eta. Ikusleen artean zeuden Srebrenicako sarraskian hildakoen senide batzuk. Haien arabera, Mladicek atzamarra lepora eramanez mehatxu egin die.
Srebrenicako sarraskiaren ardura da, hain zuzen, Mladicek aurre egin beharreko akusazio nagusia, Sarajevoko setioarekin batera. Groome fiskalaren arabera, Mladicen tropak «ongi prestatuta zeuden hilketaren ofizioan». Sarraskia 1995eko uztailean gertatu zen. Bosnia ipar-ekialdeko Srebrenica hiria hartu zuten indar serbiarrek. Herritar gehienak musulmanak ziren. Nazio Batuen Erakundeko 400 kasko urdin zeuden han, baina Mladicen tropen esku utzi zituzten zibilak. Soldaduek emakumeak eta gizonak bereizi zituzten, eta, lau egunen buruan, 8.000 lagun hil zituzten, ia denak gizonak, nerabeak eta zaharrak barne. Sarajevoko setioak, berriz, hiru urte iraun zuen, eta 10.000 lagun inguru hil zituzten, bonben eta frankotiratzaileen bidez batik bat.
Mladicen aurkako nazioarteko atxilotze agindua 1995ean eman zuen Hagak. Hamasei urte ezkutuan eman ondoren, iaz atxilotu zuten, Serbiako iparraldean. Serbia EB Europako Batasuneko kide izateko, Bruselak exijitu zion gerra krimenez akusatutakoak atxilotzeko, eta Mladic zen zerrendako azkena. Martxotik, EBn sartzeko hautagaia da Serbia.
Bosnia «etnikoki garbitu» nahi izatea leporatu dio fiskalak Mladici
Bosniako gerran serbiarren buruzagi militar izandakoaren aurkako epaiketa hasi da, Hagan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu