AEBetako primarioak

Bost estatutan irabazita, Trumpek ia eskura du errepublikanoen hautagaitza

Bart gauean bost estatutan egin dituzte bozketak, eta horietatik lautan Clinton gailendu da eta, bosgarrenean, Rhode Islanden, Sanders izan da nagusi. Emakume izatearen "abantailaz baliatzea" leporatu dio Trumpek Clintoni.

Donal Trumpek eskura du errepublikanoen hautagaitza. JUSTIN LANE / EFE
arantxa elizegi egilegor
2016ko apirilaren 27a
12:17
Entzun

Errepublikanoen presidentetzarako hautagai izateko bere burua aurkeztu zuenean, askok ez zuten pentsatuko lortuko zuenik, baina, bart gauean bost estatutan egindako bozketak gaindituta, aurkaririk gabe geratu da Donald Trump. "Ni naiz hautagaia" esanez igo da oholtzara enpresaria. Ez zaio arrazoirik falta; izan ere, 1.237 ordezkari eskuratu behar ditu errepublikanoen uztaileko goi bileran hautagaitza bereganatzeko, eta soilik 287 falta zaizkio. 390 ordezkariren aldea ateratzen dio Trumpek bigarrenari, Ted Cruzi.

Demokraten aldean, berriz, nabarmen aurretik doa lasterketan Hillary Clinton, baina bart gaueko lehian ez du nahi adinako abantaila lortu. Jokoan ziren bost estatuetatik lautan irabazi du; bosgarrenean, ordea, Bernie Sanders irten da garaile. Hala, Vermonteko senatariak, Clintonek egindako elkarlanerako deiari uko egin, eta iragarri du azkeneraino borrokatuko dela.

Orain, Clintonek 2.141 ordezkari ditu —242 behar ditu hautagaitza lortzeko—, eta Sandersek, 1.321 —1.282 beharko lituzke hautagai izateko—.

Presidentetzarako kanpaina

Oraindik hautagaitza ziurtatu ez duten arren, bi hautagaiek dagoeneko hasi dute presidentetzarako kanpaina ere, eta bart elkarren aurkako erasoak izan dira nagusi euren hitzaldietan. Clintonen "abantaila bakarra" emakume izatea dela esan du Trumpek: "Clintonek, gizonezkoa balitz, lortu dituen botoen %5 soilik eskuratuko zituen". Hautagai demokratak gogor erantzun dio: "Emakumeen osasunaren eta berdintasunaren alde egitea bada emakume izatearen abantailaz baliatzea, bada, bai, baliatuko naiz".

Trumpen bi aurkariek, Ted Cruzek eta John Kasichek, dagoeneko hasi dute kanpaina datozen primarioetarako: Indiana, Oregon eta New Mexiko. Hiru horietan elkarlanean aritzea hitzeman diote elkarri; izan ere, hori dute errepublikanoen hautagaitza eskuratzeko aukera bakarra.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.