Saudi Arabiako Fiskaltzak jakinarazi du bost lagun heriotzara zigortu dituztela Jamal Khaxoggi kazetariaren hilketarengatik. Horiekin batera, beste hiru akusaturi denera 24 urteko kartzela zigorrak ezarri dizkiete, eta Saud al-Qahtani absolbitu egin dute; Mohammed bin Salman Saudi Arabiako printze oinordekoaren aholkularia da, eta, fiskaltzaren eledunak azaldu duenez, ez dute haren aurkako frogarik aurkitu. Khaxoggi The Washington Post-en zutabegilea zen, eta oso kritiko agertu zen bere herrialdeko gobernuarekin.
Iragan urteko urriaren 2an, kazetari saudiarabiarra bere herrialdearen Istanbulgo (Turkia) kontsuletxean sartu zen, eta ez zen inoiz atera; eraikinean sartu eta hemezortzi egunera, Riadek aitortu egin zuen Khaxoggi kontsuletxean hil zela, «eraikinean zeuden pertsona batzuekin borrokatu ostean».
Garai hartan, Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidenteak beste bertsio bat zabaldu zuen: kazetaria «modu basatian» hil zutela, eta haren heriotza «aldez aurretik planifikatu» zutela; eta, beraz, Saudi Arabiako printze oinordekoak planifikazio lanetan parte hartu zuela. Ideia horri indarra emateko, Turkiako zerbitzu sekretuek kontsuletxeko ustez audio grabaketa batzuk filtratu zituzten, eta, horien arabera, Khaxoggi laurdenkatu egin zuten.
Saudi Arabiako Fiskaltza, ordea, beste ondorio batera iritsi da: «Ikerketek frogatu dute ez zegoela Khaxoggi hiltzeko asmorik, akusatuak eta hildakoak ez zeudelako etsaituta», azaldu du Xalaan al-Xalaan bozeramaileak. Saudi Arabiako printze oinordekoaren aholkulariarekin batera, fiskaltzak absolbitu egin ditu Ahmed Asiri zerbitzu sekretuen zuzendariordea eta Mohamed al-Otaibi Saudi Arabiaren Istanbulgo kontsula, haien aurkako frogarik ez dagoelakoan.
Hortaz, fiskaltzaren ondorioa ez dator bat Turkiaren eta Nazio Batuen Erakundearen (NBE) salaketarekin. Erdoganen kritikez gain, NBEk txosten argigarri bat egin zuen publiko iragan ekainean, Riaden aurkakoa erabat: horren arabera, «froga sinesgarriak» daude Bin Salman eta Saudi Arabiako goi kargudunak Khaxoggiren hilketarekin lotzeko.
Zehazki, 101 orrialdeko testuan, kasua ikertu zuten NBEren hiru behatzaileek ondorioztatu zuten Saudi Arabiako goi kargudunek «zerikusia» izan zutela hilketa horretan, eta dei egin zuten hilketari buruzko ikerketa haiei ere zabaltzera. Ez da halakorik gertatu.
NBEren lantaldea iragan urtarrilean izan zen Turkian —Saudi Arabiak ez zion utzi bere eremuan sartzen—, eta, Agnes Callard ikerlariak jakinarazi zuenez, bildutako frogek iradokitzen dute Saudi Arabiako printze oinordekoak eta goi kargudunek parte hartu zutela hilketaren planifikazioan: «Khaxoggi hiltzeko hamabost laguneko misioak gobernuaren koordinazioa, finantzaketa eta baliabideak behar zituen». Hortaz, Callardek gogorarazi zuen Riad «epaiz kanpoko exekuzio baten arduraduna» dela.p>
Turkiak bat egin zuen horrekin, eta horregatik agertu da oso kritiko sententziarekin. Atzerri Ministerioak komunikatu bidez adierazi duenez, epaiak ez ditu bete Ankararen eta nazioartearen «aurreikuspenak», heriotzarekin zerikusia duten «hainbat aspektu argitu gabe geratu» baitira.
Epaiketaren «opakotasuna»
Mugarik Gabeko Kazetariak (RSF) nazioarteko erakundearen idazkari nagusiak bide beretik jo du sententziar kritikatzeko orduan, eta argudiatu du epaiketak ez dituela bete «justiziaren nazioarteko eredu estandarrak».
Christophe Deloirek Twitter sare sozialaren bidez adierazi duenez, «prozesuaren opakotasunaren eta froga elementuak ezkutatu izanaren ondorioz, ezin dugu jakin zeren arabera zigortu eta absolbitu egin dituzten».