MUNDUA

Bost lagun hil dira Egipton, Poliziaren eta Anaia Musulmanen jarraitzaileen arteko liskarretan

Konstituzioari buruzko erreferenduma egiten ari dira Egipton gaur-biharretan, eta baiezkoak aise irabaziko duela espero da. Muturreko segurtasun neurriak ezarri dituzte bozkaleku inguruetan.

2014ko urtarrilaren 14a
16:19
Entzun

Hasi dira bozkatzen Egipton. 52 milioi egiptoar daude deituta estatu kolpearen ondotik eginiko konstituzioa berresteko erreferendumean bozkatzera. Gaur eta bihar egingo den konstituzioaren herri galdeketak ezusteko gutxi utziko ditu. Hala diote, behintzat, inkestek. Hiru aukeren artean baiezkoaren alde egingo omen du balantzak. Egiptoko araudi berria babesten duten indar politikoen aburuz, herritarren %70ek baino gehiagok konstituzioa onartuko dute. Anaia Musulmanek boikota iragarri dute.

09:00etatik 21:00etara —Egiptoko ordutegian— zabalik egongo dira bozkalekuak. Segurtasun neurri handiak jarri badituzte ere liskarrak izan dira, eta gutxienez bost lagun hil dira Anaia Musulmanen jarraitzaileen eta Poliziaren arteko istiluetan. Gobernuak ez du halakorik baieztatu. Halaber, bozkalekuak zabaldu baino une batzuk lehenago, lehergailu batek eztanda egin du Kairoko Imbaba auzoan. Ez da inor zauritu.

Iragan azarotik baiezkoaren aldeko kanpaina bortitza egin dute agintariek, eta estatu estrategiaren ondorioak biziki nabaritu dira Egipton. Gamal Abdel Gawad Soltan Kairoko Unibertsitate Amerikarreko irakaslea da. Haren iritziz, parte hartze handia baldin bada baiezkoak aise irabaziko du: "2012ko konstituzioaren gaineko erreferendumean herritarren %35ek baino ez zuten bozkatu. Ziur naiz oraingoan egiptoar gehiago animatuko direla botoa ematera. Hori izango da armadaren garaipenik handiena". Oraingoz, ordea, kanpoan bizi diren egiptoarrek bakarrik bozkatu dute, eta erregistratuta daudenen artean, %10ek besterik ez du botoa eman.

Hain zuzen, herritarren partaidetza bultzatzeko, bi egunetan egingo da erreferenduma. Herrialde osoan dauden 30.000 bozkalekuak gaur eta bihar egongo dira irekita. Herritarrek edozein egunetan eta nahi duten bozkalekuan bozkatu ahal izango dute. Agintariek ez dute ezustekorik nahi, eta, horregatik, muturreko segurtasun neurriak ezarri dituzte. Abdel Fatta Al-Sisi Defentsa ministroak "segurtasun plan berezi bat" onartu du, eta 160.000 soldadu baino gehiago atera ditu kalera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.