Bart ere liskar gogorrak izan dira Mohamed Mursi Egiptoko presidentearen aldeko eta kontrakoen artean Kairon, eta bost lagun hil dira eta 466 zauritu. Presidentzia jauregiaren ondoan borrokatu dira. Abenduaren 15erako Konstituzio berriari buruzko erreferendumera deitu zuen Mursik duela bi aste. Horrek tentsioa sortu du Egipton.
Haren aurkakoek Anaia Musulmanen miliziei egotzi dizkiete erasoak, eta gaurko hiru martxa deitu dituzte Kairon.
Mahmud Meki presidenteordeak Konstituzio berriko artikulu gatazkatsuak negoziatzeko proposamena egin dio oposizioari. Proposamena bere erabakia dela esan du, ez diola oraindik aipatu Mursiri. Honen aldekoek aurkariek jarrita zeukaten kanpaleku bat hustu dute Kairon, eta horren ostean istilu larriak izan dira bi aldeetako kideen artean.
Atzo gutxienez bi pertsona hil ziren liskarretan.