Bart gauean lau orduko tiroketa bat izan da Turkiako Poliziaren eta PKK-ko kideen artean Silopi herrian, Sirnak probintzian, Irakeko mugatik gertu. Tiroketan, PKK-ko hiru kide zendu dira, eta, orotara, zortzi zauritu izan dira, Firat berri agentziak zabaldu duenez.
Iragan uztailean Turkiak PKKren kontrako bonbardaketak hasi zituenetik, hamabi bat militante hil dira. PKK-k, berriz, hamazazpi polizia eta soldadu hil ditu su-etena ezerezean gelditu zenetik.
Bestalde, bi pertsona hil dira tiroketa batean Iran eta Turkia arteko mugan. Hurriyet egunkariak jakinarazi duenez, PKK-k errepidea eten eta kontrol bat ezarri du. Autobus bat gelditu ez, eta tiro egin diote PKK-ko gerrillariek, gidariaren alboan zihoan gizonezko bat hilik. Une batzuk geroago, tiroketa bat izan da PKK eta Turkiako armadaren artean, eta Turkiako sarjentu bat hil da.