Cambridgen, Massachusettseko Institutu Teknologikoan izandako tiroketa baten ostean —polizia bat hil dute—, Bostongo atentatuaren ustezko egileetako bat atxilotu zutela jakinarazi zuen Middlesex barrutiko Fiskaltzak, eta ospitalean hil dela. Tiro zauriez gain, leherketa batek eragindakoak izan daitezkeenak ere bazituela jakinarazi dute ospitaleko iturriek. Massachusettseko tiroketak jazarraldi bat eragin du, eta bi susmagarrien atzetik Watertowneraino iritsi dira poliziak. Bidean, ustezko atentatugileek autotik lehergailuak jaurti dizkietela ere adierazi du Poliziak. Watertownen etxeratze agindua ezarri dute, eta bigarren susmagarriaren bila ari dira etxez etxe.
Bostongo maratoiaren amaieran bi lehergailu zartarazita astelehenean egin zuten atentatuaren ondoren, FBIk bi susmagarriren argazkiak zabaldu zituen atzo. Atzo gauean, Massachusettseko Institutu Teknologikoan polizia bat hil zuten tiroz, eta ondorengo jazarraldiak Watertown herriraino eraman ditu poliziak. Atentatuaren ustezko egileetako bat hil du poliziak, eta bigarren susmagarria izan litekeenaren bila ari dira etxez etxe. Bostondik 16 kilometrora dagoen herrian etxeratze agindua ezarri dute. Ihesean dabilena "terrorista arriskutsu bat" izan litekeela jakinarazi diete herritarrei, eta etxetik ez irteteko ohartarazi dute.