Afganistan

Boterea partekatzea eskaini die Kabulek talibanei, borrokak etetearen truke

Ghazni ere milizien esku da gaur goizaldetik, eta AEBetako informazio agentziek ohartarazi dute 90 egunen buruan eroriko dela Kabul. Urtea hasi zenetik 390.000 herritarrek utzi behar izan dituzte beren etxeak, borroken ondorioz.

Gero eta desplazatu gehiago daude Chamanen, Pakistango mugan, talibanek pasabidea noiz zabalduko zain. AKHTER GULFAM, EFE
arantxa elizegi egilegor
2021eko abuztuaren 12a
11:53
Entzun

Gaur eguerdian amaituko dituzte Afganistango Gobernuaren eta talibanen arteko elkarrizketak Dohan. Hiru egun egin dituzte bertan alde bietako ordezkariek, AEBen bitartekaritzarekin, baina, gaur-gaurkoz, ez dute akordiorik lortu. Miliziek su-etena egiteko inolako asmorik ez dutela ikusita, baina, bake akordioetan jasotako eskaintza berretsi die Axraf Ghani presidentearen gobernuak, boterea partekatzea, erasoak gelditzearen truke. Proposamena ez du ofizial egin Kabulek, baina haren gertuko iturriek zabaldu dute informazioa.

Talibanek, baina, abantailaz jokatzen dute. Dagoeneko kontrolpean dute iparralde osoa, tartean hamar probintzia hiriburu —Ghazni izan da eskuratu duten azkena, gaur goizean—, eta mugako eskualde ia guztiak. Hala, Ghaniren gobernua gero eta bakartuago geratzen ari da, nahiz eta Washingtonek aurreratu aire erasoak gogortuko dituela, hiriburuari eusteko. Laguntzak laguntza, AEBetako informazio zerbitzuek ez dute itxaropenik Kabulgo gobernuarengan; izan ere, ohartarazi dute 30 eguneko epean miliziek hiria inguratua eta bakartua izango dutela, eta beste 60 egun aski izango dituztela hura ere menpean hartzeko.

Washingtonek egindako aurreikuspenak ez dirudi oker handirik duenik, kontuan izanda orain arte eskuratutako hirietan ordu gutxiko borroka nahikoa izan dutela talibanek. Dena den, ez da guztietan hala izan; Lashkar Gahn, Helmand probintziako hiri nagusian, hainbat egun daramatzate borrokan miliziek eta armadako indar bereziek. Talibanek, baina, aurrera egiten jarraitzen dute, eta gaur goizean zabaldu dute hiriko polizia etxe nagusia hartu dutela. Kandaharren, berriz, eskualdeko espetxea hartu dute, eta mila presotik gora askatu. Aldi berean, Ghazniko gobernadorea eta eskualdeko beste hainbat goi kargudun atxilotu egin dituzte Kabulerako bidean, eskualdea talibanen esku uztea egotzita.

Horiek hala, Ghanik laguntza eskatu dio nazioarteari eta «neurri gogorrak» hartzea galdegin: «Talibanek hirien aurka egindako eraso ankerrak gerra krimenak ere badira kasu batzuetan, eta giza eskubideen urraketa larriak eta giza hondamendia eragin dute herrialdean». Estatuburuak oharra ere helarazi dio nazioarteari, nabarmenduz talibanek herrialdearen kontrol osoa hartzen badute ugaritu egingo direla «mugimendu terroristak», ez bakarrik Afganistanen, baita nazioartean ere.

NBE Nazio Batuen Erakundearen arabera, giza krisiak ere okerrera egin du gatazka gogortu ahala. Urte hasieratik 390.000 pertsonek utzi behar izan dituzte beren etxeak borroketatik ihesi. Apiril eta uztail bitartean, 5.800 desplazatu heldu ziren hiriburura. Han, hirian, egoera ez da, ordea, askoz hobea: argindar orduak gutxiago dira egunetik egunera, edateko ura ere ez da guztientzako iristen, eta gobernuak ez du nahikoa baliabide iritsitako iheslari guztiei aterpea emateko. Desplazatuen artean beldurra da nagusi. Inork gutxik jartzen du zalantzan Ghanik gerra galdua duela, galdera nagusia beste bat da, zer egingo ote duten talibanek hiriburura sartzen direnean.

Bien bitartean, Pakistanen ahotik heldu da talibanen erantzuna. Imran Khan lehen ministroak iturriek jakinarazi dute miliziek ez dutela negoziazioetan aurrera egiteko asmorik, baldin eta Ghanik agintean jarraitzen badu: «Botereak Ghaniren esku jarraitzen duen bitartean, ez dute gobernuarekin hitz egingo».

Etxe Zuriak babesa eskaini dio Afganistango Gobernuari, baina soilik airez, izan ere, Joe Biden presidenteak ez du herrialde hartara itzultzeko inolako asmorik, eta eusten die irailaren 11rako militarrak handik kanpo izateko asmoei. 2020ko bake akordioan sinatutakoari eusten dio Washingtonen, alegia, talibanek ez zietela nazioarteko tropei erasoko, betiere haiek erretiratzen baziren. Akordio hark bazuen bigarren zati bat ere, non gobernuak eta talibanek su-eten iraunkor bat adostu zuten, eta boterea partekatzea hitzartu. Bigarren puntua, ordea, hutsean geratu da.

Laguntzak laguntza, herrialdeak hasiak dira euren diplomazialariak herrialdetik ateratzen. Erabakia iragartzen azkena Danimarka izan da. Horrez gain, baina, gobernuaren porrota aurreikusita, Alemaniak eta AEBek iragarri dute talibanak boterera helduz gero bakartuta utziko dutela herrialdea, eta diru laguntzak kenduko dizkiotela. «Ez dugu zentimo bakar bat ere bidaliko herrialde hartara, talibanek kontrola hartu, xaria legea ezarri eta kalifa herri bat sortzen badute. Haiek badakite ezingo diotela botereari eutsi nazioartearen laguntzarik gabe», berretsi du Alemaniako Atzerri ministro Heiko Maasek —Berlinek 430 milioi euroko laguntza ematen dio urtero Kabuli—. Maasek gaineratu du Alemaniak mahai gainean zuela herrialde hartara luzaroko misio militar bat bidaltzea Kabuli laguntzeko, baina aitortu du AEBen baliabide militarrik gabe ez lukeela etorkizunik izango.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.