IRAKEKO OKUPAZIOA

Boterea utzi eta urtebetera beste erasoaldi bat hasi dute okupazio indarrek

Legebiltzarreko dekanoa, haren semea eta hiru bizkartzain hil dituzte eraso suizida batean

Erredakzioa
2005eko ekainaren 29a
00:00
Entzun
Irak okupatu zuen koalizio militarreko administrazioak boterea agintari irakiarren eskuetan utzi eta urtebetera, odola erruz isuri zen atzo Iraken. Erresistentziak eraso andana egin zuen. Legebiltzarreko diputatu dekanoa, haren semea, eta hiru bizkartzain hil zituzten, ildo horretan, eraso suizida batean. Bagdaden, Bakuban, Falujan, Kirkuken, Samarran eta Mussaiben ere erasoak izan ziren. AEB Ameriketako Estatu Batuetako Armadak, bien bitartean, beste operazio erraldoi bat abiatu zuen atzo Al Anbarren. George Bush presidenteak estatubatuarrei soldaduak herrialdean mantentzeko beharraz konbentzitzen saiatu zen telebista agerraldi batean, gehiengoak gerra eusteari arbuio egiten dionean.

Dari Ali al Faiad xiita diputatu dekanoa zen 87 urte zituen Legebiltzarrean. Bagdadetik 25 kilometro iparraldean dagoen Al Rashidia herrian ekintzaile suizida batek bonba-autoa leherrarazi zuen diputatuaren autoaren kontra.Abu Amer leinu xiitako diputatua, haren semea eta hiru bizkartzain hil ziren erasoan. Irakeko Aliantza Batua koalizio xiitako zerrendan hautatua izan zen diputatua iragan urtarrilaren 30eko bozetan. Legebiltzarrean gehiengo osoa lortu zuten eta, biltzarkide zaharrena izanda, berak egin zuen lehen saioko irekiera hitzaldia. Al Faiad, ez da ordea, erresistentziak hiltzen duen aurreneko diputatua. Lamia Abed Khaduri xiita hau ere iragan apirilaren 27an hil zuten tiroz Bagdaden. Freidun Abdel Kader diputatu kurdua eta Mishaane Juburi sunita, berriz, onik irten ziren euren kontra atentatu saioetatik.

'Ezpata operazioa'

Human Hammudi legebiltzarkideak gogor kritikatu zuen diputatuaren kontrako erasoa: «Al Faiad hil dutenak gure herria suntsitu nahi duten kriminal hutsak dira eta hauekin hitz egiteko saioetan ibiltzen direnak ere gure etsaiakdira». Ameriketako Estatu Batuetako Defentsa idazkari Donald Rumsfeldi zuzendu zizkion hitzok, zuzenean edo zeharka, legebiltzarkideak; izan ere, joan den igandean erresistentziako ordezkariekin harremanetan egon zirela adierazi zuen Rumsfeldek.

Washingtonek, bien bitartean, erresistentziaren kontrako beste operazio bat abiatu zuen atzo. Saif (Ezpata) izena jarri dio operazioari. Al Anbar mendebaldeko eskualdera, ildo horretan, mila soldadu inguru bidali dituzte erresistentziako kideei aurre egiteko. Eufrates ibaiaren ertzean dauden Haditha eta Hit herrien artean bildu dira soldaduak. Gerrilla irakiarrak, baina, gogor egiten jarraitzen die okupazio indarrei. AEBetako Armadako bi soldadu hil eta beste hiru zauritu ziren atzo, ildo horretan, bi erasotan.Balad herriko base militarraren ondoan izandakoeraso suizidan soldadu bat hil eta beste bat zauritu zen. Tikriten, berriz, bonba-auto bat leherrarazi eta beste soldadu bat hil eta bi zauritu ziren. Falujan iragan ekainaren 3an izandako segada baten ostean desagertuta zeuden bi soldaduen gorpuak aurkitu dituztela jakinarazi zuen ere Pentagonoak.Erresistentziak, haatik, agintari irakiarrak eta hauen segurtasun indarrak dituzte gehienetan euren erasoen jomugan.Bakuba hiriko polizia etxe batetik hurbil, ildo horretan, bonba-auto bat leherrarazi eta bost polizia hil eta beste bederatzi zauritu zituzten atzo arratsaldean. Samarra hirian beste polizi-etxe baten aurkako atentatuan zazpi polizia eta soldadu irakiar hil ziren. Mussaieb herriko ospitalean jarritako polizia bulegoan, aldiz, ekintzaile suizida batek bere burua zartarazi zuen, polizia bat hil eta beste hamazazpi pertsona zaurituz. Kirkukeko poliziako buru Talar Abdala jeneralaren aurka egin zen atentatu saioan, berriz, zibil batek bizia galdu zuen eta hiru bizkartzain zaurituak izan ziren. Bagdad hiriburuan bertan ere polizia bat tiroka hil zuten eta astelehen arratsean, aldiz, Jumeilat leinuko buruzagi Sheik Mishaane Abbas hil egin zuten Falujan.

Gutxienez 29 hildako

Eraso hauetan guztietan, beraz, gutxienez 29 pertsona hil ziren atzo. AEBetako presidente George Bushek, dena den, soldaduak herrialdean jarraituko behar dutela adierazi zuen atzo gauean telebistan egindako zuzeneko agerraldian.Horren beharraz konbentzitzen saiatu zen okupazioa gero eta gutxiago sostengatzen duten estatubatuarrak. Fort Braggeko (Ipar Karolina) base militarretik egin zuen hitzaldiaren aurretik, doluminak adierazi zizkien 2003. urteko martxoaz geroztik herrialdean hil diren 1.730 soldadu estatubatuarren senitartekoei. Boterea agintari irakiarren esku utzi zuenetik urtebetera herrialdean egoerak hobera egin duela nabarmendu zuen Bushek.The Washington Post egunkariaren inkesta baten arabera, herritarren %56k gaizki iritzi dio egun okupazioari.

Etxe Zuriko eledun Scott McClellanek, presidentearen agerraldiaren aurretik, soldadu estatubatuarren egonaldia ez dela oraingoz amaierarako bidean ohartarazi zuen atzo: «Gure soldaduak etxeratzekotan, euren misioak bururatuta egon beharko du». Donald Rumsfeld Defentsa idazkariak herenegun egindako adierazpenak, alta, beste norabide batean ziren; izan ere, erresistentzia segurtasun indar irakiarrek amaituko zutela esan zuen.Irakeko presidente Jalal Talabanik, berriz, erresistentziari aurre egiteko eta batasun nazionalaren alde lan egiteko deia luzatu zien irakiarrei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.