Abdoulaye Wade hirugarrenez aurkeztuko da Senegalgo presidentetzara, gaur egingo dituzten bozetan. 2000. urtean, lehen aldiz presidente hautatu zutenean, hitzeman zuen legegintzaldi bakarra egingo zuela karguan. 2007an, baina, hitza hautsi eta berriz aurkeztu zen; baita bozak irabazi ere —oposizioak iruzurra salatu zuen—. Orduan, 2000. urteko agintza berriz ere hartu, eta esan zuen presidentetzara aurkezten zen azken aldia izango zela. Gaur, ordea, presidente izateko hamalau hautagaietako bat izango da Wade. Oposizioak «boterean betikotu nahia» egotzi dio buruzagi senegaldarrari, eta salatu dute «estatu kolpe konstituzional bat» eman nahi duela konstituzioak ezartzen duen gehienezko bi legegintzaldiko muga hautsita.
Konstituzio berria onartu zutenetik —2001ean— behin bakarrik aurkeztu dela argudiatu du presidenteak, eta «bigarrenez» aurkezteko eskubidea duela horrexegatik. Urtarrilaren 27an, Senegalgo Konstituzio Kontseiluak ontzat eman zuen Waderen hautagaitza, eta erabaki horrek giroa gaiztotu zuen herrialdean. Hauteskunde kanpaina gatazkatsua izan da, oposizioak kalera jo baitu eskatzeko haren hautagaitza erretira dezatela, eta Poliziak bortizki erantzun baitu. Gazteak atera dira, batik bat, protesta egitera.Etxeak eta autoak erre dituzte, kalean barrikadak jarri dituzte, eta Poliziari harrika erantzun diote.
Nazioarteak lasaitasunerako deia egin du. NBE Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusi Ban Ki-moonek indarkeria gaitzetsi du, eta «neurriz» aritzeko eskatu die alde guztiei. Modu baketsuan biltzeko eskubidea errespetatzeko ere exijitu die agintariei; izan ere, hainbat egunetan, poliziek ez diete utzi oposizioko kideei manifestazioak egiten. Horrez gain,Senegalen tradizio demokratiko luzea gogorarazi du Banek, eta bozak «baketsuak eta gardenak» izatea espero duela adierazi du.
Hala ere, oposizioko alderdiek pentsatzen dute Wadek irabazi ko duela gaurko bozetan iruzur eginda, eta horrexegatik eskatu dute haren hautagaitza legez kanpokotzat jotzeko. 2007ko hauteskundeetan, botoen %50 baino gehiago eskuratu zituen lehenengo itzulian, baina salatu dute orduan ere iruzurra egin zuela. Izan ere, urte hartako inkestetan, bozen %30 lortuko zituela iragarri zuten. Ordukoa berriz gertatzeko beldur direla jakinarazi dute.
Langabezia eta ustelkeria
Presidentetzarako bozen atarian piztu diren liskarren atzean badira beste arrazoi batzuk, adituen esanetan. Besteak beste, prezioek asko egin dute gora azken urteetan. Pobrezia eta langabezia hazteak ere herritarren atsekabea handitu du. Segurtasunaren alorrean ere, egoerak okerrera egin du, eta ustelkeria eguneroko kontua da herrialdean. Oposizioko kideek salatu dute gobernua diru publikoa xahutzen ari dela. Horrek guztiak liskarrak elikatu dituela diote adituek.
Agintariek, berriz, Idrissa Seck oposizioko Rewmi alderdiko buruari egotzi diote azken asteotan izan den indarkeria. Waderen lehen ministroa izan zen Seck 2002tik 2004ra, baina Wadek kanporatu egin zuen, ustelkeria egotzita. Adiskidetzeko saioak antzuak izan ziren, eta Seckek bere alderdi propioa eratzea erabaki zuen. 2007ko bozetan, gehien bozkatutako hautagaietan bigarrena izan zen, botoen %16 eskuratuta. Idy4president koalizioaren hautagaia da orain, eta adituek diote presidenteari aurre egiteko aukera duen bakarretako bat dela.
Alderdi Sozialistako buru Ousmane Tanor Dieng da bigarren itzulira igarotzeko esperantza duten beste hautagaietako bat. 1960an Frantziatik independentzia eskuratu zuenetik 2000. urtera, hain justu ere, sozialisten gidaritzapean egon zen Senegal. Wadek hautsi zuen sozialisten ordura arteko lidergoa. 2007an, hirugarrena izan zen Dieng, eta aurkariek orduko porrota egotzi diote. Diengek oposizioan egin dituen urteetan, ordea, alderdia indartzea lortu du, baita bere ospea handitzea ere.
Hautagaien artean dira, besteak beste, Macky Sall eta eta Moustapha Niasse, Waderen agintaldian lehen ministro izandakoak biak. Senegalgo historian lehen aldiz, bi emakumezko ere aurkeztu dira presidentetzara, Amsatou Sow Sidibe unibertsitateko zuzenbide irakaslea, eta Diouma Diakhate jostuna. Baina, inkestek diotenez, horiek ez dute irabazteko aukerarik.
Oposizioak bat egin du Wadekeskubiderik ez duela berriz aurkezteko. Dena den, ez dituzte indarrak bildu hautagai bakar batean, eta horrek presidenteari bozak irabazteko aukera handiagoa ematen diola azaldu dute adituek.
Boterea, semearen esku
Senegalgo presidentearen seme Karim Wadek aitaren lekukoa hartuko duela diote herrialdean. Are gehiago, oposizioko alderdiek salatu dute Wade semeari bide egiten ari dela.
Zeruaren eta lurraren ministroa deitzen diote Karimi lekuko prentsan, ironiaz. Izan ere, lau ministerio garrantzitsu ditu bere esku: azpiegiturena, aire ibilgailuena, energiarena, eta nazioarteko kooperazioarena. 2009an, Dakarreko alkatetzara aurkeztu zen Waderen semea. Oposizioak irabazi zuen, ordea, eta Waderentzat umilgarria izan zen porrot hura. Orduan, aitaren gobernuan pisuzko tokia egin zioten Karimi. Oposizioak salatu du aita-semeek plana egin zutela Karim hurrengo presidente izateko, hiriburuko alkatetzatik ospea hartuta. Orain ministerio garrantzitsuenak emanda semeari bide egiten ari dela ere salatu dute.
Boterean betikotzea leporatu dio oposizioak presidenteari Senegalen
Wadek gaurko bozak irabaziz gero, hirugarren aldiz hartuko du kargua, legeak ez onartu arren; protesta ugari izan dira
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu