KRISIA HAITIN

Boteretik «indarrez kentzeko saioa» salatu du presidenteak

Aristideren aurka altxatutako oposizioak dio aurki kontrolatuko dituela Haitiko iparraldea eta erdialdea

2004ko otsailaren 18a
00:00
Entzun
Inauterien karietara tentsioak behera egingo zuela bazirudien ere, atzo zenbait iturrik jakinarazi zuten herenegun Haitiko ipar-ekialdean dagoen Hinche hiriko polizia etxeari eraso egin ziotela Armadako 50 bat soldadu ohik. Hango iturrien arabera, erasogileek Jonas Maxime poliziaburua eta bere bi bizkartzainak hil eta komisariako gainerako poliziakideek amore ematea lortu zuten. Bitartean, Jean-Bertrand Aristide presidenteak bera boteretik indarrez kentzeko saioa salatu zuen atzo The New York Times egunkarian. Azaldu zuenez, soilik berak salba dezake herrialdea gerra zibiletik.

Nolanahi ere, presidenteari aurre egiten dion Erresistentzia Fronteak adierazi zuenez, aurki Haitiko iparraldea eta erdialdea kontrolatuko ditu. Halaxe mintzatu zen erakundeko buru Etienne Winter herenegun gauean. Hinche hiria menpean hartu ondoren Saint Marc eta Cap Haitien hiriak jomuga dituztela ezagutarazi zuen. Erantsi zuenez, Fronteari 200 ekintzaile armatu lotu zaizkio, Guy Philippe polizia komisarioak eta paramilitarren buru ohi Louis Jodel Chamblinek bilduta. Aristidek «terrorista» iritzi zien Hincheko polizia etxeari eraso zietenei.Jakin zenez, erasoaren ondotik hiriko zenbait bizilagunek elikagaiak eta ekipoak hartu zituzten polizia etxetik.Aristidek atzo gogoratu zuenez, Haitik 32 estatu kolpe izan ditu. «Emaitza orain duguna da: miseriatik pobreziarako trantsizioa. Ez dugu estatu kolpe batetik bestera pasatu behar, hautatutako presidente batetik bestera baizik». Protestak protesta, kargua 2006ko otsailaren 6a arte ez duela utziko nabarmendu zuen. «Ene erantzukizuna triskantza bat eragoztea da». Oposizioko kideei armak uzteko eta Legebiltzarrerako bozak lehenbailehen egiteko elkarrizketa politikoa hasteko eskatu zien.Zentzu horretan, Norvegiako Atzerri Ministerioak atzo baieztatu zuen Haitiko Gobernuko eta oposizioko ordezkarien arteko bilera bat prestatzen ari dela. Bilkura martxoaren hasierarako egitea nahi duela zehaztu zuen Osloko gobernuak.

Okerrerantz doan egoera

2000ko azaroan, irregulartasun salaketen artean, Aristideren alderdiak bozak irabazi ondoren, protesta franko izan ziren. Opozioak eta atzerriko zenbait gobernuk esaterako, Etxe Zuria botoen zenbaketa bere neurrira moldatzea egotzi zioten. Harrezkeroztik haserrea areagotzen joan da.

Oposizioak batez ere Gizarte Zibilaren eta Alderdi Politikoen Plataforman bildua uko egiten dio hauteskundeetan parte hartzeari, baldin eta aurretik presidenteak dimititzen ez badu. Ameriketako Estatu Batuek, bitartean, atzerriko hainbat erakundek igorritako diru laguntza blokeatu dute, guztira 145 milioi bat dolar. Aurtengo urtarrilean, Haitiren independentziaren 200. urteurrenean herritarren eta oposizioko kideen protestak areagotu ziren. Behiala Aristideren aliatu eta jarraitzaile izandako asko, tartean militar batzuk, haren kontra altxatu ziren. Otsailaren 5ean, berriz, Port-au-Prince hiriburuan piztutako istiluek 55 heriotza baino gehiago eragin dituzte orain arte, eta matxinoek hiriaren zatirik handiena kontrolatzen dute.

Miamiko Unibertsitateko aditu eta Haitiko giza eskubideen inguruan ikertzaile izandako Irwin Stotzkyren iritziz, Aristidek dimititu edota botatzen badute, ez da inor egongo haren lekua hartzeko. Adituaren esanetan, badirudi oposizioko bi talde nagusiek Armadako kide ohiekin osatu dutela beren indarren gehiengoa. Gaineratu duenez, «han-hemenkako eta noizbehinkako matxinadak egon arren, bi aldeetan giza eskubideen urraketekin, Aristidek babes politikoa du oraindik, baita 6.000 poliziaren gaineko kontrola eta agindua ere».

AEBetako Estatu idazkari Colin Powellekbaztertu egin zuen atzo Haitira soldaduak edota poliziak bidaltzea. «Aterabide baketsua aurkitzeak du lehentasuna, eta, hortik aurrera, Gobernuaren eta oposizioaren arteko akordio politiko bat ezartzen dela bermatzeko atzerriko segurtasun indarrak bidaltzea aztertuko genuke gero». Aristideren gainean zera esan zuen: «Libre eta demokratikoki hautatutako presidentea da».Dena den, hala Europako Batasunak nola Washingtonek berretsi egin dute Karibe osoa Kuba izan ezik barne hartzen duen CARICOM Karibeko Komunitate Ekonomikoaren erakundeak proposatutako bake plana errespetatu behar duela Haitik.Haiti okupatu eta haren baliabideak ustiatu zituen ohiko metropolia, Paris, bere aldetik, Haitira baketze indarrak bidaltzea aztertzen ari dela jakinarazi zuen atzo Dominique de Villepin Frantziako Atzerri ministroak. Bien bitartean, Haitiren auzoko herrialdeak, Dominikar Errepublikak, mugak itxiak ditu, matxino haitiarrek bi soldadu dominikar hil ondoren. Atzo, ordea, «krisia konpontzen laguntzeko» eskatu zion nazioarteko komunitateari.

-

Kronologia





1492: Kristobal Kolonbo uhartean lehorreratu eta Hispaniola izena jarri zion. Indiarren sarraskia hasi zen.

1697: Espainiak uhartearen mendebaldea Frantziari eman zion. Haiti edo Mendien Lurraldea izena hartuko zuen.

1801: Toussaint Louverture esklabo beltz ohi eta gerrillariak Haiti menperatu, esklabotza ezabatu eta uharte osoko gobernadore izendatu zuen bere burua.

1804: Haitiren independentzia.

1806: Haiti beltzen menpeko iparraren eta mulatoen menpeko hegoaren artean banatua.

1818-1843: Pierre Boyerrek Haiti batu zuen, baina beltzak boteretik at mantenduta.

1915-1934: AEBek Haiti inbaditu eta okupatu zuten. 1947 arte kontrol fiskala atxiki zuten.

1956-1971: François Duvalierrek estatu kolpea eman eta 1971 arte diktadura ezarri zuen.

1971-1986: Jean-Claude Duvalierrek aitaren lekua hartu zuen, harik eta herriak bota arte.

1986-1994: Hainbat gobernu militar eta zibil tartekatu ziren, tartean Jean-Bertrand Aristiderena.

2000: Bozetako irregulartasun salaketen artean presidente hautatu zuten berriz Aristide.

2001: Abenduan ustezko kolpe saioa egon zen. 12 hildako.

2004: Urtarrilean, independentziaren 200. urtemugan istiluak piztu ziren Aristideren kontra. Otsailean matxinada hedatu eta hainbat hildako izan ziren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.