Boto guztiak kontatu gabe zeudela, lerrook idazterako, Armadako jeneral ohi Susilo Bambang Yudhoyono jotzen zuten azken aurreikuspenek Indonesiako presidentetzarako hauteskundeetako garailetzat. Halere, lortutako portzentajea (%33,9) ez da aski izango zuzenki presidentetza eskuratzeko. Bigarren erronda bati ekin beharko dio botoen %24,9 erdietsi zituen Megawati Sukarnoputri egungo presidentearen edota oraingoz hirugarren geratu den Wiranto jeneral erretiratuaren (%23,8) aurrean garaipena berresteko.
Hauteskunde Batzordeko ofizialek bart azaldu zutenez, boto baliogabeen gainean izan daitezkeen eztabaidak direla eta, atzo ez ziren gai ziurtatzeko zein igaroko den bigarren txandara, Sukarnoputri ala Wiranto. Bigarren bozketa heldu den irailaren 20an egingo dute.Hautagai batek gutxienez hautesleen %50en babesa behar du zuzenki bozak irabazteko, baina halakorik ez da gertatu. Atzo lehen aldia zen indonesiarrek presidentea zuzenki hautatzeko aukera zutena. Berau bost urterako aukeratzeko botoa eman zuten.Lehen zenbaketaz arduratu ziren NDI Institutu Nazional Demokratikoa Washingtonen du egoitza eta Jakartako LP3ES deitutako taldeak zeregin bera izan zuten joan den apirilean, Legebiltzarrerako bozetan. Orduan aurreikuspen zuzena egin zuten.Yudhoyono Sukarnoputriren gobernuko Segurtasun ministroa izan zen iragan martxoan kabinetea utzi zuen arte. Pixkanaka herritarren artean itzala handitzen joan da, bereziki hauteskunde kanpainan. Sukarnoputri, ordea, erreformazale askoren babesa galtzen joan da, batez ere, prezioen igoera, langabezia handia eta ustelkeria kasuak direla eta.Kanpainan ia indarkeriarik izan ez den arren, bigarren txandan bi lehiakideen jarraitzaileen arteko istilu posibleez ohartarazi zuen Yudhoyonok.
INDONESIA
Boto guztiak zenbatzeke, Yudhoyono jeneral ohia jotzen dute garailetzat
Ez dago argi bigarren txandan norekin lehiatuko den presidentetzarako
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu