Botoak galdu arren, Galesen berriz nagusitu dira laboristak

2007ko maiatzaren 5a
00:00
Entzun
Galesko Legebiltzarrerako hauteskundeetan, boto eta diputatu gutxiago lortu arren, berriz ere Erresuma Batuko Alderdi Laboristaren adarrak lortu zuen atzo boto gehien, Rhodri Morgan Galesko lehen ministroa buru. Hala, lehen zituen 29 diputatuetatik hiru galduta, 26rekin geratu dira orain laboristak. Bigarren Plaid Cymru alderdi abertzalea geratu da, orain arte bezala, baina hiru diputatu gehiago lortu ditu. Orain 15 ordezkari ariko dira Cardiffko Senedd legebiltzarrean. Ganberak 60 diputatu dituenez, gehiengo absoluturik gabe geratu dira laboristak.

Alderdi Kontserbadoreak bere 12 eserlekuei eutsi die, baita Liberal Demokratek beren sei eserlekuei ere. Aldiz, John Marek, Forward Wales alderdiko buru ohi -laborista ohia ere bada- eta bere izenean alderdia eraiki duen independenteak, bere eserlekua galdu du, Wrexham barrutikoa, laboristen mesedetan. Alta, beste independente batek eserlekua lortu du Parlamentuan: Trish Lawk, Blaenau Gwent barrutian.

Morgan lehen ministroak egunotan esana zuen laboristek emaitza txarrak izanez gero dimisioa emango zuela. Alabaina, aski kontent agertu da emaitzekin: «Geure buruak tente eduki ditzakegu». Hari jarraiki, «egoera goibela aurreikusten zutenak oker zeudela» erakutsi du bere alderdiak. Heldu den astean barne eztabaida egingo dute gobernu osaketari begira.



ABERTZALEAK, ROL HANDIAGOA NAHI. Plaid Cymru pozik agertu da emaitzekin, eta Legebiltzarrean «rol handiagoa» jokatzeko asmoa adierazi du. «Hautesleek esan dute ez dutela gehiengoa duen alderdi bakar bat nahi [Gobernuan]. Kontuan hartuko dugu», esan du Rhodri Glyn Thomas diputatuak. Beste alderdiekin koalizioa egitea aztertuko dute. Eskoziako abertzaleen kasuan legez, Galesen ere lehen aldiz musulman bat ariko da diputatu, Mohammed Asghar, Plaid Cymrurekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.