Baglanen, Afganistango iparraldean, polizia kontrol bati eraso zioten. Kunduzen, iparraldean baita ere, hautesleku baten aurka egin zuten. Bonba batek polizia etxe bat txikitu zuen Takharren; eta bozkaleku batean gauza bera egitekotan ziren bi erasotzaile suizida atxilotu zituzten Paktikan. Kandaharren bi misil jaurti zituzten, eta Kabulen, bi gizon hil zituzten, tiroz. Bozkalekuak zabalik izan zituzten denbora tartean egin zituzten horiek eta gehiago; gutxienez 26 lagun hil dira. NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeak, hala ere, segurtasun aldetik bozak «arrakastatsuak» izan direla adierazi du.
Beldurraren kanpaina
Asteburuan bonba-auto bat leherrarazi zuten NATOko egoitzaren aurrean, Kabulen. Kolpe gogorra izan da, nazioarteari urtetako ahalegin antzuak aurpegiratzeko modukoa: demokratikoki inork aukeratu ez baditu ere, gerra haiek irabazten ari dira.
Alabaina, Hamid Karzairen jarduneko gobernuak normaltasun itxura saldu nahi izan du. Horrek esandakoak entzunda gezurra dirudi Afganistanen gerran daudela. Baina Ameriketako Estatu Batuek herrialdean lehen bonbak jaurti zituztenetik, 2001etik, urterik bortitzena izaten ari da aurtengoa. Iazko lehen sei hilabetekoarekin alderatuz, aurten %24 hildako gehiago zenbatu dituzte. Eta urtea amaitu arte ez da aurreikusten egoerak hobera egingo duenik. Gerra inoiz ez da hain presente izan.
Afganistango heren bat baino gehiago dute kontrolpean talibanek. Hegoaldeko Helmand eta Kandahar probintzietan, baita Pakistanekin muga egiten dutenetan ere borrokak etengabeak dira. Gainontzeko probintziak ere ez dira seguruak: orain arte talibanen eraginpetik salbu egon badira ere, ipar eta mendebaldean erasoak ohikoak bihurtzen hasi dira.
Herrialdea «zibilizatzeko» egindako ahaleginen azken gotorleku bihurtu dute Kabul. Hala ere, hangoak beldurtzeko adina indar badutela erakutsi dute ekintzaile islamistek. Harrotasunez erakutsi ere: atzerriko inoiz baino kazetari gehiago kanpainaren azken hondarrak jarraitzen ari zirenean, zeinen eta NATOren aurka egin zuten.
Agintetik egotzi zituztenetik aurrera egin dute talibanek, eta herritarren artean sostengu zabalagoa dute. «Indar okupatzaileek herrialde batean denbora jakin bat egiten duenean, aurkako erreakzioak ugaritu egiten dira». Herritarren sostengua eskuratu badute, arrazoi horrexegatik dela uste du Robert Fisk kazetaribritainiarrak. «Talibanak ez dira egun batetik bestera itzal handiko bihurtu. Okupazioaren aurkako indar nagusi direlako lortu dute afganiarrengandik hainbeste sostengu». 2002an, Kandahar inguruak bisitatu zituenean jada, pazientzia galduta nabaritu zituen herritarrak Fiskek.
Afganistango hegoaldeko probintzia hori talibanen bastioi izan da, eta hala da oraindik -nazioarteak han zabaldu ditu soldadu gehien-. Eta hain segurtasun baldintza kaskarrak daude, ezen CICR Gurutze Gorriaren Nazioarteko Batzordea besterik ez dela gelditzen behinola hango herritarrei laguntza ematen zieten gobernu kanpoko erakundeetatik. Horren arrazoia eman du Karl Mattli erakunde horretako kideak: «Talibanen artean azpitalde gehiegi daude. Buruzagi batek lan egiteko baimena ematen badigu ere, gerta liteke beste batek horren berri ez izatea, eta beraz, zure lana oztopatzea».
Talibanen aurkako lehen bonbak jaurti zituztenetik ez dute aurrera egiterik lortu AEBek Afganistanen; hala ere, Al Kaeda garaitzeko,21.000 soldadu gehiago bidaliko ditu hara Barack Obamak.
Gerrak emaitzarik ematen ez duenean
I.Zubiaurre.Sobietarrak, 1970eko hamarkadaren amaiera aldera, egun nazioarteko koalizioak dituenak baino bi aldiz soldadu gehiagorekin ahalegindu ziren herrialdea inbaditzen. Eta, hala ere, ezin izan zuten. Erretiratu egin ziren azkenean. Nola demonio lortuko dute orain estatubatuarrek?». Robert Fisk Erresuma Batuko kazetari beteranoak ez du zalantzarik, Afganistan inperioen hilerri izan da, eta izango da aurrerantzean ere. «1982an armada britainiarrak sekulako porrota sufritu zuen. Errusiarrak 1980ko hamarkadan garaitu zituzten». Alejandro Magnoren garaitik Afganistan menderatzen ahalegindu diren potentzia guztiek egin dute huts. AEBentzat ere ez du patu hoberik aurreikusten aditu horrek.
Barack Obamaren estrategia berriak ere ez du dagoeneko Afganistanen Mendebaldeko demokrazia ezartzea helburu. Espektatibak nabarmen txikitu dituzte: Al Kaeda kontrolpean hartzen bilduko dituzte indarrak. Atzo egin zituzten presidentetzarako hauteskundeei berebiziko garrantzia aitortu die presidente estatubatuarrak. Eurek egindako lana baloratzeko aukera dira bozak; hala, hauteskunde iruzurra izanez gero, duela zortzi urte hasitako misioari nabarmen eragingo diola azaldu du Caroline Wadhams, Garapen Amerikarrerako Zentroko kideak. Egindako ahalegin guztiak hutsaren pareko izan direla aurpegiratzea modukoa litzateke, izan ere, zortzi urtean egindako urrats demokratiko bakanetakoak ere porrot egitea.
Bozak «historikotzat» jo baditu ere, Washington ez da presidentetzara aurkeztutako hautagai baten alde lerratu. Ezta Hamid Karzai 2001etik agintean egondakoren alde ere -talibanak gobernutik egotzi zituztenean AEBek jarri zuten Karzai presidente karguan-. Adituek azaldu dutenez, Washingtonen eta Karzairen arteko harremanak nabarmen gaiztotu dira azken hilabeteetan. Jaap de HoopScheffer NATOko idazkari nagusi izandakoak berak aski ongi azaldu du Mendebaldeak Karzaiz duen iritzia: «Afganistango arazoa ez da hainbeste talibanena, gobernatzeko modu kaskarrarena baizik».
Emaitzarik ez
«Jarrera berarekin egiten dut topo behin eta berriro. Bereziki AEBetan nagoenean. Gure demokrazia ereduak edonon injektatu ditzakegula dirudi. Berdin dio halakoetarako tradiziorik existitzen den edo ez». Fisken ustez, AEBek herrialde bat inbaditzen duten bakoitzeko zein helbururekin egiten duten argitzea da arazoa; alegia, edo «arrazoi moralengatik» egiten duten edo beste edozein interesek bultzatuta. «Afganistango barnealdeko norbait genero arteko berdintasunaren onurez konbentzitzen ahalegintzen banaiz, ez dut ezertxo ere lortuko. Henrike VIII.ari demokrazia parlamentarioaren onurez hitz egitea bezala da». Adituen ustez, Afganistanen lortzen den edozein urrats nazioartearen esku hartzerik gabe lortuko da.
2001etik lortutakoak esku bakarreko hatzekin kontatu ahal badaitezke ere -kritikoenen ustez, herrialdeak okerrera besterik ez du egin okupaziotik-, Obamak ez du etsi. Bere kanpaina militarra han zentratu du. «Afganistango matxinada ez da goizetik gauera sortu, eta desagertu ere, ez da goizetik gauera desagertuko», adierazi du orain gutxiAEBetako presidenteak. «Ez dugu ahaztu behar, hala ere, hau ez dela guk aukeratutako gerra. Beharrezkoa da gerra hau. 2001eko irailean AEBak eraso zituzten horiek berak berriro gauza bera egiteko prestatzen ari dira».Hitz horiek entzunda badirudi Obamaren diskurtsoa ez dela George Bush bere aurrekoak egiten zituenetik oso bestelakoa.
Eta hain zuzen, Afganistango gerra ezinbesteko ikusten duelako, Obamak 21.000 soldadu gehiago bidaltzea erabaki du. Eta zifra hori handitu daiteke datozen hilabeteetan. Izan ere, datorren urtean Obamak Afganistanerako 68.000 milioi dolarreko aurrekontua onartu dezan nahi du Pentagonoak -Irakerako onartutakoa baino gehiago litzateke hori-.
Eta diru hori guztia atzemateko moduko emaitzak ematen ez dituen gerra baterako. Washingtonek Afganistan eta Pakistanerako izendatutako diplomazialari Richard Holbrookek berak, izan ere, garaipenetik urrun daudela aitortu du: «Emaitzak iristeko daude oraindik. Ikusten dugunean jakingo dugu arrakasta izan dugula».Eta gerrak zerbaitetarako balio izan duela erakutsiko duten zantzuak hemendik sei urtera ager daitezke; Think Tank taldeak egindako lanak Afganistanen aurkitutakoaren gisako erresistentziari aurre egiteko 14 urte behar direla baitio. Eta sei urte diru asko da, hildako gehiegi, eta gerra bat galtzeko aukera handiegia, finean.
Kronologia
2001eko urriaren 7a. Afganistanen lehen bonbak jaurti zituzten AEBek eta Erresuma Batuak. Osama Bin Laden Al Kaedaren ustezko buruzagia Washingtonen esku uztearen aurka agertu ziren agintean ziren talibanek. Horregatik hasi zuen nazioarteko koalizioakAfganistanen aurkako gerra.2001eko abenduaren 5a. Nazioarteko koalizioa militarrak Kabul hiriburua hartu zuen, eta talibanak agintetik egotzi zituen. Hamid Karzai behin-behineko gobernuko buruzagi izendatu zuten.
2004ko urriaren 9a. Presidentetzarako hauteskundeak irabazi zituen Hamid Karzaik.
2005eko irailaren 18a. Parlamenturako hauteskundeak egin zituzten, 30 urtean lehen aldiz. Probintzietako buruzagiak ere egun horretan bertan aukeratu zituzten.
2006ko urriaren 5a. NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeak aurrerantzeannazioarteko tropek egingo zituzten operazio guztien gaineko kontrola eta ardura hartu zuen bere gain.
2007ko abuztua. Opioa inoiz baino gehiago ekoitzi zela ohartarazi zuen NBEk.
2008ko uztailaren 7a. Indiak Kabulen duen enbaxadan egindako eraso suizidan 41 lagun hil ziren.
2008ko iraila. George Bush orduko AEBetako presidenteak 4.500 soldadu gehiago bidaliko zituela iragarri zuen.
2009ko otsaila eta martxoa. Barack Obama AEBetako presidenteak 21.000 soldadu gehiago bidaliko zituela iragarri zuen.
2009ko uztailaren 2a. AEBetako 4.000 marinek erasoaldia hasi zuten Helmanden; talibanek opio gehien ekoizten duten eskualdean.
2009ko uztailaren 31. Atzerriko tropentzat hilabeterik okerrena amaitu zen; 75 soldadu hil ziren uztailean.
2009ko uztailaren 15a. Talibanek egindako eraso suizidan zazpi lagun hil ziren.
2009ko abuztuaren 15a. NATOk Kabulen duen egoitzaren atarian erasoa egin zuten talibanek. Hauteskunde kanpainan ziren oraindik. Zazpi lagun hil ziren atentatuan.
2009ko abuztuaren 20a. Presidentetzarako hauteskundeak egin zituzten. Talibanek eraso andana egin zuten.