Benjamin Netanyahuren Likude alderdiak irabazi ditu legebiltzarrerako hauteskundeak. Botoen %88 zenbatuta, 30 eserleku lor ditzake jarduneko lehen ministroaren zerrendak. Garaipenak zapore garratza du, ordea. Izan ere, iaz egindako bozekin alderatuta sei eserleku gutxiago lortuko lituzke Netanyahu, eta hori gutxi balitz bezala, ez dirudi orain arteko babesekin parlamentuan gehiengo osoa eskuratzeko beharrezko 61 eserlekuak izango lituzkeenik. Azken urteko alderdiek lehen ministroaren alderdiarekin bat eginda ere 52 diputaturen aldeko botoa izango luke Nertanyahuk.
Atzotik, Netanyahuk gobernua osatzeko adinako babesik izango ote duen da jakin-min handien pizten duen gaia. Ziurtzat jotzen da Shas eta Toraren Judaismo Batua alderdi ultraortodoxoaren sostengua izango duela. Gakoa Yamina alderdi ultraeskuindarrak izan dezake. Baina haren babesak ere ez lioke parlamentuaren gehiengoa izatea bermatuko Netanyahuri. Izan ere, gutxienez 61 diputatu behar dira horretarako, eta, Yaminaren babesarekin ere 59 izango lituzke Likudek —Yaminak zazpi eserleku ditu—. Eskuin muturreko alderdiak, ordea, ez du baieztatu Netanyahu babestuko duenik.
Boto gehien eskuratu dituzten alderdietan bigarrena da Yair Lapid buru duen Yesh Atid alderdia , 17 eserleku lortuta. Arabiar Zerrenda Batua alderdi islamistak ere ordezkaritza izango du legebiltzarrean, bost eserleku eskuratuta. Alderdiko zerrendaburu Mansour Abbasek aurreratu du ez dutela inorekin koalizioan joateko konpromisorik, eta prest daudela alde guztiekin hitz egiteko, beti ere besteek eurak baztertzen ez badituzte. Likudek gehiengoa lortzeko aukera bat izango luke haien babesarekin, baina alderdikide denak ez datoz bat islamistekin elkartzearekin. Osasun ministrorde Yoav Kischek, esaterako, argi utzi du nahiago lukeela berriz bozetara jo, islamisten botoak baliatu baino.
Netanyahuk zundaketen emaitzak ospatu du bart Twitterren: «Begi bistakoa da Israelgo herritarrek eskuineko gobernu indartsu eta egonkor bat nahi dutela, Israelen ekonomia, segurtasuna eta lurrak babesteko. Horixe egin dugu!», idatzi du. Baina gerora jakin diren emaitzek pentsarazten du orain arteko lehen ministroak zail izango duela kargura itzultzea. Horrez gainera, Netanyahuk gobernua osatzeko adina babes lortu ezean, hark eta Urdina eta Zuria aliantzako buru Benny Gantzek aurreko koalizio gobernua osatzeko hitzartutako akordioa hartuko litzateke aintzat, eta azaroaren 17an Gantz bilakatuko litzateke lehen ministro, betiere, Netanyahuk aurrez bozetara deitu ezean.
Dena den, jarduneko lehen ministroa tartetik kendu nahi dutenek ere ez dute horretarako nahikoa babesik eskuratu. Orotara, 56 eserleku izango lituzkete, eta haiek ere islamisten beharra izango lukete gehiengo osoa eskuratzeko. Alde horretatik, ezkerreko Meretz alderdiko kideek eskua luzatu diete Yaminako kideei, euren blokera jauzi egin dezaten, eta Lapid bera prest agertu da islamistekin hitz egiteko, haiek Netanyahu babes ez dezaten.
Bi urteko epean egin dituzten laugarren hauteskundeak izan ziren atzokoak, eta, aurrekoekin alderatuta, nabarmen handitu zen abstentzioa. Parte hartzea, berriz, 2009az geroztik txikiena izan zen: botoa eman zezaketenen %67,2k bozkatu zuten. Emaitza osoak, berriz, ostiralerako espero dituzte.
Adierazpenik ez
Espero gabeko emaitzak eskuratu dituzte eskuineko alderdiek azken bozetan. Koronabirusaren aurka hartutako neurriek, eta txertaketa kanpaina azkarrak bere aldeko botoa bultzatuko zuen esperantza zuen Netanyahuk, baina ez da hala izan, eta hauteskunde gauean azken bozetan ohiko izan duen garaipen hitzaldia leundu behar izan du eskuineko buruzagiak.
Azken orduetan ere ez du agerraldirik egin 2009tik Israelgo gobernuburu denak, eta elkarrizketak egitea debekatu die alderdikideei ere, gutxienez negoziazioak nondik nora joan ote daitezkeen argitu bitartean. Gauza bera iragarri du Xas alderdiak ere, taldeko diputatu batek Zerrenda Arabiar Batuarekin hitz egiteko prest leudekeela bota ostean.
Bi urtean egiten dituzten laugarren hauteskundeak dira honako hauek. Aurrekoetan ere luze jo dute negoziazioek, eta lortu diren akordioek ez dute urtebete baino gehiago iraun.