Israel

Botoen %90 zenbatuta, eserleku bat gehiago luke Gantzek Netanyahuk baino

Botoen %10 zenbatzea falta dela, 32 eserleku lituzke Urdina eta Zuria zentroko koalizioak, eta eserleku bat gutxiago luke Benjamin Netanyahu jarduneko lehen ministroaren Likud alderdiak. Bietako inork ez du izango gehiengo osorik, eta derrigortuta egongo dira akordioak bilatzera.

Beni Gantz, Urdina eta Zuria koalizioko burua. ATEF SAFADI, EFE
arantxa elizegi egilegor
2019ko irailaren 18a
08:15
Entzun

Israelgo Hauteskunde Batzordearen arabera, Zerrenda Arabiar Batua hirugarren alderdi bozkatuena litzateke, 13 eserlekurekin. Bederatzi ordezkari izango lituzke Shas alderdi ultraortodoxoak Parlamentuan, eta aulki kopuru bera izango luke Israel Gure Etxea eskuin muturreko alderdiak ere. Toraren Judaismo Batua alderdiak, berriz, zortzi parlamentari eskuratuko lituzke. Zazpi egokituko litzaizkioke Yaminari, sei Laborismo-Guaesher koalizioari eta bost Batasun Demokratikoa ezkerreko alderdiari. Botere Judua alderdi arrazista Parlamentutik kanpo geldituko litzateke, botoen %3,25eko langa gainditu gabe.

Gantzek eta Netanyahuk ez dute gobernua beren kabuz eratzeko gehiengorik izango. Urrun gelditu dira gehiengo osotik. Gutxienez 61 parlamentari beharko lituzkete, 120 ordezkariko Parlamentuan. Beraz, negoziatzera behartuta egongo dira. Oraingoz, baina, Gantzek abantaila izango luke Netanyhuren aurretik.

Koalizioak osatzeko garaian, Avigdor Lieberman ultraeskuindarraren Israel Gure Etxeak izango luke giltza, Netanyahuri gehiengoa eskuratzeko bidea eman baitiezaioke. Liebermanek dagoeneko aurreratu du zer helburu izango duen: bere alderdiaren, Likuden eta Urdina eta Zuria alderdien arteko "koalizio liberal zabala". "Ez gara eseriko Alderdi Arabiarrarekin, zentzugabea da", ohartarazi du.

Emaitza ofizialen zain, Gantzek ez du baztertu Likudekin gobernu koalizioa osatzea. "Batasuneko gobernu koalizio bat nahiko nuke", esan du hark. Baina ez du Netanyahu gobernuan nahi, lehen ministroak argitzeke dituen ustelkeria auziak direla eta.

Azken emaitzak kaleratu bitartean, elkarrizketak hasi dituela iragarri du Netanyahuk. "Eskuineko bloke handi bat" osatzea litzateke bere helburua: "Ezin dugu gobernua osatu sionismoaren aurka dagoen eta Israelgo estatua onartzen ez duen alderdi batekin", ohartarazi du Zerrenda Arabiar Batuari erreferentzia eginez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.