PD zentro-ezkerreko koalizioa diputatuen ganberan eta senatuan garaile da momentuz. Senatuan, %55,5 zenbatuta dagoenean, Pier Luigi Bersaniren alderdiak %32,6 du; haren atzetik dira Silvio Berlusconirena (%29,5), Beppe Grillorena (%24) eta Mario Montirena (%9,2).
Senatuan ez ezik, diputatuen ganberan ere badirudi Bersaniren koalizioa nagusituko dela. Zentro-ezkerrak botoen %33,8 du, eta haren atzetik da Grilloren 5 Izar Mugimendua (%25,8). Ondoren Berlusconik gidatutako alderdia (%24,6) eta Montirena (%10,2).
Askotariko zundaketak
SkyTg24 kateak hauteslekuetan egindako azken zundaketak Silvio Berlusconiren alderdiari ematen dio garaipena senatuan, Bersaniren aurretik —%31,7 eta %29—. Beppe Grillorenak %25,1 luke, eta Mario Montiren alderdiak %8,5 senatuan. Diputatuen ganberan Pier Luigi Bersaniren zentro-ezkerreko alderdiak %34 luke, Berlusconirenak %29, Grillorenak %19 eta Montirenak %9,5.
RAI katearentzako Piepolik egindako zundaketak %35-37 ematen dio Bersaniren alderdiari diputatuen ganberan, eta %36-38 senatuan. Berlusconik %29-31 eta %30-32 izango luke, hurrenez hurren. Grillok %19-21 luke diputatuen ganberan eta %17-19 senatuan. Montiren alderdiak %8-10 eta %7-9, hurrenez hurren.
Gaur goizeko zazpietan zabaldu dituzte hauteslekuak Italian, eta 15:00etan itxi, gobernu berria aukeratzeko hauteskundeen bigarren egunean. Atzo, 08:00 eta 22:00 artean izan ziren hauteslekuak zabalik. 47 milioi herritar egon dira botoa ematera deituta.
Atzo, hautesleen %55 botoa ematera
Atzo 22:00etako datuen arabera, hautesleen %55,17 joan ziren botoa ematera; 2008ko bozetan baino %7,4 gutxiago. Italiako hedabideek jaitsiera hori nabarmendu dute, eta herritarren politikarekiko desilusioarekin lotu dute batez ere.
Legebiltzarreko bi ganberak berrituko dituzte: kongresuko 630 diputatuak eta senatuko 315ak. Lau gizonezko lehiatu dira: Pier Luigi Bersani, Silvio Berlusconi, Mario Monti eta Beppe Grillo. PD zentro-ezkerreko alderdiko Bersani da faborito, baina inkestek ez diote gehiengo osoa eman. Gainera, abstentzioak eta Grilloren 5 Izar Mugimenduaren gorakadak ustekabeko emaitza ekar dezakete.