Botswanako boskimanoei beren lurretara itzultzea onartu die Gorenak

Gobernuak kanporatu zituen Kalahari Erdiko Erreserbara bueltatu ahal izango dira, ebazpenari esker. GORDON BENNET. Kalahariko Erdialdeko Erreserbatik egotzitako boskimanoen abokatua

2006ko abenduaren 14a
00:00
Entzun
Botswanako Auzitegi Goreneko epaileek Kalahariko boskimanoek Gobernuaren kontra jarritako salaketa ontzat eman, eta haien eskubideak aitortu zituzten atzo. Hiru epailetatik bik ebatzi zutenez, Gobernuak «legez kanpo eta Konstituzioaren kontra» egotzi zituen boskimanoak -edo San Herria- beren sorterrira itzuli ahal izango dira. Epaile batek ontzat eman zuen Gobernuaren jokabidea. Gainera, boskimanoek erreserban elkartzeko eta ehizan aritzeko eskubidea dutela onartu du gailendu den epaiak. Era berean, Kalahari Erdiko Erreserban baimenik eskatu behar izan gabe sartu ahal izango direla ebatzi du. Kalahariko boskimanoen eledun Roy Sesanak esan du oso kontent daudela ebazpenarekin.

«Gaur [atzo] guretzat, boskimanoentzat, egunik zoriontsuena da. Luzaroan negarrez aritu izan gara, baina gaur [atzo] alaitasunez ari gara negarrez. Azkenean aske utzi gaituzte. Kanporatzeak oso-oso mingarriak izan dira nire herriarentzat. Espero dut orain gure etxera joaterik izango dugula», azaldu zuen Sesanak.

Halere, Gobernuari arrazoia eman dion Maruping Dibotelo epaileak ohartarazi du epaiak ez duela gatazka bukatuko, eta bitartekaritza eginahal gehiago beharko direla horretarako.

Epaileetako batek, Phumaphi jaunak, nabarmendu du boskimanoei ehizan aritzea eragoztearekin «haiek gosez hiltzera zigortzearen pare jokatzen» ari zela Gobernua. Alabaina, epaileek esan dute Gobernua ez dagoela derrigortuta boskimanoei hauen erreserban zerbitzuak eskaintzera.

Gobernuaren aurka 200 bat boskimanok jarri zuten salaketa 2002ko apirilean, hark beren ohiko bizilekutik kanporatu eta kanpamenduetan, laguntzen menpe, egokitu ondoren. Horrek beren bizimodua aldatzea eragin zuela salatu zuten, besteak beste. Kalahariko basamortu eta gainerako eremuak Afrikako herririk zaharrena den San Herriaren (boskimanoak) bizilekua izan da 20.000 urtetan.

Behiala milioika izan ziren boskimanoak, baina gaur egun apenas bizi diren 100.000 inguru Afrikako hegoaldean, 48.000 bat Botswanan eta gainerakoak Angola, Hegoafrika, Namibia, Zambia eta Zimbawen bizi direlarik.

Gobernuak argudiatu izan du Kalaharia jada ez dela boskimanoen lurraldea, hauek beren bizimodua «aldatu dutelako». Hauek erreserban egoteak «naturaren iraupena arriskuan» jartzen duela dio Gobernuak, baina boskimanoek hori erabat ukatu egin dute, beren ohiko bizimoduak naturaren oreka mantentzen duela nabarmenduta.

DIAMANTEEN AUZIA. Boskimanoek ez ezik, indigenen aldeko Survival Internationalek eta beste hainbat behatzailek diote haiek Kalahariko erreserbatik egoztearen arrazoia lurraldea diamanteetan aberatsa izatea dela. Hain justu, diamante ekoizlerik aberatsena den eskualdearen erdian dago erreserba. Erreserban dagoen Gope eremuan diamante hobi garrantzitsua dago, eta De Beers konpainiak eta Botswanako Gobernuak erdibana partekatzen dute ustiaketarako baimena. Boskimanoek nabarmendu dutenez, Gobernuak berak onartu du diamanteengatik kanporatu zituztela: «1985etik ministroek esan izan digute diamanteengatik mugitu beharra genuela».

Botswana munduko harribitxien ekoizle nagusia den arren, populazioaren erdia pobrezia lerroaren azpitik bizi da. Herritarrak duela 10 urte baino pobreago eta gosetuago bizi dira.

gordon bennett Kalahariko Erdialdeko Erreserbatik egotzitako boskimanoen abokatua

«Arazo nagusia da ezin direla nahi bezala bizi, uzten dieten eran baizik»

J.M. Sarasola

Botswanako Kalahari Erdialdeko Erreserbatik kanporatutako boskimanoen abokatu Gordon Bennett pozik ageri da ebazpenarekin.

Zer ondorio izango ditu auzitegiaren ebazpenak boskimanoentzat?
Erreserban bizi ziren berrehun bat boskimanoei hara itzultzeko eta han bizitzeko eskubidea aitortu dietenez, han baimenik behar izan gabe bizi ahal izango dira.

Uste duzu Gobernuak ebazpena betetzeko eragozpenak jarriko dituela?
Espero dut Gobernuak auzitegiaren ebazpena betetzea. Beteko ez balu hura urratuko luke eta epaileei aurre egin beharko lieke. Dena den, baliteke ebazpenari helegitea.

Zer-nolako urratsak egingo dituzte orain boskimanoek?
Orain goiz da deus egiteko. Garaipentzat jo dutena ospatzen ari dira, oso kontent daude. Baina uste dut oso laster izango direla bueltan erreserban. Gobernuari esan diogu oso gustura bilduko garela berarekin, itzulerarako xehetasunak eta moduak aztertzeko. Jendea modu ordenatu eta baketsuan itzultzen dela bermatu nahi dugu. Zeinahi arazo eta balizko istilurik saihestu nahiko genuke.

Beren sorlekura itzultzean, beren bizimodua hasieratik hasi beharko dute, ala dagoeneko baliabideak dituzte?
Gogorra egingo zaie. Han ez dute elikagai anorik izango; elikagaiak lortu beharko dituzte. Gainera, beren ohiko jardueretako bat den ehizan aritzeko baimenak eskatu beharko dizkiote Gobernuari. Espero dugu Gobernuak horretan oztoporik ez jartzea. Egonarri eta determinazio handia beharko dute, baina berez eraman handikoak dira, oso indartsuak.

Zer gertatuko da erreserban De Beers konpainia, Gobernuarekin elkarlanean, diamante meatzaritzan hasten bada?
Horretan aritu nahi badute, ariko dira. Epaileek ez dute esan [diamante] meatzaritzan aritzerik ezin dutenik. Guk abiatutako auzibideak ez du meatzaritzarekin zerikusirik, lurralde horretara itzultzeko eta han bizitzeko eskubidea bermatzearekin baizik. [De Beers eta Gobernua] Meatzaritzan jardun nahi badute, ondo da, boskimanoen bizimodua eta eskubideak trabatzen ez dituzten bitartean.

Boskimanoek 'Iwant2gohome' ['Etxera joan nahi dut'] webguneansalatu dute lehen ez zituzten arazoak pairatzen dituztela Gobernuak kanpamenduetan egokitu zituenetik, hala nola, alkoholismoa, indarkeria, hiesa... Nola egiten diete aurre arazo horiei?
Oso egoera zaila da. Gobernuak emandakoaren menpe daude, eta hark emandakoa hartzen dute. Arazo nagusia da ezin direla nahi duten bezala bizi, baizik eta uzten dieten bezala. Hortik sortzen dira beste arazoak. Baina erreserbara itzultzean horiek konpontzea espero dute.

Zer egoeratan daude Afrikako beste komunitate boskimanoak?
Beno, Botswanatik kanpokoen berri handirik ezin dut eman, baina uste dut besteek ere kolonialismoaren ondorio kaltegarriak pairatzen dituztela. Ez diete beren ohiko bizimodua eramaten uzten.

Zer egiten dute Nazio Batuen Erakundeak eta nazioarteak horren aurrean?
Epaileen ebazpenean, hain justu, NBEren 23. gomendioa espresuki aipatu dute: herri indigenak ezin dira beren bizilekuetatik aterarazi. Hori bermatzea espero dut.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.