Autodeterminazioa

Bougainvillek baietz esan dio independentziari

Boto emaileen %97,7k bozkatu dute Papua Ginea Berritik bereiztearen alde. Subiranotasuna gauzatzeko aukera 2001eko bake akordioan geratu zen jasota.

Bougainvilleko eta Papua Ginea Berriko agintariak, John Momins eta Peter O'Neill, hurrenez hurren, Aropako aireportua inauguratzen, 2014an..
2019ko abenduaren 11
13:38
Entzun

Erreferendumean bozkatu zutenen %97,7 Bougainville Papuatik independente izatearen alde agertu dira. Gaur eman ditu bozketaren emaitzak erreferendum batzordeak.

Azaroaren 23tik abenduaren 7ra egin zuten galdeketa. Batzordearen arabera, prozesua «garbia, bidezkoa eta nazioarteko arauen araberakoa» izan zen. 207.000 pertsona zeuden bozkatzera deituta, eta horietako %87k baino gehiagok eman zuten botoa.

«Autonomia handiagoaren» eta independentziaren artean aukeratzeko eskatu zieten herritarrei erreferendumean. Horietako 176.928k independentziaren alde bozkatu zuten, eta 3.043k baino ez autonomiaren alde, hau da, bozkatzeko eskubidea zutenen %1,68k.

Irlandako Errepublikako lehen ministro ohi Bertie Ahernek irakurri ditu emaitzak, eta entzuleek txalo artean hartu dituzte. Hala ere, emaitza ez da loteslea, eta orain Papua Ginea Berriko Parlamentuak du azken hitza. Agintean den Pangu Pati alderdia ez da independentziaren aldekoa, baina, emaitza ikusita, zail izango zaio entzungor egitea.

Puka Temu Bougainvilleko Eskualde Autonomoko ministroak sinesgarritzat jo du galdeketa, baina «denbora» eskatu du «gainontzeko herritarrek onar dezaten». Orain, Bougainvilleko ordezkari politikoak eta Papua Ginea Berrikoak independentzia gauzatzeko negoziazioetan murgilduko dira, eta horretarako akordio bat adostu beharko dute; Raymond Masono Bougainvilleko presidenteordeak Reuters berri agentziari jakinarazi dionez, litekeena da prozesu horrek hamar urte inguru irautea: «Gure erakundeak berriz eraiki beharko genituzke».

Subiranotasuna gauzatzeko aukera 2001eko bake akordioan geratu zen jasota. Bougainvilleko Gobernuak —bi urte lehenago sortu zen— eta Papua Ginea Berrikoak izenpetu zuten, eta 1989tik piztuta zegoen gerra giroari amaiera eman zion, su-etena 1998an adostu bazuten ere bi aldeek. Dena dela, Bougainvilleko biztanle eta eragile guztiak ez daude ados bi gobernuek lorturiko akordioarekin.

Bougainville Salomon uharteen inguruan dago, eta ez bakarrik geografikoki. Kulturalki eta linguistikoki ere haren barruan legoke, baldin eta kolonialismoaren garaian banatu zuten bezala banatu ez balute. Louis Antoine Bougainville Frantziako konde, esploratzaile eta nabigatzaileak eman zion izena, 1768an, eta alemaniarren esku geratu zen handik ehun urtera. Gero, 1915ean, Australiak okupatu zuen, eta, II. Mundu Gerran japoniarren esku egon eta gero, berriz australiarren mendera bultzatu zuten; 1949tik da Papua Ginea Berriko uharte bat.

Bougainvilleko herritarren independentzia nahia ez da gaur goizekoa. 1975eko irailaren 1ean gauzatu zuten aukera politiko hori, eta Salomon Iparraldeko Errepublika izena eman zioten estatuari. Baina, handik hamabost egunera, Papua Ginea Berriak bere gain hartu zuen, eta horrela segitzen du oraindik.

Meategia, gatazka iturri

Bougainville herrialde txiroa da, eta biztanle gehienek ez daukate argindarrik, ez eta errepide sare egokirik ere. Baina uhartea bera aberatsa da, Panguako meategia baitago han. Kobre eta urre erreserba handiak ditu, eta munduko handienetakoa izan da. Orain ez, orain itxita baitago.

Ia hamar urte iraun zuen gerra meategiak sortu zuen. Uharteko herritarrak haserre zeuden lurrak eta ibaiak kutsatzen zizkielako lur azpiko leku horretako jardunak, eta, gainera, beste eskari bat ere bazuten: meategiko aberastasunak banatzen ziren baino hobeto banatzea. Bougainvilleko Armada Iraultzailea sortu, eta meategia ixtea lortu zuten hainbat ekintza armatu eginez. Erantzuna Papua Ginea Berritik heldu zitzaien ekintzaileei, militarrak bidali baitzituen gatazkara bertara, eta setiatu egin zuen Papuak uharte osoa. Gatazka armatuaren garaian, 20.000 hildako inguru izan ziren.

Meategia behar-beharrezkoa zuen Papuak; izan ere, diru sarrera publikoen zatirik handiena bertatik jasotzen zuen. Interes pribatuak ere badira tartean: Australiako Rio Tinto multinazionala da zati handi baten jabe. Papuako Gobernuarena da zati txikiago bat, eta Bougainvillekoak heren bat du bere esku.

Gatazka historiko hori ez da amaitu oraindik, eta Bougainvilleko Gobernuak erabaki du meategia luzaro ez irekitzea, beldur delako ez ote den berriz ere gatazka armatuaren sorburu izango aberastasun iturri den gune hori.

Estatu izateko baliabideak

Gobernuaren erabaki horrek badu beste alderdi bat, hala ere. Independentzia gauzatuko balitz, gai ote da Bougainville estatu izateko nahiko baliabide ekonomiko biltzeko? Meategia beharko luke horretarako, baina han inguruan bizi diren herritarrak ez daude prest lehengora itzultzeko.

Erreferendumaren emaitzak bide luzea izango du oraindik ere erabat gauzatu arte, eta ez soilik Papuako Parlamentuak onartu behar duelako. Meategiak ere izango du eragina uhartearen etorkizunean, haren inguruko interes ekonomikoak handiak diren neurrian. Boza emanez urrats bat egingo dute Bougainvilleko herritarrek, baina ez dira izango pauso erabakigarriak; izan ere, gero bide luze bat izango dute aurrean, eta malkartsua izango dela ematen du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.