Cristina Fernandez egungo presidentea buru duen Garaipenerako Fronteak Argentinako legegintzarako hauteskundeak irabazi ditu, baina bozek agerian utzi dute kirchnerismoak bi urtean izandako atzerakada. Epe horretan botoen %22 gutxiago jaso ditu, eta herrialdeko bost hauteskunde barruti nagusietan galdu du.
Argentinako Kongresu erdia eta Senatu herena berritu dituzte. Botoen %78 zenbatuta, FpV Garaipenerako Fronteak %32,57 boto jaso ditu Kongresurako eta %31,83 senaturako. Hala, bi ganberetan gehiengoa izaten jarraituko du. Hautesleen %78k eman dute botoa.
Sergio Massa nagusitu da Buenos Aires probintziako hauteskunde barrutian; bertan, botoen %43 eskuratu ditu, Martin Insaurralde FpVko hautagaia aise gaindituta (%32). Tigreko alkatea da Massa, eta Fernandezen kabineteko buru izan zen.
"Garaipenak ez digu ezertarako eskubiderik ematen; konpromisoa eta erantzukizuna sortzen digu botoa eman diguten milioika herritarrekin", esan du Massak. Ez du argitu, ordea, 2015eko bozetara aurkeztuko ote den. Urte horretan egingo dituzte Argentinako presidentetzarako hauteskundeak.