Bozak irabazi ondoren Zipreko Turkiarrekin bilduko da Khristofias batasuna sustatzeko

Buruzagi komunistak irabazi ditu bozak Kassulides kontserbadorearen aurretik, botoen %53,37 eskuratuta

Erredakzioa
2008ko otsailaren 26a
00:00
Entzun
Dimitris Khristofias buruzagi komunista izango da hurrengo bost urteetan Zipreko Errepublikako presidente berria, hauteskundeetan Ioannis Kassulides hautagai kontserbadoreari irabazi ondoren. Zipreko lehen agintari komunista izango da eta Europako Batasuneko bakarra une honetan. Herrialdeak 1974tik pairatzen duen zatiketa gainditzeko borondatea berretsi du Khristofiasek, eta alde horretatik, itxaropentsu agertu dira Iparraldeko Zipreko Errepublika Turkiarreko agintariak eta EB ere.

Hauteskundeen bigarren itzulian, botoen %53,37 eskuratu zuen igandean buruzagi komunistak. Kassulides hautagai kontserbadoreak %46,63. Lehen itzulian bezala, parte-hartzea handia izan zen; botoa emateko eskubidea zuten herritarren %90, 84k bozkatu zuten.

Kassulides izan zen lehen itzuliaren garailea, baina orduan alde txikiaz hartu zien aurrea Khristofiasi eta Tassos Papadopoulos presidente ohiari. Bigarren itzulirako,ordea, Papadopoulos sostengatu zuten hiru alderdik buruzagi komunistari eman zioten babesa- AKEL Zipreko Langileen Alderdi Progresistako idazkari nagusia da Khristofias-eta litekeena da Papadopoulos bozkatu zuten askok Khristofiasen alde egin izana.

Hauteskunde kanpainan egin bezala, uharteko iparraldean bizi diren zipretar turkiarrei dei egin die Khristofiasek emaitzen ondoren. «Helburu berarekin elkarlanean aritu behar dugu, herrialde baketsua eraikitzeko». Iparraldeko Zipreko Errepublika Turkiarreko agintari Mehmet Ali Talatekinlaster bilduko dela iragarri du, baina aurretik Atenasen eta Bruselan, EBren egoitzan, izango dela zehaztu du. Aspalditik harreman estua du presidente berriak Turkiar jatorriko ezker zipretarrarekin. Komunistek orain arte Papadopoulosi eman zioten babesa, eta uhartearen batasunaren aldeko jarrera irmoagoa agertzeko lehen aldiz aurkeztu da beren buruzagia.



GATAZKAREN AMAIERA AURTEN. Uharteko bi komunitateak-greziar jatorrikoa eta iparraldean bizi diren turkiar jatorriko zipretarrak-batzeko negoziazioei ahal bezain laster ekiteko eskatu du Ali Talatek eta baikor dago agintaria. «Ez da ezustekoa izango auzia 2008a amaitzerako konpontzen badugu».

Europako Batzordeko presidente Jose Manuel Durao Barrosok ere negoziazioak hasteko eskatu dio presidenteari. «Haren izendapenak Zipreko auziaren eten luzea gainditzeko aukera emango du». Prozesua NBErekin elkarlanean egingo dela esan du Khristofiasek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.