Bozak irabazi ostean, koalizio gobernua osatzea eskaini du Libian lehen ministro ohiak

Europako Batasunak dio bozak askeak izan direla, baina herrialdean salatu dute irregulartasunak eta erasoak izan direla

Nekane Zinkunegi Barandiaran.
2012ko uztailaren 10a
00:00
Entzun
Libiako Hauteskunde Batzordeko presidente Nuri al-Abarrek jakinarazi duenez, NFA Indar Nazionalen Aliantzako Mahmud Yibril izan da garaile Kontseilu Nazional Nagusiko hauteskundeetan, botoen hiru laurden baino gehiago zenbatuta. Muammar Gaddafi agintetik kanporatu osteko lehen bozak egin zituzten Libian larunbatean. Yibril NTC Trantsiziorako Kontseilu Nazionaleko gobernuaren lehen ministroa izan zenak koalizio gobernua osatzeko deia egin die bozetan parte hartu duten 150 alderdiei. «Ez da irabazlerik eta galtzailerik egon; Libia izan da egiazko garailea» .

Botoen zenbaketaren berri eman aurretik ere, garailetzat jotzen zuten Yibril gainerako hautagaiek. Anaia Musulmanen Justizia eta Eraikuntza alderdiko buru Mohamed Swanek igande gauean esan zuen «alde handia» atera ziela NFAk gainerako alderdiei Tripolin eta Bengazin eta «emaitza onak» lortu zituela hiri handi gehienetan. NFAk 60 alderdi baino gehiago biltzen ditu. Yibrilek berak baieztatutakoaren arabera, printzipio islamikoekin bat egiten dute denek, baina «askotariko joerak» dituzte.

Zirenaikarekin batzeko prest

«Elkarrizketa nazional» batean parte hartzeko deia egiten die Yibrilek alderdi guztiei, «bandera bakarraren azpian» batu ahal izateko. Bestalde, Zirenaikako ordezkariekin hitz egiteko prest agertu da. Zirenaika eskualdeko herritarrek protestak egin dituzte, parlamentuko 200 aulkietatik 60 baino ez dagozkielako, eskualde handiena izan arren. Yibrilen arabera, ekialdearekiko elkarrizketa «beharrezkoa» da, eta esan du Zirenaikako herritarrek borondatea erakutsiz gero ados jartzea zilegi izango dela. Hala ere, ez du zehaztu zein eskaintza egiteko asmoa duen.

Koalizioa osatzeko egindako proposamenaren harira, Al-Asala muturreko islamisten alderdiko buru Ali Rhuma al-Sibaik esan du Libiako herritar guztien arteko elkarrizketarako ateak «zabalik» daudela, baina beren printzipioei ez dietela uko egingo. Al-Watan alderdi islamistako buru Abdel Hakim Belhadjek, berriz, proposamena aztertu ostean erantzungo duela esan du. Anaia Musulmanen Justizia eta Eraikuntza alderdiak oraindik ez du eman bere asmoen berri.

Edozein eratara, zaila da Libiako gobernu berria eta hurrengo lehen ministroa izendatuko dituen legebiltzarraren osaketa aurreikustea. Bertako 200 aulkietatik 80 baino ez dagozkie alderdiei; gainerako 120ak diputatu independenteenak dira, eta horiek zein alderditara atxikiko diren jakin behar da lehenik.

Milizien indarra

Europako Batasuneko behatzaileen misioko ordezkari Alexander Grafek herritarrek botoa aske eman zutela nabarmendu badu ere, hauteslekuen aurkako erasoak egin zituzten larunbatean, eta zenbait hiritan bozak hainbat orduz etetea beharrezkoa izan zen.Hainbat eremutan botoak eta hautestontziak ere lapurtu zituzten, eta hauteskundeen zilegitasuna zalantzan jarri du hainbatek. Miliziek hiri batzuk kontrolpean dituzte oraindik, eta eremu horietan bozak zein baldintzatan egin dituzten ezin izan dute egiaztatu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.