Clemente Engonga Barne ministroak nabarmendu du "normaltasuna" izan dela hauteskunde eguneko ezaugarri nagusia. Bide batez, iragarri du, lehen emaitzen arabera, agintean 36 urte daraman Teodoro Obiangek irabazi dituela bozak, beste behin. Hala, botoen %98 bereganatuta beste zazpi urtez jarraituko du agintean Obiangek.
Ez da iritzi berekoa oposizioa. Obiangek aurkarietako bat, Andress Esono, ez da aurkeztu bozetara, argudiatuz irregulartasun ugari egon direla. Bestalde, estatubuaren beste aurkarietako batek, Gabriel Nse Obiangek, salatu zuen joan den aste amaieran militarrek alderdiaren egoitza setiatu eta jarraitzaileei eraso zietela. "Nire bila datoz, eta hil egin nahi naute", ohartarazi zuen Efe agentziari eginiko dei batean.
Halakoetara ohituta daude dagoeneko herritarrak. Izan ere, estatu kolpe bodez agintera heldutakoa da Obiang, eta geroztik, urre beltzari eta nazioartearen isiltasunari esker, gogor eusten dio hari. 1995. urtean herrialdean egindako udal hauteskundeak dira adibide garbia: orduko hartan, POC oposizioko plataforma bateratuak irabazi zituen bozak, 30 udalerritatik 18tan. Teodoro Obiangek emaitzak errefusatu eta boto kontaketa geldiarazi zuen. Espainiarekin negoziatu ostean, zazpi herritan lortutako garaipena besterik ez zioten aitortu oposizioko plataformari.