Bi iturrik baieztatu dute garaipen argia. Biek ala biek agertu dutenez, Correaren plataformak gehiengo osoa izango du, etaAsanblea Konstituziogileko 130 kideetako gehien-gehienak bereganatuko ditu.
Lehen iturria Parte-Hartze Herritarra erakundea da. Talde horrek herrialde osoko hautesbarrutietan eginiko zenbaketan ageri denez, Acuerdo Paisek boto guztien %61,5 lortu ditu. Bigarren lekuan Gizarte Patriotikoaren Alderdia dago, Lucio Gutierrez presidente ohiaren alderdia, botoen %7,2rekin. Iturri horien arabera, Ekintza Nazionalerako Alderdi Berritzaile Instituzionala da hirugarren alderdia igandeko hauteskundeetan, botoen % 6,7rekin. Alderdi Sozial Kristauak %4,2 bereganatu ditu, eta Etika eta Demokrazia Sareak %3,0.
DATU OFIZIALETAN ERE GARAILE. Bigarren iturria Hauteskundeetako Auzitegi Gorena da, zenbaketa ofiziala egiten duen erakundea. Botoen %2,42 zenbatuta, Acuerdo Pais plataformak botoen %72,22 lortuko lituzke eta Gizarte Patriotikoaren Alderdiak %9,34. Hauteskundeetako Auzitegi Gorenaren datuen arabera, hirugarren alderdia Ekintza Nazionalerako Alderdi Berritzaile Instituzionala izango litzateke, Alvaro Noboa negozio gizonarena, botoen %4,10ekin. Jarraian Alderdi Sozial Kristaua kontserbadorea dugu, %2,58rekin, eta gero Herri Mugimendu Demokratikoa ezkertiarra, botoen %1,72rekin. Zenbaketa ofiziala zenbait egunez luzatuko da .
Igandean, bozkatzeko unean SP-Investigacion y Estudiosenpresak eginiko galdeketan ere garaile irten da Correa. Horren arabera, Acuerdo Paisek 77 ordezkari izango lituzke Asanblea Konstituziogilean; Gizarte Patriotikoaren Alderdiak 17; Ekintza Nazionalerako Alderdi Berritzaile Instituzionalak 12; Alderdi Sozial Kristauak 6 eta Herri Mugimendu Demokratikoak 3.
Urtarrilaren 15ean presidente kargua hartu zuenetik Rafael Correak helburu bat izan du: Asanblea Konstituziogilea osatzea, horrela «errepublika berriaren oinarriak» ezartzeko. Apirilean erreferenduma izan zen Ekuadorren proiektu horri buruz galdetzeko. Boto-emaileen %80k bat egin zuten presidentearekin. Correak igandeko bozetan nagusitzea besterik ez zuen falta asmoa aurrera ateratzeko.
Organu berrian betiko alderdiak nagusi izanez gero, erreforma bertan behera utziko zuela esan zuen Rafael Correak. Herritarrek gehiengoa eman diote hauteskundeetan, eta horrela aurrera egiteko legitimazioa jaso du Ekuadorko presidenteak.
ZAILTASUNAK . Gehiengoa badu ere, Correaren lana ez da erraza izango proiektu politiko gauzatzeko. Arazoak erreformaren mugetan eta ezaugarrietan daude. Izan ere, badaude ikuspuntu desberdinak, batez ere eskualdeen eta botere zentralaren arteko orekari eta herrialdearen sistema ekonomikoa definitzeari dagokienez.
Arlo ekonomikoan ahalik eta arau gutxien egotea nahi dute batzuek. Ekonomia liberalena defendatzen dute. Correaren gertukoek, ordea, ekonomia sozialagoa bultzatu nahi dute Ekuadorren, beste sistema bat, gizakia «benetako protagonista» izango duena.
Errepublika birsortzea eta indartzea
Ekonomian Estatuaren kontrol eta parte-hartze handiagoa bultzatu nahi du Correaren erreformakj.m.p
Acuerdo Pais alderdiak gehiengoa izango du Ekuadorko Asanblea Konstituziogilean. Organu horren bidez, «aberri berria» sortu nahi du Rafael Correak, horrela sistema politiko zaharkitua buka dadin.
Ekuadorko presidenteak adierazi duenez, lehen Asanblea Konstituziogileak botere handiak izango ditu arlo guztietan erreforma prozesua aurrera ateratzeko.
Asanblea horretan 130 kide izango dira. Ordezkari horiek oraingo Kongresua desegin eta batzorde konstituziogilea osatu beharko dute. Garai berri horretan estatuak esku-hartze handia izango du ekonomian, eta herrialdea deszentralizatu egingo dute. Erregimen presidentzialista ere indartu egingo da Ekuadorren.
ESTATUAREN KONTROL HANDIAGOA. «1978ko Konstituzioarekin eta 1998koarekin, presidenteak gehiago kontrolatzen du diru publikoa, eta Legebiltzarrak proposamenak blokeatu eta xantaia egin die gobernuei. Gobernuek dekretuz atera behar dute aurrera lege ekonomiko bat, edo diputatuak erosiz. Hori oso ohikoa dugu eta zaila izango da ohitura kolpetik aldatzea», adierazi du Juan Paz y Miño Konstituzioen historiagileak eta Correa presidentearen lagunak.
Rafael Correaren eta berarekin bat egiten duten alderdien proiektu ekonomiko-sozialak izen bat du: ekonomia solidarioa. Hala azaldu du Alberto Acostak, Correaren taldeko zerrendaburuak: «Ekuadorren esplotazio basatia dago langileen kontra. Osasun eta hezkuntza eskubideak ez dira unibertsalak. Estatuak aratu eta kontrolatu egin behar du, hala egin behardenean. Ez dut esan nahi estatuak aktore bakarra izan behar duenik,baina merkatuak ezin du guztia eman. Merkatua oso morroi ona da, baina oso ugazaba txarra».
Correaren agenda politikoak susmoak piztu ditu, batez ere sektore kontserbadoreenen artean. Venezuelan eta Bolivian izandako prozesuekin konparatu dute Ekuadorkoa. Iritziak iritzi, kontu batean ados daude gehienak: Ekuadorren alderdien eta erakundeen arteko harremanak aldatu beharko dira. Erakundeak alderdi politikoen interes eta nahien menpe daude erabat, eta hori aldatzea ezinbestekoa izango da sistema berria garatzeko.