Bozak irabazita, Pakistanen koalizio gobernua osatu nahi du oposizioak

Oposizioko PPPk irabazi ditu Legebiltzarrerako bozak; Musharrafen dimisioa exijitu du, aldiz, Sharifek

2008ko otsailaren 20a
00:00
Entzun
Pervez Musharraf Pakistango presidentearen aurkako indarrak gobernu koalizioa osatzeko prest daude, Legebiltzar federalerako eta Eskualde Kontseiluetako hauteskundeetan garaile irten ondoren. Hala jakinarazi du boto gehien lortu duen PPP Pakistango Herriaren Alderdiak. Bozetan bigarren geratu da PML-N Pakistango Liga Musulmana-Nawaz oposizioko beste alderdi nagusia, eta hark dimisioa emateko eskatu dio Musharrafi. Haren alderdiak,PML-Q Pakistango Liga Musulmana Qaid-e-Azamek, onartu du porrota, baina argi utzi du presidenteak ez duela kargua utziko.

Zenbaketa amaitzear zegoenean, atentatu batean hildako Benazir Bhutto zenaren PPP alderdiak 87 diputatu zituen, eta bigarren zegoen Nawaz Sharif lehen ministro ohiaren PML-N 66 diputaturekin. Musharrafen PML-Q, berriz, nahikoa atzean zegoen 39rekin, horren azken urteotako aliatu MQMk 19 diputatu lortu dituelarik. Ustekaberik handiena, hala ere, Legebiltzarrean 50 hautetsi zituen MMA alderdi islamisten batasunaren porrota izan da. Soilik hiru diputatu lortu ditu.

PML-Q alderdiko buruzagi Shaudry Shujaat Hussainek porrota onartu, eta oposizioaren rola «zintzo» jokatuko dutela nabarmendu du. Musharrafen aldeko indar politikoaren eledun Tarek Azeem Khanen aitortu du, aldiz, ez dutela lortu herritarrak konbentzitzea.



«ADOSTASUN NAZIONALEKO GOBERNUA». Garaipenaren berri jakin ostean egindako lehen adierazpenetan, PPPko agintaritza daraman Asif Ali Zardarik -Benazir Bhutto zenaren alargunak- azaldu du bere alderdiak koalizio gobernua osatzeko ahaleginei ekinen diela. «Indar politiko demokratiko guztiak bildu ditzakeen adostasun nazionaleko gobernua eratzeko asmotan gaude», iragarri du Zardarik. Adierazpen horiekin, Musharrafen alderdiari ere ateak irekiak uzten dizkion argitzeko eskatuta, hauxe erantzun du PPPko buruak: «Gobernuan orain arte jardun duten jende horien zortea bost axola zaigu».

Nolanahi ere, Zardarik orain arte oposizioan zeuden indar politikoen artean koalizio gobernua osatzea gura badu ere, Sharifek Musharrafen dimisioa ozen exijitu du beste behin. «Musharrafek ez du ezer entzun nahi izan. Herriak hala eskatuko balio alde egingo zuela esan zuen, eta horixe bera eskatzen dio egun». Bi alditan lehen ministro izandakoak (1990-1993 eta 1997-1999) indar demokratiko guztien arteko batasuna eta diktadura behin betiko amaitzeko eskatu du, hauteskundeen emaitzen berri jakin eta gutxira. Sharif lehen ministro zela, 1999ko urriaren 12an, estatu kolpea egin zuen Musharrafek. Hala, indarrez hartu zuen agintea egun presidente denak.

Sharifen adierazpen horiei bipil iharduki die Pervez Musharrafen bozeramaile Rashid Qureshik. «Gehiegikerian ari dira. Hauteskunde hauek [herenegungoak] ez ziren presidentetzarako bozak. Gogoan edukitzekoa da Pervez Musharraf presidentea beste bost urterako aukeratua izan dela». Alabaina, Pakistanen Legebiltzarrak aukeratzen du presidentea, eta iazko azaroan estatuburua aukeratu zutenean Musharrafen alderdiak zuen gehiengoa Parlamentuan. Oposizioak salatu zuen erabakia ez zela legezkoa izan, presidentetzarako hauteskundeak egin aurretik Legebiltzarrekoak egin behar zituztela nabarmenduz.



Gutxiengo erlijiosoek eta emakumeek 70 eserleku izango dituzte

Pakistango Legebiltzar federalean, 342 diputatu daude. Alabaina, bozetan 242 hautetsi soilik dituzte aukeratzen. Gainerako 70 eserlekuak emakumezko diputatuentzat eta musulmanak ez diren ordezkarientzat gordetzen dituzte.

Emakumeentzat gordetzen dituzten 60 diputatuak, hauteskundeetan lehiatzen diren indar politikoen artean banatzen dituzte, horiek lortzen dituzten emaitzen arabera. Beste hamar aulki, berriz, Pakistango ordezkari kristau eta hinduentzat erreserbatutakoak dira. Legebiltzar federalerako hauteskundeetan erabiltzen den sistema bera baliatzen dute, halaber, Pakistango Eskualdeko Kontseiluetarako bozetan.





MusHarraFen IBILBIDea

Aginteari armekin eustearen ondorioak

1999ko urriaren 12a. Nawaz Sharifen gobernuaren kontrako estatu kolpea egin eta agintea bereganatu zuen Pervez Musharraf armadaburuak.

2001eko azaroaren 22a. Islamabadek bat egin zuen Washingtonen terrorismoaren kontrako gerrarekin.

2002ko apirilaren 22a. Presidentetzan jarraituko zuen ebazteko galdeketa irabazi zuen Musharrafek botoen %97,5ekin.

2004ko urria. Legebiltzarrak onartu egin zuen presidente eta armadaburu karguak pertsona beraren esku egotea.

2007ko martxoaren 9a. Goreneko presidente Mohammad Iftikhar Chaudry kargugabetu zuen estatuburuak, hark presidentea armadaburu izatearen legezkotasunaren gaineko erabakia hartu aurretik.

Irailaren 8a. Gorenak baimena eman zion Musharrafi presidentetzarako bozetara aurkezteko.

Urriaren 6a. Legebiltzarrak presidente aukeratu zuen Musharraf.

Azaroaren 3a. Atentatu oldearen ostean, salbuespen egoera ezarri zuen Musharrafek. Konstituzioa indargabetu, eta 1.500 lagun inguru atxilotu zituzten.

Azaroaren 27a. Musharrafek armadako buruzagitza utzi zuen.

Abenduaren 13a. Salbuespen egoera amaitutzat eman zuten

Abenduaren 26a. Oposizioko PPP Pakistango Herriaren Alderdiko buru Benazir Bhutto hil zuten.

2008ko otsailaren 18a. PPPk irabazi zituen Legebiltzarrerako hauteskundeak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.