BOLIVIAKO HAUTESKUNDEAK

Bozak uste baino errazago irabazi eta lehen presidente indigena izango da Morales

Lehen datuen arabera, bozen %45 lortu ditu; hautagai kontserbadoreak, berriz, %38

Kristina Berasain Tristan.
2005eko abenduaren 20a
00:00
Entzun
Bolivian, aurreneko aldiz historian, presidente indigena bat egongo da agintean. Evo Morales buruzagi aimarak indigenei zuzendu zizkien, ildo horretan, bere aurreneko hitzak. «Aimarak, kitxuak, txikitaoak eta guaraniak: aurreneko aldiz presidenteak izango gara». Cochabamba hirian, begietan malkoak zituela, igande gauean egindako adierazpenak dira. MAS Sozialismoranzko Mugimendua alderdiko hautagaiak oraindik ez zekizkien bozen emaitzak baina garaipena eskura zuela sumatzen zuen. Hauteskunde Batzorde Nazionalak bezperako susmoak baieztatu zituen atzo. Aurreneko datuen arabera, botoen %45 eskuratu zituen Moralesek. PDS Botere Demokratiko Soziala alderdiko hautagai Jorge Quiroga kontserbadoreak, berriz, botoen %38 lortu zituen. UN Batasun Nazionala alderdiko Samuel Doria zentroko enpresa gizonak %9. Heldu den ostegunean dira ematekoak behin betiko emaitzak.

Inkesten arabera, alta, gehiengo absolutua lortu zuen buruzagi indigenak: bozen %51,1. Quirogari, inkesten arabera beti ere, hogei puntuko aldea atera zion Moralesek. Hauteskundeen aurretik inork ez zuen uste hainbesteko aldea egongo zenik bi hautagaien artean. Kanpainan zehar, ildo horretan, bost puntuko aldea atera zion gehienez buruzagi aimarak hautagai kontserbadoreari. Chapare herrian boza eman zuen unean «sorpresak» egongo zirela iragarri zuen buruzagiak.

Parte-hartze historikoa

Azken hamar urteotan izandako parte-hartze handienarekin lortu zuen ezkerreko hautagaiak garaipena: %72 historikotzat jo dute.

Datuok berresten badira, urtarrilaren 22an hartuko du presidente kargua Evo Moralesek. Gehiengo absolutua lortzen ez badu, dena den, arazoak izan ditzake kargua eskuratzeko. Kongresuak izango du, kasu horretan, presidentea aukeratzeko eskumena herrialdearen sistema aintzat hartuta. Aukera horrek buruzagi indigena presidentetzara iristeko bidea blokeatzeko baliatu zezaketela ohartarazi zuten hainbat adituk baina, lortu duen sostengua aintzat hartuta, aukera horretan pentsatzea zaila da.Kongresuan, inkesten arabera, gehiengo lortu du alderdi sozialistak. Senatuan,aldiz, ez du gehiengoa eskuratu. Sozialismoranzko Mugimenduko hautagaiek, alta, bi ordezkari baino ez zituzten lortu tokian tokiko gobernuetan Potosi eta Oruro. Kontserbadoreek, aldiz, hiru prefektura lortu zituzten eta gainontzeko laurak herri taldeen ordezkarien eskutan gelditu ziren. Santa Cruz eskualdeko prefektura autonomia aldarrikatzen duen mugimenduko buruzagiak lortu zuen. Herrialdeko eskualde aberatsena da Santa Cruz.

Pobrea eta polarizatua

Bere aurreneko diskurtsoan indigenak aintzat hartu ondoren «enpresa gizonei, intelektualei, profesionalei eta artistei» bakarrik ez uzteko eskatu zien Moralesek. Erabat polarizatuta dagoen herrialdeko herritar guztiak, alde batekoak eta bestekoak,pozik utzi nahi izatea eta horretarako mezu kontrajarriak helaraztea leporatu diote, ildo horretan, buruzagi indigenari. Diskurtsoa leundu du azkenaldian ezkerreko hainbat indigenen artean kezka eraginez.

Bi mende eta erdi dituen errepublikan aurreneko aldiz indigenak boterean egoteak inflexio puntu bat eragin dezake. «Boliviaren historia berri bat hasten da gaur, berdintasuna, justizia, zuzentasuna eta bakea justizia sozialarekin bilatuko den historia berri bat». Moraselek atzo esandakoa da. Herrialdearen garapen ekonomikoa blokeatzen duten ereduak aldatuko dituela esan zuen baina inbertsoreak errespetatuz.Ondasun naturaletan aberatsa bada ere, herritarren %70 pobrezian bizi dira. Indigenak dira herritarren % 74 egoera horren biktima nagusiak. Bolivian, politikoki eta ekonomikoki, aldaketa sakon bat nahi dutela agerian utzi dute herritarrek bozetan. Evo Moralesek oinarrizko erreforma sakonak iragarri ditu. Agintean egon diren alderdiek herritarren artean eragindako etsipena gainditu beharko du orain buruzagi indigenak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.