Bozen emaitzak onartzeko eskatu diote milaka lagunek Bruselari

Erredakzioa
2020ko abenduaren 5a
00:00
Entzun
Venezuelarekiko Europako Elkartasun Sareko kideek idatzi bat helarazi diote EB Europako Batasunari, Venezuelako Asanblea Nazionalerako emaitzak aitor ditzala eta oposizioa babesteari utz diezaiola eskatzeko. Mundu osoko 30 herrialdetako 3.500 pertsonak sinatu dute gutuna, tartean Bakearen Nobel saridun Adolfo Perez Esquivel, Ekuadorko presidente izandako Rafael Correa, Portugalgo Alderdi Komunistako kide Sandra Pereira eta Frantzia Intsumisoa alderdiko diputatu eta presidentetzarako hautagai Jean Luc Melenchon.

Sinatzaileek eskatzen diote EBri utz diezaiola oposizioko «muturreneko adarra» babesteari eta errespeta dezala Venezuelako herriaren «borondate demokratikoa». Gutunean, gogorarazi dute gobernuaren eta «konstituzioaren bidea» onartu duten oposizioko taldeen artean adostu zituztela bihar egitekoak dituzten bozak, eta nabarmendu EBk «bakearen aldeko indar» izan nahi badu ez duela «enfrentamenduen bidea sostengatu behar» Venezuelan.

Idatzian, sinatzaileek salatzen dute AEBen «etengabeko presioen ondorio» dela EBren jarrera, eta bide hori aukeratu izanak «atzerri politika independente bat» egiteko aukera baztertzen duela: «AEBen lehentasuna ez da demokrazia edo hauteskunde prozesuekiko errespetua, Venezuelan erregimen aldaketa bat bultzatzea baizik, eta horretarako edozer egiteko prest daude».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.