Bozetako emaitzak onartzeko eskatu dio PRIk Lopez Obradorri

PANeko Vazquez Motak emaitzak onartu egin ditu Mexikon, irregulartasunak salatu baditu ere

Erredakzioa
2012ko uztailaren 6a
00:00
Entzun
Emaitza ofizialak iritsi bitartean PRI Alderdi Iraultzaile Instituzionaleko hautagai Enrique Peña Nietok uste du Mexikoko herriak argi eta garbi hitz egin duela. Lehen zenbaketek bozen %38 eman dizkiote, baina ezkerreko PRD Iraultza Demokratikoaren Alderdiko hautagai Andres Manuel Lopez Obradorrek salatu du bozak ez direla bidezkoak izan. Botere Judizialaren Hauteskunde Auzitegian helegitea jarriko duela jakinarazi du Lopez Obradorrek. Peña Nietok esan du bere aurkariak «Mexikoren hobe beharrez emaitza nabarmenak» onartzea espero duela.

Hauteskunde kanpainan PRIk botoak erosi zituela salatu du Lopez Obradorrek. Peña Nietoren aldeko botoaren truke supermerkatuetarako deskontuak eta opariak eskaini zituztela dio PRDk. Horrez gain, eskuineko alderdiak hauteskunde legeak ezartzen duen gehienezko gastua gainditu zuela kritikatu du, eta telebista kateetan mesedezko tratua eman diotela gainontzeko hautagaiekin alderatuta. Peña Nietok salaketa guztiak ukatu ditu, eta herritarrak ez errespetatzea leporatu dio.

PANek emaitzak onartu ditu

Igandeko bozetan galtzaile nagusia izan zen PAN Ekintza Nazionalaren Alderdia. Azken hamabi urteetan agintean egon den alderdia hirugarren posturaino jaitsi da, eta alderdiko hautagai Josefina Vazquez Motak hauteskundeetako emaitzak onartzen dituela jakinarazi zuen atzo. Dena den, igandeko bozetako emaitzetan eragina izan zuten irregulartasunak salatu ditu honek ere. Vazquez Motak gaineratu du demokrazia «usteltzen» duten ekintzak zigortu egin beharko liratekeela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.