Bozetako emaitzak ontzat jo dituzte Mexikon

Auzitegiaren arabera, ez dago «nahikoa» froga uztaileko hauteskundeak bertan behera uzteko

Erredakzioa
2012ko irailaren 1a
00:00
Entzun
PRD Iraultza Demokratikoaren Alderdiak Mexikoko hauteskundeen emaitzen aurka jarritako helegitea atzera bota du Federazioko Botere Judizialeko Hauteskunde Auzitegiak. Ezkerreko alderdiak bozetako «irregulartasunak» aztertzeko prozesu bat irekitzeko eskatu zion auzitegiari. Epaileen arabera, aurkeztutako frogak ez dira nahikoa hauteskundeetako emaitzak bertan behera uzteko: «Mexikok legezko presidentea du, herriak aukeratua». Hori horrela, auzitegiak ostegunean onartuko du presidente gisa Enrique Peña Nieto PRI Alderdi Iraultzaile Instituzionaleko hautagaia. Kargua abenduaren 1ean hartuko du.

Kanpainan araututa dagoena baino diru gehiago erabiltzea leporatu zion PRDk Peña Nietoren alderdiari. Ezkerreko alderdiaren arabera, 282 milioi euro gastatu zituen kanpainan, eta legean araututa dago gehienez 20 milioi euro erabildaitezkeela.

Auzia aztertu duten zazpi epaileen ustez, ordea, ez dago egiaztatzerik kanpainan legez kanpo aritu zirenik. Hala esan du Salvador Nava epaileak: «Konstituzioaren printzipioak banan-banan aztertu ditugu, eta ez dago arrazoirik bozetako emaitzak baliogabetzeko». Azaldu duenez, auzitegiak zantzu «jakin batzuk» behar ditu horretarako, ez dira nahikoa akusazio orokor batzuk.

Desobedientziarako deia

Emaitza ofizialen arabera, uztailaren 1eko hauteskundeak Peña Nieto PRI alderdiko hautagaiak irabazi zituen, botoen %38,2 lortuta. PRDko Andres Manuel Lopez Obrador, berriz, bigarren gelditu zen, botoen %31,8 eskuratuta.

Hain zuzen ere, Lopez Obradorrek ez du onartu auzitegiaren epaia. «Hauteskundeak ez ziren izan ez garbiak, ezta askeak ere». Haren ustez, PRIk botoak erosi zituen eta konstituzioa urratu zuen. Hori dela eta, «bide baketsuetatik» desobedientzia zibila egitera deitu ditu herritarrak: «Erakundeak errespetatu behar ditugu, baina interes jakin batzuen alde ari direla argi dago».

Epaitegiaren atarian ehunka lagun bildu ziren atzo, epaileek azken erabakiaren berri eman aurretik. PRI alderdiaren eta Peña Nietoren aurkako ohiak egin zituzten protestan. Honako lelo hau jarri zuten pankartan: Peña ez da gure presidentea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.