Bozetako iruzurra salatu duten ehunka lagun atxilotu ditu Poliziak Errusian

Nazioarteko presioen ondorioz, Dmitri Medvedev presidenteak hauteskundeak ikertzeko eskatu du

2011ko abenduaren 7a
00:00
Entzun
«Bagara! Geure boza daukagu!», garrasi egin dute ehunka herritarrek Moskun. Hauteskunde mahaietan erakutsitakoa kalera atera dute horrela, eta igandeko bozetako ustezko iruzurraren kontra, justizia eskatu dute. Ez dira bakarrak izan: nazioarteko hainbat ordezkarik gertatutakoa ikertzeko eskatu diote Dmitri Medvedev Errusiako presidenteari, eta haiei jarraiki, Hauteskunde Batzorde Nagusiari eman dio hark agindua. Hala ere, argi utzi nahi izan du ez duela inork «politika nola egiten den» irakasteko beharrik.

Hain zuzen, parlamentuko—Dumako— hauteskundeetan jaitsiera nabarmena izan du Vladimir Putin lehen ministroaren Errusia Batua alderdiak, bi hereneko nagusitasuna galdu eta Dumaren gehiengo osoa gutxigatik eskuratu baitu —450etik 238 aulki lortu ditu, 77 aulki galduta—. Aldiz, oposizioko gainerako hiru alderdiek joan den legealdian baino babes handiagoa erdietsi dute. Adituen iritziz, horren arrazoi nagusia Medvedeven alderdia zigortu nahia izan da. Putinek, baina, egungo egoera kontuan izanik emaitza «onak» jaso dituztela adierazi du.

Emaitzak jakindakoan, beraz, ustez Kremlinek ulertu ez duen zigorra ikusaraztera irten dira herritarrak. Milaka manifestari bildu dira Moskuko kaleetan azken bi egunetan, eta protestetan ehunka lagun atxilotu dituzte; horien artean oposizioko politikariak eta ekintzaileak. Asteleheneko manifestaldian gutxienez 300 lagun atzeman zituen Poliziak, eta horietako hainbati hamabost eguneko kartzela zigorra jarri die epaileak, aginteari desobedientzia egitea egotzita. Beste hainbati isunak ezarri dizkiete.

Atzo, berriz, ehunka lagun bildu ziren, «Putinik gabeko Errusia» aldarrikatzeko, eta Poliziak dozenaka atxilotu zituen. Barne Ministerioak, dena den, azken egunetako asaldura ikusirik, armada sartu du Errusiako hiriburuan, eta gatazkak eragozteko aste osoan bertan edukiko duela iragarri du.

Ikertu beharreko iruzurra

Hauteskunde Batzorde Nagusiak ustez egindako iruzurrak nazioarteko eta Errusiako politikarien zalantzak piztu ditu. Hillary Clinton AEBetako Estatu idazkariagogor mintzatu da bozen inguruan: «Dumako hauteskundeak beste leku askotan ikusi ditugunak bezalakoak izan dira; ez libreak, ezta justuak ere». Erresuma Batuak ere bozetan irregulartasunik izan den ikertzeko eskatu dio Errusiari.

Oposizioko alderdiek Interneten jarritako bideo batean, hain zuzen, hautesleku bateko burua ageri da, hautestontzietan botopaperak sartzen. Medvedevek, baina, «zuhurtzia» eskatu du, eta halako edukiak froga hustzat ezin direla hartu nabarmendu du, «azpijokoa» izan daitezkeelako.

Protesta eta kritika gogorren aurrean, baina, Errusia Batua alderdiaren aldekoak ez dira isilik geratu, eta kalera atera dira. Poliziako iturrien arabera, milaka lagun bildu ziren Kremlinen aldeko elkarretaratzeetan, Garaipen garbia lelopean, igandeko emaitzak ospatzeko.

Ikerketa zentroaren inkesta

Errusiako Iritzi Publikoaren Ikerketa Zentroakjoan den azaroan egindako galdeketa baten emaitzak ezagutarazi zituzten atzo. Bertako datuen arabera, Errusiako herritarrei kezka gutxien eragiten dieten gaiak demokrazia eta giza eskubideak dira. Oro har, galdetutakoen %56ek uste dute gobernua ez dela herrialdeko inflazioa gelditzeko eta bizi-mailaren jaitsiera eteteko gai, eta heren baten aburuz, ministroen kabinetea ustela da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.