Kremlineko buruak bozen %71,2 eskuratu eta bere arerio nagusi abstentzioa garaitzea lortu zuen. Orotara 110 milioi herritar zeuden deituta bozkatzera eta, abstentzioa handia izan zitekeela iragarri zen arren, partehartzea, finean, %64,3koa izan zen. Bozek baliorik izateko hautesleen %50ek parte hartu behar zuten Legebiltzarrerako azken hauteskundeak joan den abenduan egin zituztenean parte-hartzea %56 ingurukoa izan zen.Putinen aurka lehiatzen ziren beste bost hautagaiek emaitza eskasak lortu zituzten. Nikolai Kharitonov komunista bigarren gelditu zen, botoen %13,7 eskuratuta, Sergei Glaziev ezkerreko nazionalistak %4,1eko sostengua jaso zuen eta Irina Khakamada liberalak, berriz, bozen %3,9. Oleg Malishkinek, eskuineko muturrekoak, %2ko babesa jaso zuen eta Senatuko presidente Sergei Mironovek, aldiz, %0,8. Guztien Aurka plataformak, bestetik, botoen %3,5 jaso zituen.ESKE Europako Segurtasun eta Kooperaziorako Erakundeak, ordea, baldintzak ez direla berdinak izan hautagai guztientzat eta hedabideak Putinen zerbitzura egon direla salatu zuen atzo. «Hauteskunde prozesua ez da bat etorri arau demokratikoekin eta Kremlinek onartu zituen baldintzekin», adierazi zuen ESKEko begiraleen buru Julian Peel Jatesek. Europako Batzordeko ordezkari Rudolf Bindigek, berriz, behatutako hauteslekuen laurden batean irregulartasunak egon zirela adierazi zuen. Errusiako Kazetarien Elkarteko presidente Igor Jakovenkoren arabera, iritzi aniztasunari trabak jarri zaizkio bozetan.Ildo horretan, Washington kezkatuta agertu zen herenegun «autoritarismo keinuak» zirela eta. Errusiako Hauteskunde Batzordeko zuzendari Dimitri Kozakek kritikak baztertu eta bozak demokratikoak izan direla helarazi zuen atzo: «Inork ez du zertan gure herritarren portaera aztertu behar». Estatu Independenteen Elkarteko begiraleek bozak «askeak, demokratikoak eta zuzenak» izan zirela iritzi zion.Irina Khakamada liberalak «demokrata guztiak bat egin» eta Putini aurre egiteko oposizioa sortzeko mezua helarazi zuen atzo: «Posible da».
Erreforma liberalak
Emaitzekin pozik agertu zen atzo Vladimir Putin beste lau urtez Kremlineko buru izango dena. «Lorpenak» bermatzeaz gain, «horretan soilik gelditu ez» eta alderdi anitzeko sistema sendotuko duela esan zuen atzo. Egonkortasuna oparotasun bilakatuko duela prometatu ondoren, erreforma liberalak martxan jarriko dituela iragarri zuen: «Herritarren bizitza maila hobetzea izango da nire lanaren ardatza».
Bestetik, herenegun Errusiako Armadako hiru soldadu hil eta beste hamabi zauritu ziren Txetxenian. Moskuko iturrien arabera, soldaduak Kurtxaloi eskualdean izandako leherketan hil ziren.
-
Soslaia
vladimir putin
Errusiako presidentea
«Legearen diktadorea»
Boris Jeltsinek mundu zabalean eman zuen ikuskizun tamalgarria ahaztu vodkaz blai telebista aurrean dantzan atera zeneko ikuskizuna eta ohorea berreskuratzeko oso bestelakoa izango zen agintaria nahi zuten errusiarrek. Gizon zorrotz eta serioaren irudia da Vladimir Putinena (San Petersburgo, 1952). Jeltsin asko miresten zuen, ordea, Vlad Tsar-a ezizena merezita daukan gizon honek eta hark izendatu zuen 1999. urteko abuztuan Errusiako lehen ministro.
Bere ibilbide politikoa, alta, jaioterrian abiatu zuen. Perestroikaren ikur izan zen Anatoli Sobtxaken ikaslea izan zen San Petersburgoko Unibertsitatean gerora haren aholkulari izango zen, 1991. urtean alkateorde izendatu zuten arte. Zuzenbidea bukatutakoan, KGBn sartu zen. Hamasei urte eman zituen bertan espioitza lanetan eta teniente koronela zela 1996. urtean Moskura egin zuen salto. Segurtasun Zerbitzu Federalaren zuzendari izendatu zuten 1998. urtean helmuga bakar batekin: Txetxenia. Mandatua bete zuen Putinek eta Kaukasoko lurraldeetan eragin zuen sarraskiak Kremlineko ateak ireki zizkion Putinochet izendatu zuten hainbat kazetarik garai hartan.Jeltsinek 1999. urtean dimisioa eman zuenean, lehen ministro izendatu zuten eta 2000. urteko bozetan presidentetza eskuratu zuen.Agintean lau urte eman dituen arren, bere espioi iraganari ohore egin eta 007 agente sekretua izaten jarraitzen du askorentzat Putinek. Bere nortasunak iritzi erabat kontraesankorrak sorrarazten ditu herritarren artean: agintari gardena, leiala eta pragmatikoa iritzi diote batzuek haren irmotasuna aintzat hartuta, eta alde ezkutu asko izatea leporatzen diete besteek haren begiradan ageri den itzala aintzat hartuta.Erreforma liberalen aita da Moskun eta Errusia eraberritzeko promesa egin du. Erabat demokratikoak diren idealekin «eszeptikoa» dela esan izan du eta «erromantikotzat» jo ditu liberalismoaren aldarrikatzaileak. «Demokrazia legearen diktadura da» beretzat. Hauxe da bere soslaietan gehien aipatzen den esaldi historikoa.Sistema politiko-poliziakoa ezartzeko gaitasuna ikusten diote Errusiako aditu ugarik Putini eta, ildo horretan, herritarren eskubideak mehatxatuta daudela ohartarazi dute.