Oposizioko indar nagusia da APC, eta Lai Mohamed bozeramaileak azaldu duenez, espero dute Goodluck Jonathan Nigeriako presidenteak porrota aitortzea, Muhamadu Buhari APCko hautagaiaren mesedetan: "Hau izango da lehen aldia Nigerian gobernu bat bide demokratikoen bidez boteretik kanporatuko dutena". Hala egin du Jonathanek; porrota aitortu, eta Buhari zoriondu du.
Nigeriako Hauteskunde Batzordeak argitaratutako datuen arabera, 36 estatuetatik biren faltan, 14,6 milioi boto ditu Buharik, eta 11,3 Jonathanek. Buhari gobernuburu izan zen 1983 eta 1985 artean.
Umaru Yaradua presidente musulmana karguan hil zenean 2010ean, Jonathanek ordezkatu zuen —presidenteorde zen orduan—, eta iparraldekoen agintearen zortzi urteko txanda laburtu zen. Bi komunitate nagusien arteko ezinikusia handitu zen hurrengo urtean, Jonathanek alderdiko barne oposizioa gainditu eta presidentegai aurkeztu zenean. Hauteskundeek bitan erdibitu zuten herrialdea: hegoaldean, Jonathanen alde egin zuten; iparraldean, aldiz, Buhuri babestu zuten.