Flandriakoa bakarrik ez, Belgikako estatuko hiriburu ekonomikoa ere bada Anberes, eta bertako alkate aukeratu zuten igandean hautesleek N-VA alderdi flandiar independentistako buru Bart de Weber. «Gaur lortu duguna historikoa da. Atzera bueltarik ez duen puntu batera heldu gara historian», adierazi zuen hedabideen aurrean De Weberrek garaipena ematen zioten emaitzak jakinarazi berritan. «Flandriarrok gure arabera kudeatu behar dugu. Horregatik dei egiten diot Di Lipo lehen ministroari. Politikari frantses hiztunak, arduratu eta presta zaitezte erreforma konfederala gurekin hitzartzeko. Krisialdi hau gainditzeko bide bakarra da», erantsi zuen.
Inkestek aurrikusia zioten garaipena lortua zuen hitzok esaterako, bozen %36,3 eskuratuta. Sozialisten 90 urteko nagusitasunaren akabera baieztatu zuen N-VAko hautagaiak. Eta Flandria osoan boz gehien lortu duen alderdia izan da berea.
Erantzunak
De Weberren erronkari berehala erantzun zioten aurkari politikoek. Belgikako Energiarako estatu idazkari Paul Magnette sozialistak, esaterako, udal hauteskunde batzuk besterik ez duela irabazi gogorarazi zion. Flandriako frantses hiztun federalisten lehendakari Olivier Maingainek, aldiz, garrantzia eman zien emaitzei: «Dramatikoa da». Erantsi zuenez, Belgikako gobernuburu Elio Di Ruporen «porrota» adierazten dute. «Datuok argi uzten dute gobernuak ez duela flandriar abertzaleen gosea asetzen asmatu».
Duela bi urteko hauteskunde orokorretan N-VA alderdiak lortu zuen boto gehien Belgika osoan, baina osatu zen koalizio gobernutik kanpo utzi zuten. Gobernu horretako buru egiten da Elio Di Rupo sozialista, eta hemendik bi urtera egingo dituzten hauteskunde orokorretarainoko bidea ez du erraza izango, De Weberrek Anberesko plaza izango baitu berari aurre egiteko.
Estatuko hiriburuan, Bruselan, Freddy Thielemans sozialistak alkatetzari eutsi zion, eta, hala, aurreikuitakoa bete.
Bozetan gora egin du N-VA alderdiak, eta nagusi bihurtu Flandrian
Anberes hiriburu ekonomikoko alkatetza eskuratu du alderdi independentistako buru Bart de Weberrek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu