Mundua

Bozetara berriz aurkeztu ahal izango da Chavez, konstituzio erreformarako erreferenduma irabazita

Venezuelako presidenteari bi agintalditan baino gehiagotan postuan egoteko bidea ireki diote herritarren %54k aukera horren alde bozkatu zutelako atzoko galdeketan.

2009ko otsailaren 16a
18:06
Entzun
Presidentetzarako hauteskundeetara berriz aurkeztu ahal izango da Venezuelako presidente Hugo Chavez, konstituzio erreformarako atzo eginiko erreferenduma irabazi duelako. Kargudun publikoek bi agintalditan baino gehiagotan boterean egoteko duten muga kentzea proposatzen zuen erreformari baiezkoa eman zioten herritarren %54 inguruk, botoen %94 inguru zenbatuta. Oposizioak kontrako botoa eskatu zuen, baina 10 puntuko aldearekin galdu zuen: %45. Parte-hartzea %67,05ekoa izan da.

Orain arte Venezuelako Konstituzioak pertsona berari bi agintalditan baino gehiagotan presidente izatea galarazten zion. Muga hori kentzeko, kargudun publikoak hauteskundeetara nahi adina aldiz aurkeztu ahal izatea proposatu zuen Chavezek Konstituzio zuzenketa baten bidez.

Europan, esaterako, ez dago agintaldi kopuru mugarik eta Chavezek hauteskundeetan irabaziz gero baino ez du agintean jarraituko, jakina, baina halarik ere, Venezuelako oposizioak (eta Espainiako, hedabide handiek batik-bat) haren aurka egin dute bozetara berriro aurkeztu nahi izan duelako, eta agintean "betikotu" nahi duela leporatu diote. Dena dela, eginiko galdeketa gehien-gehienak irabazi ditu Chavezek, 2007ko abendukoa izan ezik. Urte hartan Chavezek konstituzio erreformarako 69 puntu proposatu zituen Chavezek, tartean herritarrei politikagintzan parte hartzeko bidea erraztea, eta presidentearen agintaldien gaineko muga kentzea. Azken hori izan zen, hain zuzen ere, orduan kritika gehien eragin zituena. Galdeketa hori oso gutxigatik galdu zuen, ia bi punturengatik; kontrako botoak %51 inguru eta aldekoak %49 inguru izan baitziren.

Nolanahi ere, eta oraingo garaipenaren ondotik Chavezek gaur adierazi du galdeketaren emaitza "herriaren eta iraultzaren garaipena" izan dela, eta 2012ko Presidentetzarako hauteskundeetan PSUV Venezuelako Alderdi Sozialista Batuaren hautagaia izango dela iragarri du. Oposizioak gaur egun ez du Legebiltzarrean ordezkaritzarik, azken bozetan hauteskundeetan ez zuelako parte hartu nahi izan, eta haiek boikotatu egin zituen.

"Etorkizunaren ateak ireki ditugu", esan du Miraflores Jauregiko balkoitik, haren garaipenaren berri izan ondotik. Milaka jarraitzaileren aurrean, "benetako sozialismoa eraikitzeko bidea indartzeko" deia egin die venezuelarrei, hori baita "duintasunerako bidea", haren iritziz.

Oposizioaren porrota

Boto emaile gehienen erabakiak etsipena eragin dio Ezetzaren Blokeari, herritarrek Chavezen erreforma errefusatzea espero baitzuen.

Emaitzen berri izan eta bi ordura, eta presidenteak hitz egin eta gero, Omar Barboza oposizioburuak aitortu egin du baietzak ezetzak baino "boto gehiago" lortu dituela. "Aitortu egin behar dugu", esan du Barbozak.

Barboza kexu agertu da Chavezek "abantaila" izan duelako, oposizioa konstituzio zuzenketa baten aurka baino "Estatuaren aurka" egin behar izan dutelako, kanpainan zehar.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.