2014a urte erabakigarria izan arren, impasse-an amaituko da Kataluniako prozesu subiranistarentzat. Artur Mas presidenteak iragarri du «erabaki zailak, eta ez arriskurik gabeak» hartu beharko dituztela datozen asteotan, eta batasuna eskatu die katalanei, «horrek eragiten diolako izua estatuari». 2015ean jarduera okerrak zuzentzeko promesa egin du Kataluniako presidenteak, bere gobernuaren inguruko ustelkeriari erreferentzia eginez.
Prozesu subiranistari buruz, ordea, ez du argibiderik eman. Azaroaren 9az geroztik, presidenteak zain dauzka Kataluniako independentistak, hurrengo urratsak noiz zehaztuko. Independentziari buruzko galdeketak espero izandako arrakasta lortu zuenez gero, hauteskundeetara deitu behar luke Masek —hala agindu zuen A-9rako bere plana aurkeztu zuenean—, baina alderdi subiranista nagusien arteko negoziazioak astiro doaz aurrera. Masek eta Oriol Junqueras ERCko buruak duela hilabete inguru azaldu zituzten euren asmoak, nork bere aldetik, eta agerian utzi zuten desadostasun nabarmenak dituztela bozetara aurkezteko moduari dagokionez. Masek hautagaitza bateratua eskatu zien gainerako alderdi subiranistei; edo, gutxienez, ERCri, jakinik CUPek hasieratik esango ziola ezetz halako proposamen bati. Junquerasek nahiago ditu zerrenda bereiziak, baina guztien artean adostutako marka eta puntu programatiko berarekin aurkeztuta.
Harrezkero, isilpean bilerak egiten aritu dira; aipatutako alderdiek ez ezik, independentziaren aldeko erakunde eta herri mugimendu nagusiek ere parte hartu dute horietan. Joan den asteburuan eman zuten lehenbizikoz halako bilera baten berri, nahiz eta edukitik ezer gutxi heldu den egunkarietara. «Elkarrengana gerturatzeko urratsak» aipatu ditu ERCk, eta «harreman egokiak» CiUk; oraingoz, ordea, ez dute aditzera eman inork bere hasierako asmoari uko egin dionik.
Argudio ofiziala berbera da guztien ahotan: ahalik eta boto independentista gehien bilduko duen formula bat behar da. CiUren proposamenak zerrenda nazional bat osatzea esan nahiko luke, alderdietako ordezkariez gain gizarte zibileko eta kulturako pertsona ezagunek ere osatuko luketena; hartara, herritar gehiagorentzako erreferentziala izateko aukerak leuzkake zerrenda horrek.
Presidentearen hitzaldia izan baino lehentxeago, ERCk bere tesia indartzen duen inkesta bat argitaratu du: haren arabera, marka independentista duten zerrenda bereiziak aurkeztea da boto gehien erakartzeko modu egokiena. Tastic Consulting enpresak egindako galdeketaren arabera, era horretan botoen %39,2 bilduko lituzkete CiUk, ERCk eta CUPek —CiUk izango lituzke boto gehien—. Masen proposamenak %36,4 pilatuko lituzke bi alderdi nagusiak elkartu eta CUP gehituz gero; eta hauteskundeetara betiko moduan aurkeztuta, %37, baina ERC nagusi izanik.
Egutegi kontuak
Gobernuak lehendik ere jakinarazia zuen ez zuela urte berrira arte hauteskundeetara deituko. UDCk ere Errege Egunera arteko epea eman dio koaliziokideari; itxaronaldia gehiegi luzatzea guztientzat kaltegarria dela argudiatu du Ramon Espadaler idazkari nagusiak. Independentziari buruzko bozak nahi dituzten gehienak bat datoz: egitekotan, Aste Santuko oporren aurretik egin behar dira, maiatzeko udal hauteskundeen kanpainak ez ditzan irentsi. Kasu horretan, Masek ia urtarril osoa leukake oraindik deialdia egiteko.
Francesc Homs gobernuko eledunak ere nabarmendu du Generalitateak ez daukala presarik: «Orain herritarrei zuzenean eragiten dieten auziei eman behar diegu arreta». Amaitzear den urteko aurrekontuak egoera berrira nola moldatu da orain gobernuaren kezka nagusia. Izan ere, diru kontuak prozesu subiranistaren menpe daude: ERCk babesa eskaini dio CiUri, baina 2015eko aurrekontuak hauteskundeak igarota onartzekotan; hartara, «independentziaren bide orrira hobeto egokitzen den plangintza» egin dezakete.