Bozetarako atzerako kontua hasi du Greziako trantsizio gobernuak

Hauteskundeetako emaitzen zain geratuko da NDF, Atenasko gobernu berriarekin hizketan hasteko

Erredakzioa
2012ko maiatzaren 18a
00:00
Entzun
Berriro, hilabete inguruko epean, hauteskundeak antolatzeko helburuarekin sortu da Grezian Panaiotis Pikrammenos legegizonak gidatutako trantsizio gobernua. Estatuaren oinarrizkokudeaketaz arduratzea izango da gobernu berriaren egitekoa, eta ez du erabaki garrantzitsurik hartzeko eskumenik izango. Trantsizio gobernuak kargua hartu ostean, NDF Nazioarteko Diru Funtsak esan du hauteskunde berrien emaitzak jakiteko zain geratuko dela Atenasko gobernu berriarekin elkarrizketa hasteko.

Hala ere, Richard Hawley NDFko bozeramaileak nabarmendu du Grezia eurogunetik ateratzea ez dela NDFk nahi duen konponbidea. Baina, hain zuzen ere, arrisku hori argudiatuta jaitsi dio zorraren kalifikazioa Fitch rating agentziak Greziari: B- mailatik CCC mailara.

Greziako ziurgabetasun egoeran trantsizio gobernuaren gidaritza karguaren zina egiterakoan umorea erabili du lehen ministro berriak. Garai zail honetan herrialdea kudeatzeko pertsonarik aproposena bera dela esan dio Karolos Papulias presidenteari, bere abizenari erreferentzia eginez. Izan ere, Pikrammenos abizenak ozpindua esan nahi du grezieraz.

Neonaziak legebiltzarrean

Maiatzaren 6ko bozetatik sortutako parlamentu berria ere osatu dute Grezian. Atzo hartu zituzten euren karguak diputatu guztiek. Zazpi alderdirekin, 1977tik Grezian izan den legebiltzarrik zatituena da, eta alderdien arteko ezin ulertuak eragin du gobernurik osatu ezina eta berriz ere bozetara deitu behar izana. Gainera, Egunsenti Urrekara alderdi neonaziko 21 diputatuk ere kargua hartu dute. Atenasko Parlamentuan indar neonazi bat sartu den lehen aldia da II. Mundu Gerraz geroztik.

Gaur legebiltzarreko presidentea eta mahaia hautatuko dituzte, baina igandean desegin egingo dute parlamentua. Izan ere, ziurrenik ekainaren 17an egingo dituzte hauteskundeak, eta, horretarako, ezinbestekoa da aurreko hiru asteetan legebiltzarra itxita egotea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.