Bozetarako Obamaren apustua zapuztu du AEBetako Senatuak

Aberatsei zergak %30 igotzeko, 'Buffet araua' lege ekimena proposatu dute demokratek, baina atzera bota dute

Erredakzioa
2012ko apirilaren 18a
00:00
Entzun
AEB Ameriketako Estatu Batuetako Alderdi Demokratak ez du lortu Buffett araua edo aberatsei zergak igotzeko legea aurrera ateratzea. Demokratek gutxienez 60 boto behar zituzten proposamena aurrera ateratzeko, baina soilik 51 bereganatu dituzte —Senatua 100 kidek osatzen dute; 51 demokratek, 47 errepublikanok eta 2 independentek—. Maineko senatariak ez ezik, errepublikano guztiek ezezko botoa eman zuten, baita Arkansasko Mark Pryor senatari demokratak ere. Lege ekimenak ez zuen aurrera ateratzeko aukera handirik. Izan ere, senatuak baiezkoa eman arren, parlamentuaren baiezkoa lortu beharko zuen, eta han errepublikanoek dute gehiengoa.

Dena den, demokratek ez dute amore eman, eta azaroaren 6ko presidentetzarako hauteskundeetarako kanpainako gai indartsuenetakoa bihurtu du Barack Obama AEBetako presidenteak. 761.500 eurotik gorako urteko errenten gaineko zerga %30koa izatea da demokraten proposamena; Warren Buffett dirudunak egin zuen zerga igotzeko proposamena, dirudunek erdiko klaseak baino zerga gutxiago ordaintzen dituztela onartu ondoren. Obamaren esanetan, «Errepublikanoek aberatsak babesten dituzte, eta garrantzitsua da erdiko klaseari bere interesen alde egiten dugula erakustea».

Bozetarako prestatzen hasita

Errepublikanoek guztiz kontrako neurriak proposatu dituzte AEBetako ekonomia suspertzeko. Horrela, datozen hilabeteetan George W. Bush AEBetako presidente ohiak ezarritako zerga murrizketari eutsiko dioten erabaki beharko dute parlamentuan. Errepublikanoen ustetan, zergen jaitsierak enpresen konfiantza berma dezake.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.