Zuzeneko kontaketa

Bozkalekuak zabaltzetik boto zenbaketara, egun historikoa

09:00etan ireki zituzten bozkalekuak Katalunian, eta Kataluniako Generalitateak lehen orduetako normaltasuna nabarmendu zuen. 08:30erako hainbat ziren kanpoaldean ilara luzeak zituzten hauteslekuak.

Jon Ordoñez - Jon Olano
2014ko azaroaren 10a
07:23
Entzun

Azaroaren 9a iritsi da, eta kataluniarrak bozkatzera joan dira. Egunean zehar normaltasuna izan da nagusi.

23:00: Agerraldia egin du Artur Masek, bozkalekuak itxi baina lehen emaitzak eta parte hartze datuak iragarri aurretik. Uste du Kataluniako prozesu subiranista "indartuta" atera dela galdeketatik.

22:05: Cardedeun bozkalekua hutsarazi dute, mehatxuak idatzita zituen gutun azal batean hauts zuria topatu ostean.

21:40: Bartzelonako guardiako epaileak ikerketa abiatu du, Joana Ortega Generalitateko presidenteordeak parte-hartze datuak emateagatik. Plataforma X Catalunyak salaketa jarri du Ortegaren kontra. Epaileak ez du badaezpadako neurririk hartu.

21:05: Rafael Catala Espainiako Justizia ministroak galdeketa egunaren balorazioa egin du. Nabarmendu du "balio demokratikorik" ez duela izan galdeketak, eta "saio baliogabea" izan dela. Espainia erregimen demokratikoa dela eta herri galdeketak araututa daudela azaldu du, eta erantsi gaurkoa ezein marko juridikotik kanpo egin dela. Horrez gain, jakinarazi du fiskalak datuak biltzen jarraitzen duela, eta datozen egunetan erabakiko duela neurririk hartuko duen kontsulta egiteagatik izan daitezkeen delituengatik. Mas ere prentsaurrean agertzekoa da gaur.

21:00: Eguneko irudietako bat Artur Masek eta David Fernandezek elkarri eman dioten besarkada izan da.

[Youtube]http://youtu.be/s52j4iWscus[/Youtube]

20:20: Euskal ordezkari ugari izan dira Katalunian, galdeketa bertatik bertara jarraitzeko. Horien iritziak bildu ditu BERRIAk:

[Youtube]http://youtu.be/Q7kcZt7sQ_Q[/Youtube]

20:15: Gaur botoa eman ez dutenek hamabost egun izango dituzte hala nahi izanez gero botoa emateko. Kataluniako Gobernuak Bartzelona, Manresa, Girona, Tortosa, Lleida, Tarragona eta Trempen dituen ordezkaritzetan izango dute botoa emateko aukera. Gobernuak 23:00 aldera jakinaraziko du parte hartze datua, baina bihar emango ditu galdeketaren emaitzak.

20:00: Itxi dituzte bozkalekuak, eta hasi dira botoak zenbatzen. Oraindik ilarak daude hainbat lekutan, eta  hautetsontziak itxi arren, ilaretan daudenei botoa emateko aukera emango diete. Esker mezua zabaldu dute ANCk eta Omnium Culturalek.

19:35: 1.977.531 lagunek eman dute botoa 18:00etara arte, Joana Ortegak jakinarazi duenez. 23:00etan jakinaraziko dituzte behin betiko datuak.

19:00: Monica Terribas Catalunya Radioko kazetariari elkarrizketa egin dio Martxelo Otamendi BERRIAko zuzendariak.

[Youtube]http://youtu.be/7N_9fsCwm2A[/Youtube]

17:20: Kataluniatik kanpo ere ilara luzeak sortzen ari dira herritarrak, botoa emateko. Parisen eta Bruselan, esaterako, beste mahai bat atondu behar izan dute, lortzen ari ziren ilara luzeen eraginez.

16:55: Nazioarteko hedabideetan oihartzun handia izaten ari da Kataluniako galdeketa. Kontsulta "kosta ahala kosta" deitu dutela dio Liberation Frantziako kazetak. BBCk, espainierazko bertsioan, galdetu du ea Katalunia noizbait independentea izan den. Galderak egin ditu Al Jazeerak ere: arrazoirik al dute katalanek Espainiatik banantzeko? herrialde izateko gai al da?.

16:40: Bartzelona, Tarragona eta Badalonako guardiako epaileek ez dituzte aintzat hartu herritar eta eragile politiko ugarik zenbait bozkaleku ixteko eskatutako badaezpadako neurriak. Bartzelonako epaileak, UPDren eskariari muzin eginez, erantzun dio "neurrigabea" dela bozkalekuak itxiaraztea.

16:15: Gaur gauza asko bozkatzen dira. Katalanismoa askatasunerako joera politikoa da, eta gaur bozkatzen dugunean Euskal Herriarengatik eta Sahararengatik bozkatzen dugu". Hala mintzatu da David Fernandez CUPeko parlamentaria, botoa eman ostean.

[Youtube]http://youtu.be/tP9nK6RjMDE[/Youtube]

15:30: Mossoek fiskaltzaren esku utzi dute bozkalekuen zerrenda. Fiskalak atzo eskatu zuen zerrenda hori, ikertzeko ea galdeketarako lokal publikoak atontzea delitu izan daitekeen, Espainiako Auzitegi Konstituzionalak kontsulta baliogabetu eta gero.

14:30: 1.142.910 lagunek eman dute botoa 13:00era arte, Joana Ortega Kataluniako Gobernuko presidenteordeak jakinarazi duenez. Esaterako, 2006an estatutuaren inguruko erreferendumean, 67.000 lagun gutxiagok bozkatu zuten 14:00etarako.

14:00: Galdeketak iritsi da ia egunaren erdira, eta ilarak egoten jarraitzen du hainbat bozkalekutan.

13:50: Ravalen pozik dira etorkinen parte hartze altuarekin.

13:20: Goizak aurrera egin ahala geroz eta gehiago dira bozkatzera joan diren kataluniar ezagunak. Ilarak daude oraindik bozkatzeko. BERRIAren argazki bilduma, handitzen.

12:45: Gironan hautetsontzi bat puskatu duten lau kaputxadunak atxilotu dituzte. Eguneko istilu bakarra da eskuin muturreko horiek dira.

12:32: [BIDEOA] Ernest Maragall Hezkuntza sailburu ohia eta ERCko europarlamentariak, Ferran Mascarell Kultura sailburuak eta Toni Segura unibertsitate irakasleak botoa eman dute jada (Martxelo Otamendi):

[YouTube]http://youtu.be/MMDByY-n8gQ[/YouTube]

12:30: Artur Masek txalo artean bozkatu du. Bideoa: Martxelo Otamendi:

[YouTube]http://youtu.be/IVrhKQS7yOQ[/YouTube]

12:17: Xavier Trias Bartzelonako alkateak berretsi du Bartzelonan ez dela batere arazorik izan lehen orduetan. "Gaurkoa egun bereziki polita da, jendea erabakitzeko bere eskubidea baliatzen ari delako". Herritarrak bozkatzera deitu ditu, eta gaineratu du: "Inork esaten badu hau legea urratzea dela, erotu egin da".

12:11: Maite Iturre Udalbiltzako lehendakariordeak sinatu egin du Kataluniako hautetsiek Nazio Batuen Erakundean, Europako Parlamentuan, Europar Batzordean, Europako Kontseiluan eta OSCEn aurkeztuko duten salaketa. Iturrek Udalbiltzako alkate eta zinegotzien atxikimendua adierazi dio Josep Maria Vila d'Abadal Independentziaren aldeko Udalerrien Elkarteko arduradunari. Espainiako estatuari leporatzen diote Kataluniako herriaren etorkizun politikoa erabakitzeko eskubidea ukatzea.

12:06: Carod-Rovirak ere bozkatu du, Tarragonan. "Kataluniarra da hala izan nahi duen oro", esan dio aste honetan BERRIAri.

12:00: Hiru ordu pasa dira bozkalekuak ireki dituztenetik, eta ilarak luzeak dira oraindik, are eta luzeagoak zenbait lekutan. 

11:48: Samara Velte BERRIAko kazetariak Bartzelonatik jakinarazi duenez, iturri ez ofizialen arabera lehen bi orduetan parte hartzea %30ekoa izan da jada. Dirudienez, kataluniarrak bozkatzeko gogoz dira.

11:46: Generalitateak 14:00etan emango ditu lehen parte hartze datuak. Eguneko lehen oharrean normaltasuna nabarmendu du.

11:30: Duran i Lleidak Bai/Ez bozkatu du, eta gogorarazi du bera ez dela independentista.

11:23: Pedro Sanchez PSOEko idazkari nagusiak katalanez txiokatu du, Espainiatik. "Kataluniako gazteekin bilduta Toledon, ulermenaz, elkarbizitzan eta erreforma federalaz hizketan", dio.

11:21: Kataluniatik kanpo, nazioarteko 19 hiritan bozkatu ahal izango dute kataluniarrek. 220.000 daude atzerrian.

11:19: Mariano Rajoy Espainiako presidentea bere bulegotik ari da jarraitzen Kataluniako galdeketa, Efe albiste agentziak jakinarazi duenez. Atzo esan zuen gaurkoa ez dela "ez erreferenduma, ez kontsulta, ezta antzeko ezer ere ez".

11:15: Carme Forcadell ANCko presidenteak Sabadellen bozkatu du eta esan du gaurko eguna jada badela arrakastatsua, parte hartzea alde batera utzita ere. "Iritsi garen tokira iritsita, Espainiako estatuari desafio eginda, irabazi dugu", adierazi du bozkalekuaren kanpoaldean.

11:10:Saioa Baleztenaren kronika Guinardo auzotik: "Kolore berezia, Guinardoko kaleetatik".

10:45: Jakinarazi dute L'Hospitaleten ezin izan dutela bozkaleku bat ireki, ikastetxeko zuzendariak ez duelako giltzak utzi nahi izan.

10:40: Animoso dago jendea, eta giro ona da nagusi bozkalekuen kanpoaldean sortu diren ilaretan.

10:35: Josep Maria Pelegrí Nekazaritza kontseilariak esan du Bai/Ez bozkatu duela, alegia, baietz Katalunia estatu izateari baina ez estatu independente izateari. Unio-koa da Pelegri.

10:30: Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusia ere Katalunian da.

10:20: Mossoek jakinarazi dute ez dutela aurreikusten inor identifikatzea. Hala dio Efe albiste agentziak, polizia iturriak aipatuz.

10:05: UPDk salaketa bat aurkeztu du Mas, Rigau eta Espadalerren aurka, eta bozkalekuak itxi eta identifikatzen ez dena atxilotzeko eskatu du.

10:00: Ordubete pasa da bozkalekuak ireki dituztenetik, eta ilarak handiak dira oraindik. Lehen parte hartze datuak aurki emango dituzte.

09:25: 16 urtetik gorako 5,4 milioi kataluniarrek bozkatuko dute gaur. Bozkalekuak 1.317 dira, eta bozkatzeko mahaiak, 6.695. Amposta, Manresta, L'Hospitalet... denetan sortu dira ilarak bozkatzeko. Eta nola ez, Bartzelonan.

09:15: 40.930 boluntario izango dira gaur galdeketa ahalbidetzeko, eta guztiak, beharrezkoak.

09:00: Bozkalekuak ireki dituzte. Txalo artean egin dute zenbait kasuetan. Kataluniar askok ez dute itxaron nahi izan., eta asko dira lehen orduan bozkatzera joan direnak.

[YouTube]http://youtu.be/_WmztGFuHY4[/YouTube]

08:55: Bozkalekuetan dena prest zuten ordurako.

08:45: Goizeko 09:00etan irekiko dituzte bozkalekuak Katalunian, eta jada aurretik lehen ilarak sortu dira botoa emateko.

Bozkatzen lehenak Australian bizi diren kataluniarrak izan dira. Tokion ere bozkatu dute goizalean.

00:00: Ara es l'hora-ren Sant Jaume plazako ordularian atzerako kontaketa egin dute hainbat kataluniarrek. Azaroaren 9a iritsi da. Ordua iritsi da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.