Mundua

Bozketa eguna Eskozian, SNP abertzalea faborito dela

Hala ere, azken egunetan laboristek gutxitu egin dute aldea. Irabaziz gero autodeterminazio erreferenduma aipatu du SNPk.

2007ko maiatzaren 3a
10:22
Entzun
Juanma Sarasola

Eskoziako Legebiltzarrerako gaur egingo dituzten hauteskundeetarako SNP Eskoziako Alderdi Nazionala da oraindik faboritoa, baina hilabeteotan inkestetan erakutsitako aldea jan egin dio Alderdi Laboristak --agintean--. Abertzaleak nagusituz gero, Eskozia independentzia berreskuratzeko bidean jartzeko duten asmoari gogor egin diote aurre laboristek asteotan, eta badirudi beldurraren botoa eta zalantzatiena ere mobilizatzeko gai izango direla. Herenegun «ondorioetan hondamendi eta ariman erreakzionario» iritzi zion independentziaren aukerari laboristen buru eta Erresuma Batuko lehen ministro Tony Blairrek.

Legebiltzarreko 129 diputatuetatik 73 barrutika hautatuko dituzte, eta beste 56 eskualdeka. Eskozia zortzi eskualdetan banatuta dago. Horrez gain, udal hauteskundeak ere egingo dituzte Eskozian, 32 udalerritan.

ICM etxeak eta The Scotsman egunkariak batera eginiko azken inkestak erakusten du beldurraren mezuak emaitza onak eman dizkiola Alderdi Laboristari, behintzat boto asmoetan. Halere, SNP doa oraindik aurretik boto asmoetan, %2ko aldearekin barrutikako botoetan eta %1ekin eskualdekakoetan. Inkesten arabera, SNPk 43 diputatu lortuko ditu, (egun, 26 ditu), eta laboristek 42 (egun, 50). Liberal Demokratek 23 (egun, 17), kontserbadoreek17 (gaur egun bezala), Berdeek bat (egun, zazpi) eta besteek hiru (egun, 12). Kanpaina hasi zenetik, duela bost astetik, SNPrekiko sostengua egonkor mantendu da, eta laboristekikoak gora egin du.

POLARIZAZIOA AREAGOTUZ JOAN DA. Alderdi abertzale nagusiaren eta laboristen arteko lehia gogortu ahala, areagotu egin da polarizazioa, eta liberal demokratek orain arte inkestetan zuten babesa murriztu da, eta barrutikako botoetan %19tik %16ra jaitsi da, eta eskualdekako botoetan %17tik %16ra.

Duela lau urte parte-hartzea %50 baino txikixeagoa izan zen; orain hala laboristak nola independentistak hautesleak mobilizatzen saiatu dira. SNPk %60ko parte-hartzea espero duela adierazi du. Gobernatu ahal izateko 129 eserlekuetatik 65 gutxienez izatea -bakarka nahiz koalizioan- beharrezkoa denez, eta argi dagoenez SNPk eta laboristek ez dutela elkarrekin koaliziorik osatuko, koalizioen kinielan, liberal demokratez gain, kontserbadoreak eta berdeak ere sartuko lirateke.

Gaur egun, Alderdi Laborista da nagusi Edinburgon, eta Liberal Demokratekin osatzen du koalizio gobernua, bai 1999tik bai 2003tik. Laboristek 50 diputatu dituzte, eta liberal demokratek 17. Bigarren indarra da SNP, 26 diputaturekin -bat Legebiltzarreko presidentea da-, eta kontserbadoreek 17 dituzte, 2003an lortutako diputatuetako bat independente bilakatu ondotik. Berdeek (SGP), sozialistek (SSP Eskoziako Alderdi Sozialista eta Solidarity alderdia), herritar zaharrek (SSCUP) eta independenteek osatzen dituzte talde parlamentariorik txikienak.

SNP nagusituz gero, erreferenduma egin nahi du independentziaz. Jakinarazi duenez, 2010ean egingo luke, lehenik «trantsizio tarte bat» utzita, herritarrak «SNPren gobernuaren onurez konturatzeko». Hain justu, datorren maiatzaren 9an hasiko den legegintzaldi berriaren bukaera aldera egingo luke galdeketa.

INGALATERRAN ERE, UDAL BOZAK. Eskoziaz gain, Ingalaterra ere izango da laboristen arretaren jomuga, 312 udalerrietarako bozak -Londresen iaz bozkatu zuten- egingo baitituzte gaur. Blairren agintaldi bukaeran bere alderdiaren ibilbideaz nolabaiteko epaia adieraziko dute ingelesek ere. Inkestek kontserbadoreak dauzkate faboritotzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.