Lakhdar Brahimi NBE Nazio Batuen Erakundearen eta Arabiar Ligaren Siriarako mandatari bereziak bere egitekoa hartu zuenetik erakutsi duen ezkortasuna erakutsi du beste behin. Oraingoan, NBEko Segurtasun Kontseiluan. Egoera etengabe txarrera doala esan dio Brahimik NBEren organo gorenari, eta «geroeta gehiago» gerra zibil egoeran murgiltzen ari dela. Elkarrizketarako tarterik ez duela espero gehitu du. Jan eskasia gero eta larriagoa dela ere adierazi du, eta Damaskoren jarrerarekin oso kritiko agertu da. Hala ere, aurrera egiteko «hainbat ideia» dituela adierazi du, baina ez ditu zehaztu.
«Gobernuak Siria zaharrera itzuli nahi du», Brahimiren ustez. Mandatari bereziak dioenez, Baxar al-Assad presidenteak ez du erreforma politikoak egiteko «asmo zintzorik». Brahimik Segurtasun Kontseiluko hamabost kideei azaldu die Damaskorentzat gatazkaren oinarrian «nazioarteko konspirazio bat» dagoela, eta uste duela atzerriko 5.000 ekintzaile daudela Sirian borrokan. Siriako Gobernuak jendaurrean duen diskurtsoarekin bat dator hori, azken finean.
Brahimiren arabera, gobernuko indarrek atxilotuak torturatzea «ohikoa» da, eta «jendea» ospitalera joateko beldur da, «gobernuko indarren esku» daudelako. Borroken ondorioz desplazatutakoak 1,5 milioi direla esan du mandatari bereziak, eta horietako 280.000k ondoko herrialdeetara ihes egin dutela.
NCCren bilkura Damaskon
Siriako oposizioaren zati batek, berriz, konponbide politikoaren eta atzerriko erasoaren aurkako jarrera berretsi du. Ezkerreko hamasei alderdik osatutako NCC Koordinazio Nazionalerako Batzordeak bilkura bat egin du Damaskon joan den igandean. Errusiako, Irango eta Txinako ordezkariak ere egon dira bileran. Azken adierazpenean, NCCk «erregimena bere sinbolo guztiekin» botatzeko nahia duela agertu du, baina, «iraultzaren helburuak lortzeko, borroka baketsua» aldarrikatu du. Bilerara joatekoak ziren NCCko bi kide desagertu egin dira Damaskon lurreratu ondoren. Erakundeak gobernuari egotzi dizkio desagerpenak, baina agintariek diote «talde terroristek» bahitu dituztela.
Brahimik NBEko Segurtasun Kontseiluari esan dio Sirian ez duela elkarrizketa espero
Siriarako mandatari berezia kritiko agertu da Damaskorekin, erreformak egiteko asmorik ez duela esanez
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu