Brasilgo ehunka errepide blokeatu eta hainbat hiritan garraio publikoa geldiarazi dute manifestariek Borroken Egun Nazionalean, lan baldintzen hobekuntza eskatzeko. Besteak beste, lan astea 44 ordutik 40 ordura pasatzea eta erretiro aurreratuen pentsioak jaisten dituen legea aldatzea eskatu dute.
Atzoko protesta egunak ez zuen izan ekaineko mobilizazioek izandako babesa. Sao Paulon izan ziren manifestazio nagusiak; 35 martxa egitera iritsi ziren bertan. Jendetsuenetan, 20.000 pertsona inguru batu ziren.
Brasilgo sindikatu nagusi Langileen Zentral Bakarrak, gobernuan den Langileen Alderdiari lotutakoak, ez du bat egin greba deialdiarekin, baina bai Borroken Egunarekin.
Rio de Janeiron, protestan ari zen talde bat sakabanatu zuen Poliziak.