BRASIL. HAUTESKUNDE OROKORRAK. «Lula aurrerantzean ere lider garrantzitsua izango da Brasilgo Gobernuan»

Presidenteak hasitako bideari jarraitu behar zaiola uste osoa dauka, eta horretarako Dilma Rousseff dela egokiena; nazioarteak Brasilekiko izan duen ikuspegi aldaketa etxeko politikari esker lortu dela dio.

Amagoia Mujika Tolaretxipi.
2010eko urriaren 3a
00:00
Entzun
Brasilgo Gobernuaren zuzendaritzan Nazioarteko Harremanen idazkaria da Valter Pomar; exekutibaren alde ezkerrekoena ordezkatzen du, eta PT Langileen Alderdiaren presidenteordea ere bada. Gobernuan luzaroan egongo direla pentsatzen du, herritarrek eskertzen dutela egiten ari direna.

Azken inkesten arabera, Dilma Rousseff PT Langileen Alderdiaren hautagaitzak behera egin du, Enerice Guerra aholkulari ohiaren ustezko ustelkeriaren ondorioz. Bigarren itzulia eragingo duela uste duzu?

2002ko eta 2006ko hauteskundeak irabazi genituen, Lula gure hautagai izanda, eta bi bozak bigarren itzulian. Beraz, bigarren itzuliko lehiak ez gaitu beldurtzen, prest gaude horretarako. Garrantzitsuena da irabazi egingo dugula, urriaren lehen igandean edo azkenean izanda ere.

Lularen arrakastari eta laguntzari esker dago Rousseff neurri handibatean inkestetan horren altu. Rousseffek behin irabazita, haren ondoan jarraituko du Lulak?

Ez dago erabakita. Jakina dena da Dilma Rousseff izango dela Brasilgo presidente eta PT izango dela herriko alderdirik sendoena. Ez dago dudarik, hala ere, Lula aurrerantzean ere lider garrantzitsua izango dela gobernuan.

Ustelkeriaz gain, etxean egindako politika ezin izan du kritikatu Jose Serra oposizioko kideak, eta nazioarteko politikarekin sartu da, Irangoeta Latinoamerikako «diktadurekin» aliatu zaretela esanez. Zer diozue akusazio horri?

Gezur handia dela. Nazioarteko zuzenbidea defendatzen dugu, giza eskubideak eta bakea. Serrak nahiko luke Brasilek AEBen aliatua izan, politika gerrazalearen aldekoa izan, denak mehatxatuko dituena, baina gure asmoa hortik oso urrun dago.

Nazioartea ere zuei begira dago. Zein neurritaraino eragiten du, besteak beste, Amerikan Brasilgo emaitzek?

Asko, izugarri. Eskualdearen norabidea baldintzatzen du. AEBen indarra mugatzeko ezinbesteko gara, eta hori lortu dugu; estatubatuarrak ez diren aliatuak bilatu ditugu, bai Amerikan, baita handik kanpo ere, Asian eta Afrikan batez ere. Berdintasunerako politikak lantzeak eta norabide horretan inguruko herriekin bide bateratua jarraitzeak beldurra ematen die hainbat herriri, baita Latinoamerikan ere, Kolonbian eta Perun kasu. Inori ez zaio ahazten garapen bidean diren herrien artean indartsuenetakoa garela eta asko dagoela jokoan.

Hala ere, nazioartearen errespetua eta onespena lortu du Lulak.

Brasilekiko nazioarteak duen ikuspegia aldatu du Lulak, eta aldaketa horrek lotura zuzena dauka herrialdeko errealitate sozial, politiko eta ekonomikoaren aldaketarekin. Orain, lehen ez bezala, ukaezina da Brasilek hartu duen pisua merkataritzatik hasi eta klima aldaketaraino, finantzetatik bakeraino eta segurtasuneraino. Munduko arazoak beste ikuspegi batetik begiratzeko modua ekarri du Brasilek -beste hainbat herrik ere bai-, eta nazioartean oreka berria lortzeko aukera zabaldu du.

Amazonia ere izan da kritikarako gai; inguruaren industrializazioa bidegabe bultzatu duzuela kritikatu dute.

Amazonasko eraispena gutxitu egin da gure gobernuarekin; ingurumena defendatzen dugula azaltzen du horrek. Orain, ez dugu onartzen herria ezin dela garatu defendatzen dutenen ideia; berdeen kasua da hori, baina batez ere ez dugu onartzen presioa egiten dutenak potentzia suntsitzaileak direnean, eta nahi dutena egiaz gure merkatuak eta gure baliabide naturalak direnean.

Lularen ondorengo agintaldian zer aldatuko da?

Hainbat faktoreren araberakoa izango da aldaketa. Pertsonalki espero dut diru politika aldatzea, azken zortzi urtean oposizio neoliberalari lotua egon den banku bateko presidentea izan baita arduradun -Henrique Meirelles Lulak Cardosoren garaian jarritako presidentea utzi zuen Banku Zentralaren buruzagitzan-.

Zein dohain eta ahulezia nabarmentzen dizkiozue Rousseffi?

Brasildar gehienek botoa Dilmari emango diote, eta, beraz, dohainak ikusten dizkiotelako izango da. Oposizioko gutxiengoak kritikatzen du ezkerrekoa izateagatik eta Lularen gobernuan ministro izateagatik, Langileen Alderdikoa izateagatik.

Hautagaitza aurkeztu zenutenean, PTren barnean ere izan zen aurkaririk. Aldatu da hori?

Prozesu guztietan gertatzen da hori, baina aurkariak baino gehiago, beldurra izaten dela esango nuke. Behin mahai gainean arazo guztiak jarrita, aho batez onartu genuen.

Brasil egoera onean dago, hazkunderako eta itxaropenerako garaia du. Zein izango dira exekutibo berriaren lehentasunak?

Estrategiaren ikuspuntutik, erreforma politikoa eta zergen erreforma izango dira. Hauteskunde kanpainen finantzaketa pribatua amaitzeko ahalegina egingo dugu. Aberatsei zergak oraindik gehiago handitzeko asmoa ere badugu, politika sozialak are gehiago garatzeko, eta bide batez ekoizpena handitzeko.

Galdetzeko une egokiena ez izan arren, Lula 2014rako hautagaitza ziurtatzen ari al da Rousseffekin?

Lau urtean edozer gerta daiteke, baina gaurko egoeratik begiratuta, eta ezustekorik ez badago, Dilma Rousseff izango da gure hautagaia, berriz aurkezteko presidentetzara. Horretan ez dago dudarik, baina aurretik lau urte luze eta interesgarri dauzkagu lan egiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.