Brasilgo epaile batek debekatu egin dio Jair Bolsonaro presidenteari publizitate kanpainak egitea herritarrak lanera itzultzera bultzatzeko. Hainbat eskualdetako gobernadoreek ezinbestekoak ez diren lan jarduera oro eten dituzte, Bolsonaroren iritziaren kontra. Presidenteak, berriz, brasildarrak lanera itzultzea nahi du. Laura Bastos epaileak esan dio ezingo duela kanpainarik egin normaltasunaren alde, Osasun Ministerioaren "agiri teknikoetan" oinarritzen ez bada. Hilabete batean 92 pertsona hil ditu gaitzak Brasilen, eta 3.500 kasu diagnostikatu dituzte.
Izan ere, ustez Brasilgo Gobernuaren bideo ofizial bat zabaldu da sare sozialetan. Horretan, "Brasil ezin da gelditu" lelopean, dei egiten diete merkatariei, autonomoei eta bestelakoei lanera itzultzeko. Gobernuak argudiatu du bideoa "esperimentu" bat zela, eta ez zutela ofizialki onartu.
Eskuin muturreko presidenteak ika-mika handia eragin du aste honetan, hainbat gobernadorek aginduriko erabateko konfinamenduaren kontra hitz egiteagatik. Bolsonarok eskolak zabaltzea nahi du, eta bakarrik adinekoak eta gaixoak konfinatu, Erresuma Batuko lehen ministro Boris Johnsonek hasieran defendatzen zuen antzera. "Herritarren %90entzat, gripetxo bat da asko jota", esan izan du gaitzaz, eta zalantzan jarri du Italiako hildakoen kopurua.