MUNDUA

Brasilen 200 lagunetik gora hil dira bart hegazkin istripu batean

Sao Pauloko aireportuan lur hartzen ari zela pistatik atera da hegazkina, eta hiribide bat zeharkatu ostean eraikin baten aurka jo du. Talkaren ondorioz bi leherketa entzun dira, eta sutea sortu da. Hegazkineko bidaiariak eta eraikinean ziren hainbat lagun hil dira ezbeharrean. Eta hildakoen kopurua 250era iritsi daitekeela uste dute Brasilgo agintariek. Hiru dolu egun deitu dituzte herrialdean.

2007ko uztailaren 18a
18:34
Entzun
Ezbehar larria izan zen atzo arratsaldean –Euskal Herrian bart gauean– Brasilgo Sao Paulo hirian. Porto Alegretik iritsitako TAM konpainiako hegazkin bat pistatik atera zen Congonhas aireportuan, lurreratzen ari zela. Washington Luiz hiribidea gurutzatu eta TAM Express enpresaren eraikin baten aurka talka egin zuen Airbus 320 hegazkinak. Eraikinaren ondoan erregai biltegi bat zegoen. Eta talkaren ondorioz leherketa handia gertatu zen.

Hainbat iturriren arabera, 186 bidaiari zeramatzan hegazkinak istripua izan zuenean. Eraikinaren barruan langile ugari ari zen lanean ordu horretan. Hala, Brasilgo agintarien arabera, istripuan hildako lagunen kopurua 250era irits liteke. Sao Pauloko suhiltzaileen buruak adierazi duenez, "zaila" izango da ezbeharraren lekuan bizirik iraun duen inor topatzea. Izan ere, suaren ondorioz 700ºrainoko tenperaturak izan dira inguruotan. Lekukoen arabera, hegazkina erabat txikituta geratu da talkan izaniko leherketen eta sutearen ondorioz. Inguruko 27 eraikin jendez hustu dituzte.

Azken berrien arabera, dagoeneko 90 bat gorpu atera dituzte istripuaren eremutik. Hasiera batean gorpuak eraikinean zeuden lagunenak zirela uste bazen ere, gehienak hegazkinean zihoazen bidaiarienak direla adierazi dute suhiltzaileek. Ospitalera zaurituta eramandako lau lagun, berriz, hil egin direla jakinarazi du Sao Pauloko Segurtasun Publikorako idazkaritzak jakinarazi duenez. Biktimak erreskatatzeko eta identifikatzeko lanak bost egunez luza litezke. Hainbat bidaiariren senide aireportura bertaratu dira.

Brasilgo presidente Luiz Inacio Lula da Silvak konpromiso guztiak bertan behera utzi ditu eta biktimen senideei elkartasuna agertu die. Ikerketa sakona agindu du gobernuburuak. Halaber, Brasilgo Gobernuak herrialde osoan hiru egunerako dolua deitu du, eta ez du baztertzen hirigunean kokatutako aireportuaren itxiera. Oposizioak, berriz, ikerketa sakona egiteko exijitu dio Lula da Silvari.

Herrialde osoan trafiko gehien duen aireportua da Congonhasekoa. Brasil barruko hirien arteko bidaietarako erabiltzen da aireportua, eta 15 milioi bidaiari igarotzen dira bertatik urtean. Azken hegazkin istripu larria iazko irailean gertatu zen Brasilen. GOL konpainiako Boeing bat Amazonasen erori zen, eta 154 lagun zendu ziren.

Zalantzak aireportuaren baldintzen inguruan

Nahasmena eta zalantzak nagusitu dira istripuaren arrazoien inguruan. Congonhas aireportuaren baldintzen gainean mintzatu dira hainbat iturri, eta giza akatsaren aukera aipatu dute beste hainbatek. Efe agentziak agintarien eta lekukoen testigantzak aipatuz azaldu duenez, hegazkinak lurreratze pista ukitu zuen, baina muga pasa eta segurtasun hesia gailendu zuen, eraikinaren aurka talka eginez. Iturri ofizialak aipatuz agentziak gaineratu duenez, hegazkina gehiegizko abiaduran zihoan eta, lurra ukitu zuenean, berriro ere aireratzen saiatu zuen, baina gertaera hori baieztatzeke dago oraindik. Gobernuko hainbat ordezkarik giza akatsaren aukera aipatu dute, halaber.

Bestetik, aireportuaren egokitasuna zalantzan jarri dute beste hainbatek. Albiste agentzien arabera, hainbat pilotuk salatua zuten pistak ez zituela segurtasun neurriak betetzen. Horien artean, euri asko egiten duenean ura bideratzeko artekak izatearena legoke. Atzo bertan, beste hegazkin batek egin zuen irrist pista berean, kalterik jasan gabe. Brasilgo agintariek ikerketa bana abiatu dute: bata, istripuaren arrazoiak argitzeko eta, bestea, pistaren egoeraren inguruan. Izan ere, iaz epaile batek pista istea agindu zuen, euria egitean zuen segurtasun ezagatik, eta erreformak egin dituzte bertan azken urtean. Berriro ireki zenean, segurtasunari buruzko arau tekniko eta legezko guztiak betetzen ote zituen aztertuko dute orain.

Bestetik, hegazkinaren kutxa beltzetako bat eguerdian topatu dute ikerlariek, eta ikusteke dago zein informazio lortzen duen haren azterketatik. Airbus konpainiak, bere aldetik, bost espezialista bidali ditu Sao Pauloko aireportura, ikerketetan laguntzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.