Brasilgo Gobernuaren aliantzako PR alderdia oposiziora igaro da

Koalizioko hamar ministro kargutik kendu ditu Dilma Rousseff presidenteak, desadostasunengatik

Erredakzioa
2012ko martxoaren 16a
00:00
Entzun
Dilma Rousseff presidenteak arazoak ditu Brasilgo Gobernua osatzen duten koalizioko alderdikideekin, besteak beste, bere proposamenen aurka egin dutelako. Atzo, PR Errepublikako Alderdi eskuindarreko zazpi senatarik gobernuaren aliantza utziko dutela iragarri zuten, eta erabaki hori PMDB Brasilgo Demokraziaren Mugimenduaren Alderdiko senatarien eta kongresisten bozeramaileak aldatu ostean etorri da. Denera, hamar ministroren kargugabetzeari edo dimisioari egin behar izan dio aurre presidenteak legegintzaldian.

PR alderdiarekin desadostasunak alderdi kontserbadoreari Garraio Ministerioa kendu zionean hasi zen. Ustelkeria zela eta, PRko buru Alfredo Nascimentori ministerioa kendu zion, eta alderdiari loturik zeuden 200 lagun ere kendu zituen Rousseffek.

Horrez gainera, Senatuko eta Ordezkarien Ganberako bozeramaileak kendu ditu, PMDB alderdikoak biak, presidenteak aurkeztutako hainbat proposamenen kontra egiteagatik. Alderdi bereko bi kidek ordezkatu ditu aurrekoak, baina Rousseffen konfiantzazkoak. PMDB arerioa du PT Langileen Alderdiak, eta, aurten udal bozak direla eta, gauzak zail jartzen ari zaizkio.

Militarren lehen epaiketa

Diktaduran egindako delituengatik (1964-1985) lehen prozesu penala abiatuko da Brasilen. Sebastiao Curio komandante erretiratuaren kontra aurkeztuko dute salaketa, Araguaia gerrillako bost ekintzaile bahitzeagatik 1976an. Gerrilla horren kontra egin zuen buruzagi militarretako bat izan zen Curio. Brasilen militarrak babesten dituen amnistia legetik salbuetsi dute kasua, bahituak ez direlako agertu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.