Brasilgo justiziak Lularen ministro ohi bat zigortu du, ustelkeria egotzita

Presidente ohiaren laguntzaile nagusia zen Jose Dirceu; diru desbideratze kasu batean epaitu dute

2012ko urriaren 11
00:00
Entzun
Kolpe latza jaso du Brasilgo PT Langileen Alderdiak Auzitegi Gorenak emandako epaiarekin. Jose Dirceu Errepublikaren Presidentetzako Bulegoko burua zigortu du, frogatutzat jo baitu ustelkeria kasu baten arduradunetariko bat izan dela. Luiz Inacio da Silva, Lula presidente ohiak gobernatu zuen bitartean, haren hurbileneko laguntzaile izan zen. Auzitegi Gorena osatzen duten 11 epaileetariko zortzi, gainera, Lulak berak izendatutakoak dira.

Prozesua aurtengo abuztuaren hasieran hasi zen, eta 38 akusatuetariko hiru Lularen garaiko ministro ohiak dira, enpresari eta maila apalagoko politikariez gain. Garrantzi berezia dauka, ordea, Dirceuren aurkako epaia eman izanak, PTkoerreferentzia nagusienetarikoa izan baita 1980. urtean sortu zuenetik, beste kide batzuekin batera. Bere errugabetasuna aldarrikatu du beti.

Epaitutako ekintzek 2005. urtean daukate jatorria. Brasilgo aldizkari batek azaleratu zuen kasua, 2003an. PT gobernura iritsi zenean, hainbat erreforma garrantzitsu aurrera atera ahal izateko beste lau alderditako kideei dirua helarazi izana egotzi zien aldizkariak Dirceu eta gainerakoei, eta bi urte geroago kasua hasi zuten. Esanguratsua da, era berean, Brasilgo diputatuen %25a ikertudituztela edo ikertzen ari direla ustelkeria kasuak direla medio.

Ezkerrak, epaia «iraintzat»

Elkartasuna adierazi diote Brasilgo hainbat alderdi eta eragile ezkertiarrek Dirceuri. Jose Reinaldo Carvalho, PCdoB Brasilgo Alderdi Komunistako komunikazio arduradunak «oso larria» dela adierazi du, eta urriaren 9a «nazio irainaren egun gisa» pasatuko dela historiara gaineratu.

Antzera mintzatu da diputatuen ganberako PTren taldeko burua, Jilmar Tatto: «Izugarrizko bidegabekeria» dela adierazi du, nahiz eta «momentu triste honetan, epaia onartu» besterik ezin egin duten. Gizarte eta kultura alorreko hainbat pertsona ezagunek ere adierazi diote elkartasuna Dirceu ministro ohiari.

Epaitutako 38 lagunetatik 25 erruduntzat joak izan dituzte. Lula 2002. urtean boterera iritsi zenean, ustelkeriaren aurka jotzea izan zen PT alderdiak aldarrikatu zuen ekimen garrantzitsuenetarikoa. Baina prozesu horretan, Jose Dirceuz gain, PTko lehendakari ohi eta Defentsa ministerioko aholkulari Jose Genoino eta Delubio Soares alderdiko diruzain ohia ere erruduntzat jo dituzte. Marco Aurelio Mello epailea ere mintzatu da eman duten epaiaren inguruan: ezin sinetsi omen daiteke «Delubio Soaresek 150 milioi erreal (58 milioi euro)bideratu izana PTko presidenteak eta ministro boteretsuenak ezer jakin gabe». Soares ustelkeria kasu osoaren arduradun bakar gisa aurkeztu da prozesuan.

Ibilbide politiko luzea dauka Dirceuk: ikasle mugimenduaren buru 60ko hamarkadan, deportatu egin zuten, ihesean ere ibili zen Kuban, eta, gerora, aurpegia aldatu behar izan zuen, ebakuntzen bidez, eta 70eko hamarkadaren bukaeran modu klandestinoanitzuli zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.